Laboral Kutxa eta Bilbo Basket, kopara gerturatzeko asmoz

Gasteizko taldea bolada txarra eteten saiatuko da gaur Teneriferen aurka, etxean; Bilbokoak Murtzian jokatuko du

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ACB ligako 12. jardunaldia oso- osorik jokatuko da gaur, eta Laboral Kutxak eta Bilbo Basketek irabazi beharreko partidak jokatuko dituzte, Espainiako Kopan sartzeko lehian bizirik jarraitzeko. Laboral Kutxak Tenerife hartuko du etxean (20:30), Bilbo Basketek, berriz, Murtziaren pistan jokatuko du (19:30, ETB1).

Laboral Kutxak dirudien baino partida garrantzitsuagoa du. Euroligan fin jardun duen arren,ACB ligan herrenka dabil. Azken hiru partidak galdu egin ditu, eta koparako postuetatik kanpo dago. Oraindik, halere, ez da beranduegi, eta erreakzionatzen hasteko aukera aproposa du gaur. Batetik, Tenerife aurretik duen taldea delako, garaipen bat gehiagorekin, eta irabazita, hura harrapatuko lukeelako. Bestetik, Euroligako jardunaldirik gabe, ia aste osoa izan duelako partida buru-belarri prestatzeko. Sergio Scariolok ez du inor falta deialdian.

Bilbo Basket, aldiz, behetik gora doa. Ligako azken lau partidak irabazi egin ditu, eta ia ezustean dago kopara begira. Laboral Kutxaren aurkako derbia irabazi zuen iragan astean eta moralez lepo abiatu da Murtziara. Aurkariak lau garaipen lortu ditu, eta teorian ez da Bilbo Basket baino hobea, baina etxean meritu handiko emaitzak lortu ditu. Rafa Pueyok jokalari guztiak erabili ahal izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.