Kukullaga kinka larrian dagoela jokatuko du gaur Zuazoren aurkako derbia

Bizkaiko bi taldeak Etxebarrin neurtuko dituzte indarrak (18:00); Bera Berak Valentzia hartuko du (18:00)

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Kukullagak eta Zuazok Bizkaiko derbia jokatuko dute gaur Etxebarriko kiroldegian (18:00). Etxekoak kinka larrian iritsi dira derbira, jaitsiera postuetan baitaude eta azken partidetako bolada ez baita ona. Zuazoren egoera hobea da —9. da sailkapenean—, baina galduz gero asko oker daiteke, bost punturen aldea baitu Kukullagarekiko. Bera Berak, berriz, etxean jokatuko du Ohorezko Mailako 18. jardunaldiko partida, Valentziaren aurka.

Kukullaga eta Zuazoren arteko derbiak beroak izaten dira, eta gaurkoak tentsio handiko lehia izateko itxura du. Etxekoentzat partida garrantzitsua da, bolada txarrean baitaude. Azken hamar partidetatik bakarra irabazi dute, hori bai, etxean jokaturiko azkena izan zen, eta Mecalia Guardes laugarren sailkatuari irabazi zioten. Zuazok ere azken bi partidak galdu ditu, baina aurretik pilaturiko puntuek lasaitasuna eman zioten. Lehen itzulian Barakaldokoek irabazi zuten derbia 25-21, baita iragan sasoian jokaturiko biak ere. Bera Berari dagokionez, Canyamelar Valencia zortzigarren sailkatua hartuko du, eta ezin du hutsik egin lehen postuari eusteko. Lehen itzulian Donostiako taldeak 22-31 irabazi zuen.

Bidasoak, Gijonen aurka

Bidasoak etxean jokatuko du gaur, Gijonen aurka, Asobal ligako 20. jardunaldiko partida (19:00). Irungo taldea sailkapeneko putzuan dago, eta azken bi partidak galdu ondoren larritu egin da bere egoera. Salbazioa lau puntura du orain, eta errenta hori murriztu ahal izateko nola edo hala lotu behar ditu etxeko puntuak. Gijonen aurkako partida aukera ona izan daiteke, aurkaria ez baita ligako talde handietako bat.

Bidasoak badaki zuzendu beharrekoa defentsa dela, azken bi partidetan hogeita hamarna gol jaso ditu, eta hala ezinezkoa da irabaztea. Lehen itzuliko partidan ere erraztasun asko eman zizkion Gijoni, eta 31-23 galdu zuen. Alejandro Costoya zaindu beharko du bereziki, ligako golegile onenetan bigarrena Gijonen jokatzen baitu. Anaitasunak bihar jokatuko du, Port Sagunten aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.