LABORAL Kutxa-Fundacion Euskadi taldea lehen aldiz lehiatuko da Italiako Giroan. Ion Lazkanok eta Peio Goikoetxeak zuzentzen duten taldea Women's World Tour mailako lasterketan arituko da uztailaren 7tik 14ra. RCS Sportek, lasterketaren antolatzaileak, gaur iragarri dituen gonbidapenetako bat jaso du euskal taldeak.
Gonbidapen horrek beste mugarri bat ezarri du Euskadi Fundazioaren emakumeen egituraren gorakadan. Laboral Kutxaren nazioarteko ospea gero eta handiagoa da, eta Italiako Giroarekin 2024an hirugarren itzuli handia egingo du. Izan ere, Espainiako Vueltan aritu zen maiatzean, eta Frantziako Tourraren gonbidapena ere jaso du, abuztuaren 12tik 18ra bitartean jokatzeko.
💜 #LaboralKutxaTeam#GiroItaliaWomen
— LABORALKutxaTeam (@LABORALkTeam) June 7, 2024
🤗 ¡Nos vamos al @girowomen! Será nuestra primera participación en la ronda italiana.
🤗 #GiroWomen-era goaz! Gure lehen partaidetza izango da Italiako lasterketan.
💜 Grazie mille, @girowomen 💜 pic.twitter.com/1kIIrvrKZ4
Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduradunak adierazpenak egin ditu albistea jakin berritan: «Italiako Giroaren irteeran egotea sekulako albistea da, eta poz handiz hartu dugu. Gure ibilbidea eta urtero egiten ditugun urratsak ziurtatzen dituen gonbidapena da, eta denboraldi hasierako sari bat. Indarrez eta pozez betetzen gaitu. Munduko txirrindularirik onenak lehiatuko dira bertan, eta, horregatik, gure helburuak ondo zehaztu beharko ditugu, eta lasterketa ondo prestatu. Ilusiorik ez zaigu faltako irteeran, eta indartsuak eta protagonistak izatea espero dugu».
Ane Santesteban txirrindulariak ere pozez hartu du albistea: «Giroa egutegiko lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Nire helburuetako bat izan da azken urteetan, nire ezaugarrietara oso ondo egokitzen baita lasterketa, eta, gainera, Italian lehiatzea oso gustuko dut, tifosiek inguratuta. Aurten Laboral Kutxa taldearekin aritzea beste amets bat betetzea da, taldearekin urratsak egiten jarraitzea, eta, beraz, oso bide onetik goaz. Probak merezi duen bezala prestatzea espero dugu, eta beste urtebetez lehian egotea».