Goizeko lan saioa amaitu berri du Cecilia Marcos Realeko jokalariak (Donostia, 2001). Z7 zelaian da elkarrizketa, eta langileak bertan ari dira lanean, datorren denboraldirako dena prest izateko. Aulkietako batean eseri, eta patxadaz mintzatu da.
Azken 11 partidetan ez duzue irabazi. Nola dago taldea? Zergatik zaudete hain bolada txarrean?
Luze egiten da hainbeste partida irabazi gabe egotea, eta gogorra da. Era berean, zaila da jakitea zergatik gauden hain bolada txarrean. Nik uste dut ez irabazteak konfiantzari eragin diola, bai jokalari bakoitzaren konfiantzari eta bai taldearenari, eta hori, gero, zelaian antzematen da oharkabean. Dena den, ni lasai nago, egunerokoan taldea gogor ari delako lanean egoera aldatzeko.
Iragan astean jakinarazi zuen teknikariak, Jose Luis Sanchez Verak, hurrengo denboraldian ez duela jarraituko. Denboraldi bakar bat baino ez du egingo aulkian. Espero zenuten?
Egia esan, ez. Klubari eta Joseri dagokien zerbait da. Jokalariok eskerrak ematea besterik ez dugu, gurekin egon den denbora honetan transmititu eta erakutsi digunagatik. Asko dakien entrenatzailea da, esperientzia handikoa. Bete-betean segitzen du lanean. Onena opa diogu. Gauza asko aldatu eta hobetu ditu egunerokoan, Adibidez, Zubietan ematen dugun denbora eraginkorragoa da, dena antolatuta dagoelako.
Erabakiaren berri eman zuenean, esan zuen ia hasiera-hasieratik antzeman zuela ez zela bere tokia, eta ez zuela lortu beharrezkoa izaten den konexio hori. Zuek ere hala sentitu duzue?
Nik ez dut hala sentitu. Baina oso gauza pertsonala da, eta bakoitzak bere modura bizi ditu gauza horiek. Nik esan dezakedana da berak hasieratik transmititu digula zer nahi zuen eta dakien guztia; eta gu hori guztia zelaian islatzen ahalegindu garela. Pena izan da otsailetik emaitzak ez ditugula alde izan. Erasoan eraginkorrago aritzea falta izan zaigu, eta lehen minutuetan adiago egotea, gol asko jaso baititugu.
Jokalariek kritikak jaso dituzue, batez ere sare sozialetan. Besteak beste, esan dute zuek eraginda hartu duela ez jarraitzeko erabakia teknikariak. Nola hartu dituzue kritika horiek?
Ez dugu horretaz ia hitz egin; eta, egia esan, pozten nau. Horrek erakusten du gai garela jendeak dioena alde batera utzi, eta guk sentitu, bizi eta pentsatzen dugunari garrantzia emateko. Nik ere ez diot horri asko erreparatzen. Ez daukat Twitter, uste baitut ez dela mesedegarria. Jokalariok nahi duguna zera da: hiru puntuak lortzea eta gauzak ondo joatea. Horri esker gaude egunerokoan lasai, eta pozik gaude. Eta hori ez dator bat teknikari bat kendu nahi izatearekin edo galdu nahi izatearekin. Gainera, aipatu bezala, oso batuta gaude, eta arreta osoa eguneroko lanean jarria dugu. Aldagelan giro oso ona daukagu, elkarri laguntzen diogu, eta batek zerbait behar duenean hor gaude. Multzo bikaina gara.
Baina teknikaria bera oso kritikoa izan da zuekin hainbat partidatan. Levante Badalonaren aurka jokatu ostean, zera esan zuen: taldean erreferente izan beharko luketen jokalariak ez zirela ari beren maila ematen. Zer sentitu duzue halakoak entzutean?
Hobetzeko, zuzentzeko eta eraikitzeko kritikak direnenean, onartu egin behar ditugu. Horri esker hazten gara, eta hobetu egiten dugu. Norberak horiek barneratzen ikasi behar du, horretarako lanketa propio bat eginez. Agian, aurreko urteetan ez geunden horretara ohituta, baina hobetzeko mezuak dira, ez inori min egiteko.
Publikoan egiteak ez zizuen min egin?
Min ematen du, ez delako xamurra halakoak entzutea. Baina Josek gauza on bat du: zerbait esan behar badizu, esan egingo dizula, bai publikoki bai pribatuan. Alde horretatik, gardena da. Niri futbolaren inguruko ikuspegi kritiko eta exijenteago bat erakutsi dit, adibidez.
Jokatzeko aukera dezente izaten ari zara. Gustura zaude?
Bai, denboraldi hasieratik ohartu nintzen beste rol batzuk izan nitzakeela. Orain gustura nago, atzeko ezker hegalean jokatzen. Joseri gustatzen zaio hegalekoek erasora jotzea, eta pozik nago.
Non zaude erosoen: atzean edo zelai erdian?
Nik beti jokatu izan dut zelai erdiko hegalean, eta erasoan moldatu izan naiz ondoen. Baina denboraldi hau oso aberasgarria izan da niretzat. Defentsako lanean asko hobetu dut: buruz buruko lehietan, oldarkortasunean, atzealdeko beste jokalariekin koordinatzean... Beraz, sasoi hasieran baino gusturago nago. Gainera, postu horretan jokatzen duten beste taldekideek asko lagundu didate, baita entrenatzaile multzoak ere. Atzean jokatzen ikasi behar duzu, erdian baino bizkorrago eta adiago egon behar baituzu. Urrats bat izan da niretzat, eta jokalari osoagoa naiz orain. Ni, dena den, beti izango naiz zelai erdiko jokalaria.
«Defentsako lanean askok hobetu dut: buruz buruko lehietan, oldarkortasunean, atzealdeko beste jokalariekin koordinatzean...»
Natalia Arroyok ere postu horretan jarri zintuen partida batzuetan. Zer eskatzen dizute?
Luzean aritzeko hegalean, eta baloiaren irteera ondo interpretatzeko. Uste dut badudala horretarako gaitasuna, eta erdiraketak egiten ere ondo moldatzen naiz.
Taldeari erreparatuta, nola helduko diezue azken partidei?
Ilusio handiz. Bost partida geratzen dira, eta ahalik eta ondoen amaitu nahi dugu sailkapenean. Igandean [gaur] partida zaila dugu. Valentzia jaisteko postuetan dago, puntuak behar ditu, eta neurketa zaila izango da. Bestalde, hurrengo partidetan Teneriferen eta Granadaren aurka jokatuko dugu. Oso ondo ari diren bi talde dira.
Sasoi amaieran bukatuko zaizu kontratua. Realean jarraitu nahi duzu?
Hitz egiten ari gara klubarekin, Reala leku aproposa baita hazten eta hobetzen jarraitzeko. Dena den, oraintxe helburua denboraldia ondo amaitzea da. Horretan dut jarria arreta osoa.
Badirudi Amaiur Sarriegi Atletico Madrilera joango dela. Nola eragiten dizue halako berriek, kontuan hartuta askori kontratua amaituko zaizuela?
Gertukoenekin hitz egiten dituzun gauzak dira, baina bakoitzak argi du bere bidea.