Pilotak urte osoan duen egunik handiena ate joka da, datorren igandean jokatuko baitute buruz buruko finala Jokin Altunak eta Unai Lasok, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Giro berezia suma daiteke dagoeneko Amezketan (Gipuzkoa), Altuna III.aren herrian, ia beste konturik ez baita herritarren ahotan. Haur askok daramate haren kamiseta soinean, eta egun handirako prest daude guztiak. Finaletan ohiko bilakatu zaie jada herriko semearen presentzia, igandekoa izango baitu hamabosgarren finala bere profesional ibilbidean.
Lehen eguneko ilusio berarekin dira Altuna III.aren lagunak. Kuadrillako lau lagun bildu ditu BERRIAk, pilotaria hobeto ezagutu nahian: Xabier Labaien, Beñat Beloki, Alex Artola eta Unai Eizmendi. Ezeren gainetik, zera nabarmendu dute laurek: zinez estimatzen dutela urte hauetan Altuna III.a batere aldatu ez izana. «Betiko pertsona bera da, eta oinak lurrean ditu», nabarmendu du Eizmendik.
«Oro har, kirol guztietan zen ona: futbolean, palan… Erremontea hartzen zuenean ere, soilik hark maneiatzen zuen nahi bezala».
UNAI EIZMENDIJokin Altunaren laguna
Adin tarte ezberdinetakoak izaki, lagun bakoitzak bere erara ezagutu du Altuna III.a. Labaienek gogoan ditu haren txikitako irudiak. «Pilota patrikan edota eskuetan zuela ibiltzen zen beti. Ama frontoiaren ondoan aritzen zen piano eskolak ematen, eta Jokinek ez zuen denbora alferrik galtzen. Izugarri gustatzen zitzaion pilotan aritzea. Jaio zenetik bere bizitza eredua izan da pilota». Uste berekoa da Artola. «Elkarren alboan bizi ginen, eta askotan joaten ginen elkarrekin frontoira. Guztiok haren itzalpean geratzen ginen pilotan hastean».
Eizmendik bikotea osatzen zuen Altuna III.arekin. «Oro har, kirol guztietan zen ona: futbolean, palan… Erremontea hartzen zuenean ere, soilik hark maneiatzen zuen nahi bezala. Eskolan ere soinketa zuen ikasgairik gustukoena. Ingelesarekin baino hobeto moldatzen zen». Belokiri, berriz, Altuna III.aren aurkari izatea egokitu zitzaion behin baino gehiagotan: «Inork ez zuen jokatu nahi izaten haren kontra. Zaharragoen aurka aritzen zen askotan, eta gutxitan galtzen zuen».
«Jokinen inguruan ibiltzeak zoriontasuna ematen digu, eta, gainera, berak ondo portatzen ere badaki».
XABIER LABAIENJokin Altunaren laguna
Betidanik irabazle izaera izan duela azaldu du Artolak. «Galtzea ez zitzaion batere gustatzen. Galtze txarrekoa zen. Gaur egun, kartetan ere arratsalde askotan aritzen gara, eta irabazi egin nahi izaten du beti». Eizmendiren esanetan, izaera horrek bultzatu du hain pilotari osoa izatera. «Galtzen ere jakin behar da, eta Jokinek badaki, baina irabazteko grina horri esker bilakatu da hain kirolari ona».
Belokiren esanetan, gainera, badaki izaera hori pilota eskolako ikasleei transmititzen. «Jokin eta bion artean eramaten dugu Amezketako Zazpi Iturri pilota eskola. Xalton Zabalak urteetan egindako lanari jarraipena eman behar zitzaiola uste zuen Jokinek, eta hark bultzatu ninduen berarekin batera eskolaren ardura hartzera. Pilota hain barrutik bizi duenez, oso gustura eta maiz aritzen da haurrekin lanean. Esaten du deskonektatu egiten duela. Dakien apurra erakusten saiatzen omen da».
Eizmendiren esanetan, frontoian erosoago sentitzen da parrandan baino. «16 bat urterekin, oso parrandazalea zen Jokin, baina profesionaletara igaro zenetik izugarri formal ibiltzen da». Parrandetan haren laguna izatea ez dela hain erosoa dio Belokik. «Jende mordoa inguratzen zaio, argazkiak eskatzera eta abar. Eskertzekoa da hori, baina Jokinentzat zaila da bere espazioa topatzea. Halere, ez da alferrik galtzen, hemendik kanpora irteten baita parranda ona egin nahi duenean. Amezketan bertan ere gustura ibiltzen da. Final ondorenetako parrandak ederrak izan ohi dira». Baina ordu txikietan soilik ez: gainerakoan ere jendeak gustuko omen du Altuna III.arekin hitz batzuk egitea. «Aitona-amonek miresmenez begiratzen diote, eta Jokini berari ere gustatzen zaio haiekin hitz batzuk egitea. Horretarako, pertsona zoragarria da», esan du Labaienek.
«Pilota hain barrutik bizi duenez, oso gustura eta maiz aritzen da haurrekin lanean. Dakien ‘apurra’ erakusten saiatzen omen da».
BEÑAT BELOKI Jokin Altunaren laguna
Gastua ez, «inbertsioa»
Ez du kexatzeko motiborik Altuna III.ak, final guztietan ez ezik bestelako partida askotan ere gertuan izaten baititu lagunak. Dena den, lagunentzat ez al da gastu handia haren partida gehienetara joatea? Hausnarketa egina du Labaienek. «Gastua ez, inbertsioa da guretzat. Jokinen inguruan ibiltzeak zoriontasuna ematen digu, eta, gainera, berak ondo portatzen ere badaki. Eskertze aldera, afari batzuk ordaintzen dizkigu». Artolaren ustez, finaletako egunek ez dute parekorik. «Udalak autobusak antolatzen ditu, eta goizean goizetik joaten gara Bilbora. Egun zoragarriak izaten dira, eta dirua da gutxienekoa».
Belokiren esanetan, kuadrillan ez ezik, herrian ere aparteko ilusioa sortzen da. «Normala den bezala, jende heldua orain gutxiago joaten da Jokinen partidetara, baina finalen atariko aste hauek oso bereziak eta politak izan ohi dira». Pentsa, giro hori Amezketako paper fabrikara ere iristen da. Eizmendi bertan aritzen da lanean, eta buruhauste batzuk izaten ditu tarteka. «Asteburuetan lan egiten dugu, eta ez da erraza izaten erreleboak koadratzea. Halere, final guztietan izan naiz».
Batez ere, 2018ko buruz buruko finala dute gogoan lagunek. Kantxa osoan estreinako txapela orduan irabazi zuen Altuna III.ak, Aimar Olaizola garaituta, eta hura mugarri izan zela dio Belokik. «Jokinek berak ere ordura arte ez zuen pentsatzen halako balentriarik lortuko zuenik, baina urte hartan hiruzpalau koska egin zituen gora. Txipa aldatu zuen». Geroztik langile amorratua dela dio Labaienek. «Berezko izugarria izan arren, pilotaririk langileena Jokin da, eta kasualitatetik gutxi dute haren zenbakiek. Gehien saiatzen dena bera da». Buruz ere lanketa handia egin duela azaldu du Artolak. «Lehen, partida garrantzitsu bat galdu eta etxean gelditzen zen, baina orain babes gehiago bilatzen du lagunengan. Mutiko bizkorra da zentzu guztietan».
Irabazi edo galdu, laguntasuna da kuadrillakoek eskertzen diotena. «Partida baten ondoren Jokin bera da whatsapp taldera tontakeria bat bidaltzen duen lehena, eta gehien gustatzen zaiguna da ez dela batere aldatu pertsona bezala», adierazi du Labaienek. Guztiek ere garbi dute nora joko duen txapelak igandean: Amezketara.