ESKUBALOIA. MUNDUKO ESKUBALOI TXAPELKETA

Kroaziak 33-31 irabazi dio Espainiari eta eskura du multzoko lehena izatea

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Kroaziak eta Espainiak jokatu zuten atzo Tunisiako Munduko Txapelketako partidarik interesgarriena. Bi selekzioak D multzoko lehen postuan zeuden berdinduta, sei punturekin: hiru partida jokatu zituzten eta hirurak irabazi. Beraz, partida irabazten zuena multzoko lehen postuan sailkatuko zen bigarren ligaxkara. Estatistikek Kroazia jotzen zuten faboritotzat: bi taldeok elkarren aurka jokatutako azken sei partidak irabazi zituzten kroaziarrek. Munduko eta olinpiar txapeldunek ez zuten huts egin eta Espainia gainditu zuten zazpigarren aldiz jarraian, 31-33.

Lehen erdiak bi zati izan zituen. Partida hasieran Espainia izan zen nagusi, eta sei goleko aldea lortu zuen: 5-11. Ez zuen asko iraun espainiarren pozak. Kroazia azkar suspertu zen eta Lackovicen eta Balicen golei esker partida berdindu zuen (15-15 atsedenaldian). Munduko txapeldunak ez ziren konformatzen berdinketarekin. Gehiago nahi zuten, eta horren bila atera ziren bigarren zatian. Azkar lortu zuten helburua eta hiru goleko aldea egin zuten (20-17). Espainia ez zen behera etorri, eta Barrufeten geldiketetan oinarrituta partida berdindu zuen. Baina alferrik, Lackovicek, Balicek, Dzombak eta enparauek ez zuten garaipena ez zen beste emaitza batean pentsatzen. Hala, Kroaziak berriro egin zuen ihes markagailuan (23-27). Espainia saiatu zen berriz aldea murrizten, baina huts gehiegi egin zituen.

Ezustekorik ez beste partidetan

Jardunaldiko beste partidetan ez zen aipatzeko emaitzarik izan. Suediak eta Serbiak ez zuten huts egin eta Japonia eta Brasil astindu zituzten: 32-18 eta 33-19. Egiptok, Argentinak eta Alemaniak ere ez zuten ezustekorako zirrikiturik utzi eta Qatar, Australia eta Norvegia hartu zituzten mendean. Gaur sei partida jokatuko dira: A multzoan, Kanada-Grezia (16:15), Tunisia-Danimarka (18:15) eta Frantzia-Angola (20:15); B multzoan, Errusia-Islandia (16:15), Txekia-Eslovenia (18:15) eta Aljeria-Kuwait (20:15).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.