Denbora kontua izango da, baina pixka bat gehiago itxaron beharko du Laboral Kutxa Baskoniak. Herenegun Bartzelona mendean hartu eta Euroligako Top 16ko zortzigarren garaipena pilatuta, gasteiztarrek atzo zeukaten lehen aukera pausoa emateko. Samur antzekoa ematen zuen lortu beharrekoak, CSKA Mosku liderrak Bamberg mendean hartuz gero, Europako zortzi talde onenen artean egongo zirelako arabarrak. Baina errusiarrek huts egin zuten Alemanian: 91-83.
Lehen aukerak ihes eginda, gaur beste partida bat zaindu beharko du Laboral Kutxa Baskoniak: Olympiakos-Real Madril. Bitxia bada ere, madrildarren alde egongo dira gasteiztar gehienak, Olympiakosek galduz gero final-laurdenetan sartuko delako Velimir Perasovicen taldea. Gaur-gaurkoz, bost garaipen eta sei porrotekin daude greziarrak, eta sei garaipen eta bost porrotekin espainiarrak. Gaurko emaitzen arabera, litekeena da F multzoan bost talde seina garaipenekin berdinduta egotea. Zortzirekin, erabat aldekoa izango luke egoera Laboral Kutxa Baskoniak.
Gasteiztarrek Fabien Causeur gabe hartu zuten mendean herenegun Bartzelona, eta, Euroligako kontuak ahaztu eta ligari begira jarrita, hala egin beharko diote aurre etziko erronkari ere, frantziarrak ezingo duelako jokatu Kanaria Handiaren aurka (12:30). Joko-antolatzaileari ez zaio osatu zeukan lesioa, eta arabarrek Planinic sartu dute jokalarien zerrendan ACB ligako 25. jardunaldirako.
Laboral Kutxa Baskonia gaur sar daiteke Euroligako final-laurdenetan
CSKAk atzo Bambergen aurka galduta, Real Madrilek gaur Olympiakosi irabaziz gero, zortzi onenen artean izango dira gasteiztarrak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu