FUTBOLA. Realak bere historian lehendabizikoz Japoniako jokalari bat izango du taldean, 2027ra arte: Takefusa Kubo. Klubak atzo egin zuen ofizial 21 urteko jokalariaren fitxaketa, eta atzo bertan aurkeztu zuen, Donostiako Miramar jauregian. Kubo elastiko txuri-urdina soinean zeramala azaldu zen argazkilarien aurrean, hamalau zenbakiarekin, Jokin Aperribai presidentea eta Roberto Olabe kirol zuzendaria alboan zituela.
Jarraian, Kubok lehen agerraldia egin zuen, Anoetan. Loreak bota zizkion klub txuri-urdinari: «Reala nire joko estilorako talderik egokiena da; perfektua da. Anbizio handia duen talde gazte batera heldu naiz. Oso pozik nago, eta ezin dut gehiago eskatu».
Zer postutan jokatu nahiko lukeen galdetuta, erantzun hau bota zuen japoniarrak: «Neure burua eskuin hegalean edota erdi-puntan ikusten dut. Dena den, entrenatzaileak [Imanol Alguacilek] esaten didan postuan jokatuko dut». Soropil berdea zapaltzeko irrikan da: «Nire bertsiorik onena azaleratu, eta zelaian hitz egin nahi dut».
Real Madrilek 2019ko udan fitxatu zuen jokalari gaztea, baina azken hiru denboraldietan hiru taldetan aritu da, utzita: Mallorcan, Vila-realen eta Getafen. Zenbait iturriren arabera, Realak Kuboren eskubideen %50 erosi dizkio Real Madrili, sei milioi euro ingururen truke.
Kubo: «Reala nire jokorako talderik egokiena da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu