Kronometroari erronka

Berlingo maratoia jokatuko dute etzi, eta han arituko da Eliud Kipchoge, egungo espezialistarik onena. Atleta kenyarrak begiz jota du munduko marka.

Julen Etxeberria.
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Eliud Kipchogek (Kapsisiywa, Kenya, 1984) denbora darama kronometroarekin bakarrik lehian. Aspaldi geratu zen aurkaririk gabe. Eta ez da izan arerio benetan indartsuak izan ez dituela. Azken urteetatik hona maratoiakduen urrezko aldiak hauspotuta, makina bat atleta bikain dabil jo eta su iraupeneko proba nagusian; horietatik batzuk, pistan irabaz daitekeen guztia irabazitakoak. Kenenisa Bekele etiopiarra eta Mo Farah britainiarra dira adibiderik argigarrienak.

Horiek guztiak makurrarazi ditu Kipchogek. Wilson Kipsang izan da hura mendean hartu duen bakarra. Duela bost urte izan zen, Berlinen. Kipsangek munduko marka hobetu zuen 2013ko ekitaldi hartan (2.03.23), eta Kipchoge bigarren sailkatu zen, 42 segundora (2.04.05). Kito. Ordutik,lehiatu den maratoi guztiak irabazi ditu: 2014an, Rotterdamen (Herbehereak) eta Chicagon (AEB) nagusitu zen; 2015ean, Londresen eta Berlinen; 2016an, Londresen eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan (Brasil); iaz, Berlinen; eta aurten, apirilean, Londresen. Ikusgarria du garaipen zerrenda 42,195 kilometrokoan: hamar aldiz aritu da, bederatzitan garaile izan da, eta behin, bigarren. Inork ez du inoiz halako ibilbiderik osatu.

Baina kirol ibilbide puska horrek zerbait falta du. Errematea. Munduko marka. Oso gertu izan zuen duela bi urte, Londresen. 2.03.05ko denbora egin zuen, inoizko marka onenetan hirugarrena. Zortzi segundora besterik ez zuen izan Dennis Kimetto herrikidearen munduko marka: 2.02.57. Ordutik, hirutan lehiatu da, Rio de Janeiron, Berlinen eta Londresen. Azken bietan begiz jota zuen munduko marka, baina aurrenekoan euriagatik, eta bigarrengoan beroagatik ustelak izan ziren haren ahaleginak. Hala ere, oso azkar egin zuen korri bietan: 2.03.32ko marka lortu zuen Berlinen, eta 2.04.17koa Londresen.

Askoz azkarrago egin zuen korri iazko maiatzean, bi ordutik behera egiteko Nike AEBetako kirol enpresak sustatutako ekitaldian. 2.00.25an geratu zuen kronometroa, hots, bi minutu eta 32 segundo ondu zuen Kimettoren munduko marka. Monzako zirkuituan (Italia) egin zuen, makina bat erbirekin eta hamaika laguntzarekin. Horregatik, IAAF Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkarteak ez zuen ontzat jo. Halere, hor dago marka, eta zer egiteko gai den.

Ibilbide aproposa

Etzi du Berlinen beste aukera bat 2014tik indarrean dagoen munduko marka hobetzeko (09.15). Itxuraz, egun aproposa dirudi. Batetik, sasoi betean dago Kipchoge. Zur eta lur utzi ditu haren prestaketa jarraitu dutenak. Bestetik, marka bikainak lortzeko ibilbide oso egokia da Berlingoa. Han ondu dira azkeneko sei munduko markak. Zer du berezitik? Data aproposetan jokatzen dela, eguraldia ere ona izaten dela —10 eta 15 gradu inguruko tenperatura, euririk ez eta haize gutxi dago iragarria etziko—, zirkuitua laua dela, ederra eta ikusle askorekin. Eta, hori gutxi balitz bezala, antolatzaileek dirutza ordaintzen dietela, bai erbiei, atleta onenek marka onak egin ditzaten, bai atleta onenei, euren onena eman dezaten.

Kipsang ere ariko da etzi Berlinen. Hura izango da Kipchogeren aurkari nagusia. Kipchogek, hala ere, neurria hartuta dio, orpoz orpo aritu diren azken hiru aldietan hartu baitio aurre. Iaz, Berlinen lehiatu ziren biak. Kipchogek irabazi egin zuen, eta Kipsang erretiratu egin zen. Egundoko ezustea litzateke Kipchogek ez irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.