Kutsu berezia duen dema

Bi sasoi pasatu eta gero, Getxok eta Ordiziak derbia jokatuko dute bihar, Faduran. Juan Carlos Bado eta Iñigo Marotias entrenatzaileek «errespetua» diote elkarri.

Getxok eta Ampo Ordiziak elkarren aurka jokatu zuten azken norgehiagoka, Faduran, 2017-2018 denboraldian. AINHOA MURIEL.
Mikel O. Iribar.
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Partida denek puntu balio bera dute, baina herrikideari irabazteak balio hori are handiagoa izatea dakar. Derbiak beti izaten dira derbiak. Hala sentitzen dute Iñigo Marotias (Ordizia, Gipuzkoa, 1989) Ampo Ordiziako eta Juan Carlos Bado (Montevideo, 1973) Getxoko entrenatzaileek ere. Espainiako gorengo mailan, 2017-2018 denboraldian neurtu zituzten indarrak azkenekoz, eta gipuzkoarrak nagusitu ziren partida estu hartan Faduran: 28-38. Bi urtez Ohorezko Mailari behetik gora begiratu ostean, bizkaitarrak aurreko sasoian igo ziren. Bada, Getxok eta Ampo Ordiziak bihar jokatuko dute elkarren aurka, eta azkeneko aldian egin bezala, Faduran ariko dira (16:00).

Ikuslerik gabeko derbia izango den arren, biek argi dute kutsu «berezia» duen dema izango dela. Marotiasek, esaterako, jokalari gisa partida mordoxka jokatu zituen Getxoren aurka; orain, ordea, taldearen lemazaina da. «Beti da polita inguruko bi talde maila gorenean lehiatzen ikustea». Badok ere barrutik bizi ditu derbiak, jaiotzez uruguaitarra bada ere. «Euskal Herrira iritsi nintzenean, segituan ohartu nintzen herrikideen arteko neurketak beste modu batera bizi dituztela». Ordizian saiatzen dira jokalari atzerritarrei ere derbiak duen balioa transmititzen. Marotias urrunago joan da: «Ez da bereziki bilatzen dugun zerbait; naturalki ateratzen da. Euskal taldeen oinarria euskalduna denez, nabaritzen da hori».

Ordiziako prestatzaileak oraina iraganarekin egin du alderaketa: «Orain dela lau denboraldi, lau euskal talde geunden maila nagusian [Ampo Ordizia, Getxo, Hernani eta Bizkaia Gernika] eta, zoritxarrez, orain, bi gaude. Zalantzarik gabe, berri txarra da hori». Horren arrazoia badaki zein den Badok. «Urte haietan, talde askok ez zuten oinarri sendorik izan, eta atzerritarrak eduki ezean, zaila zuten mailari eustea. Harrobiko lan handiagoa egiten da egun; bestela, ekonomiaren menpe zaude».

Gorabeherak gorabehera, biharko eguna iristeko «gogoz» eta «ilusioz» daude, baita Gabonen aurreko azken neurketa jokatzeko ere. Bi entrenatzaileek ez dute elkar ezagutzeko aukerarikizan, baina elkarri loreak botatzeko tartea ez dute galdu. Marotias: «Azken sasoian igo egin ziren, eta lan oso ona egiten ari da». Bado: «Goi mailako marra horretan irauteak meritua du. Iñigo zoriondu nahi dut, eta jarrai dezala horrela».

Sailkapenari erreparatuta, Ampo Ordizia koska bat gorago dago Getxo baino: gipuzkoarrak seigarren dira, hamalau punturekin; bizkaitarrak, berriz, hamargarren, 11 puntu gutxiagorekin eta jaisteko postuetatik puntu bakarrera. Badok ez dauka zalantzarik gipuzkoarrak direla faborito. «Ligako talderik onenetakoa da. Beraz, umil-umil jokatuko dugu haien aurka, baina ez diogu inori beldurrik. Daukagun guztia emango dugu zelaian». Marotiasek, ostera, ez dio sailkapeneko ordenari begiratu nahi. «Denboraldi honetan partida guztiak irabazteko asmoarekin irteten gara zelaira». Baina ondorengo abisua bota du: «Edozein taldek aurkariari errespetua galtzen badio eta duen guztia ez badu ematen, partida gal dezake». Badakite zer egin behar duten: «Intentsitate handiz jokatu».

Partida aurreko egunetan aurkariaren dohainak eta indarguneak aztertzea ohiko eta beharrezko lana izaten da entrenatzailearentzat. Badok «talde orekari» pisua eman dio ordiziarren bertuteez mintzatzeko orduan: «Fisikoak eta indartsuak dira, eta taldearen bizkarrezurra oso sendoa dute. Horrez gain, jokalari atzerritarrek taldeari beste bultzada bat ematen diote». Marotiasek, berriz, Getxoren lehenbiziko lerroan jarri du arretarik handiena. «Aurreko lerro oso indartsua dute, eta hiru laurdenak ere oso azkar mugitzen dira. Horrez gain, uztartze zein geldikako faseetan eta alboko sakeetan ondo moldatzen dira».

Aldarte ezberdinean

Norgehiagoka «irekia» eta «dinamikoa» izango den traza hartu diote biek. Alta, aldagai bat konutan hartu beharko dute: eguraldiarena. Euria eta haize bolada zakarra daude iragarrita bihar arratsalderako. Bi prestatzaileen arabera, zelaia bustita egonda, lehia «taktikoagoa» bihurtzen da, eta akatsak egiten dituen taldeak «larrutik» gehiago ordainduko duela gehitu du Badok. Marotiasek defentsa arloari azpimarra berezia egin dio. «Gure eskuetan dagoen erabakietan okerrik ez baditugu egiten, iruditzen zait hor egon daitekeela partidaren gakoa».

Getxo eta Ampo Ordizia txanponaren alde banatan helduko dira derbira. Etxekoek gorengo mailan irabaztea zer den ez dakite oraindik. Badok «kezkati» dagoela ez du ezkutatu: «Joko onaren irudia erakusten dugun arren, asko kostatzen ari zaigu irabaztea; garesti dago. Lanean serio segitu behar dugu». Bestelako aldartean dira ordiziarrak. Jokatu dituzten bost partidetatik hiru irabazi dituzte. Marotias «gustura» azaldu den arren, ñabardura txiki bat egin du: «Tamalez, etxetik kanpoko bi partidetan, garaipenek azken momentuan ihes egin dizkigute. Halere, jokalariek zelaian dena ematen dutenean ezer gutxi dago gehiago eskatzeko, ezta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.