Laboral Kutxa beste koska bat igotzeko bidean da

Laboral Kutxak uzta oparoa lortu El Salvadorren, eta Pro Team mailako talderik onenetan bigarrena da orain. Postu horri eustea beste urrats bat litzateke proiektuarentzat. «Gure ziklista guztiek World Tour maila dute», esan du Peio Goikoetxea zuzendariak.

Usoa Ostolaza, El Salvadorren lortutako garaipenetako bat ospatzen. LABORAL KUTXA
Usoa Ostolaza, El Salvadorren lortutako garaipenetako bat ospatzen. LABORAL KUTXA
enaut agirrebengoa
2025eko apirilaren 22a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Munta handiko hilabetea datorkio Laboral Kutxari. Goren mailako proba asko jokatuko ditu etenik gabe: aste honetan Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan izango da, eta, ondoren, besteak beste, Espainiako Vueltan, Euskal Herriko Itzulian eta Burgosko Itzulian. Lasai eta konfiantzaz iritsiko da, «aurrez etxeko lanak eginda». Hala azaldu du Peio Goikoetxea kirol zuzendariak (Ermua, Bizkaia, 1992). Apiril hasieran El Salvadorren lortutako emaitzak izan dira gakoa. «Talde dinamika indartzeko eta estrategia lantzeko aukera izan genuen hango lasterketetan, eta puntu dezente sartu genuen poltsikoan. Errepikatzeko moduko esperientzia izan da».

Laboral Kutxak bost probatan parte hartu zuen Erdialdeko Amerikako herrialdean, eta hiru garaipen lortu zituen guztira. Horietatik bik Usoa Ostolazaren sinadura izan zuten, lau egunez lehiatutako itzulian —bigarren izan zen sailkapen nagusian—. Laura Tomasi, berriz, klasiko batean gailendu zen. Halaber, bigarren postuan lau bider izan ziren Laboral Kutxako txirrindulariak. Hots, etekin handia atera zioten bidaiari, Goikoetxearen esanetan. «Aste eta erdian 700 puntu baino gehiago lortu ditugu. Pentsa: iaz, urte osoan, 3.000 batu genituen. Oso uzta ona izan da».

Berriki pilaturiko puntuei esker, taldeak gora egin du UCIren sailkapenean. Datozen hiru urteetan World Tourrean egoteko ametsa du, baina oso zaila izango da hamabost onenen artean tokia egitea. Lizentziak azken bi urteetan lortutako puntuen arabera banatuko dira, eta Laboral Kutxa hemezortzigarren dago gaur-gaurkoz, 4.193,3 punturekin; hau da, AG Insurance Soudal hamabosgarrenak baino ia 1.600 puntu gutxiago ditu. Errealista da Goikoetxea. «Zaila izango da ziklo honetan lizentzia lortzea. Talde berria gara, eta munduko onenen aurka ari gara lehiatzen. Hori bai, Laboral Kutxak helburu handiak jarri zituen orain dela urte batzuk, eta eutsi egiten diogu asmoari».

Gorenera bidean, erdibideko urrats bat egin dezakete aurten: Pro Team mailako bi talderik onenen artean sartzea, hartara datorren urtean proba nagusietako gonbidapena ziurtaturik izateko. Kasu horretan, urte bakoitzeko puntuak hartzen dira kontuan. Bada, Laboral Kutxa hamaseigarren dago sailkapen orokorrean, eta bigarren Pro Team taldeen artean, sasoia hasi zenetik 1.245 puntu bilduta. Iaz ere Bigarren Mailako talderik indartsuenetako bat izan zen Laboral Kutxa, baina Education First eta Herbehereetako Volker Wessels izan zituen gainetik. Orain, ordea, soilik Education First ahaltsuak du postu hobea UCIren sailkapenean —seigarren dago, 2.686 punturekin—.

Pro Team mailan goi-goian egoteari balio sinbolikoa ematen dio, batik bat, Goikoetxeak. Ez du uste gonbidapen automatikoak lortuta gauzak asko aldatuko liratekeenik. «Nola lan egiten dugun eta zer emaitza lortzen ditugun ikusita, antolatzaileek beren lasterketetan nahi gaituzte. Nahiko bideratuak ditugu gonbidapen guztiak». Adibidez, aurten Frantziako Tourrean izango dira, bigarren urtez jarraian. «Iaz emandako maila ikusita, gonbidapenak ez gaitu ezustean harrapatu. Tourra oso lasterketa berezia da: ziklista guztiek nahi dute bertan egon, eta, haien artean sortzen den lehiaren ondorioz, hobetu egiten dute urtetik urtera».

Peio Goikoetxea
Peio Goikoetxea Laboral Kutxako kirol zuzendaria. MAIALEN ANDRES / FOKU

«Azpiegitura eta esperientzia aldetik, badugu zer hobetu. Talde berria da gurea, eta puzzlea pixkanaka ari gara osatzen» PEIO GOIKOETXEALaboral Kutxako kirol zuzendaria

Itzuli handietan zeresan are handiagoa eman lezake aurten Laboral Kutxak, betiere Ane Santestebanek bere mailarik onena ematen badu. «Lehen gozatzen zuen bezala gozatzea nahi dugu. Gaixotasuna kontrolpean du, eta lasai eta gogotsu ikusten dut». Usoa Ostolazak, ordea, ez omen du mugarik. «Iaz munduko onenekin ibili zen lehian, eta, aurten esperientzia handiagoa duenez, punta-puntan jarraitzea espero dugu».

Nolanahi ere, talde osoaren maila da, batez ere, Goikoetxea harro sentiarazten duena. «Gure ziklista guztiek World Tour maila dute, eta asko ari dira hobetzen. Berdin zait zer txirrindulari aukeratu lasterketetarako, denak baitabiltza ondo. Horrek indar handia ematen dio taldeari». Datu batek ondo laburtzen du Goikoetxeak esanikoa: taldea hamalau ziklistak osatzen dute, eta horietatik zazpi bost onenen artean izan dira gutxienez lasterketa batean. Kirol maila geroz eta hobea izanik, zer falta zaio Laboral Kutxari eliteko taldea izateko? «Azpiegitura eta esperientzia aldetik, badugu zer hobetu. Talde berria da gurea, eta puzzlea pixkanaka ari gara osatzen».

Berehalako trantsizioa

Goikoetxea 2023ko urriaren 5ean lehiatu zen azkenekoz ziklista profesional gisa, Paris-Bourges klasikoan. Bada, Euskaltelen maillota erantzi eta berehala jaso zuen Laboral Kutxaren deia. «Txirrindulari aroa bukatu eta hurrengo asteburuan denboraldiaurreko egonaldian nintzen jada. Egia esan, txirrindulariek oso erraz jarri didate dena. Hasieratik, konfiantza handia izan dute nigan. Oso eskertua natzaie». Batez ere, etxeko ziklista gazteen babesa nabarmendu du. «Naia [Amondarain], Idoia [Eraso] eta Eneritzekin [Vadillo] lan egitea oso atsegina da. Asko babesten naute, eta oso lagungarria zait hori».

Bi urtez langabezian egotea zen Goikoetxearen hasierako asmoa. «Furgoneta jada erosia nuen, familiarekin lasai ibiltzeko». Ordea, planak aldarazi zizkion Laboral Kutxaren eskaintzak. «Uste izan nuen, orain uste dudan bezala, banuela txirrindulariei zer irakatsi eta zer eskaini. Horregatik ekin nion abentura honi». Euskaltelen sei urtez aritu zen, baina, oraingoz, nahiago du zuzendari gisa emakumeen ziklismoan jarraitu. «Sentipena dut hemen gehiago dudala eskaintzeko. Oraindik gaztea naiz, eta Euskaltelen, agian, zailagoa litzaidake errespetua lortzea, nahiz eta beti sentitu naizen errespetatua bertan». Euskaltelen gaur egungo egoeraz galdetuta, «norabidea aurkitu nahian» dakusa taldea. Laboral Kutxa, ordea, gailurrerantz doa, eta beste koska bat igotzeko bidean da aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.