Jarritako orduan iritsi da Aitor Fernandez (Arrasate, Gipuzkoa, 1991) Taxoareko prentsa aretora. Ondo iruditu zaio elkarrizketa kanpoan egitea, eguzkitan goxo. Bizitzako plazer txikiekin gozatzen duten horietakoa da. Dena ezin da diruz erosi; zoriona, behinik behin. Fernandezek badaki. Bera zoriontsu da Iruñean.
Europan ezin izan zenuten aurrera egin, eta, orduz geroztik, ez duzue garaipenik lortu ligan. Ez da ametsetako hasiera izaten ari Osasunarentzat.
Aurreko denboraldia aparta izan zen, eta denok genuen beste urrats bat egin eta Europan zehar bidaiatzeko ilusioa. Baina gauzak ez dira beti nahi bezala irteten. Min handia egin zigun Europatik kanpo gelditzeak, gauzak diren bezala, Bruggeren zelaian oso gertu ikusi baikenuen sailkapena. Gero, tentsio handia izan dugu hurrengo partidetan, eta ez gara gai izan horri buelta emateko. Behintzat, azken partidan lehen puntua lortu genuen Sadarren.
Europan jasotako kolpea guztiz barneratu eta onartu duzue dagoeneko?
Esango nizuke baietz, baina egia da aurrekoan denok begiratu genuela ea Bruggek zer egin zuen Konferentzia ligan. Hor barruan oraindik badugu zerbait, baina denboraldia hasi besterik ez da egin, eta ligan oraindik dena dago egiteko. Ea gai garen hurrengo urtean berriz [Europan] sartzeko.
Sadarren irabazi ezinik zabiltzate, baina bere txarrean, azken partidan Sevillak ez zizuen golik sartu. Hobekuntzaren abiapuntu izan daiteke?
Nire ustez, oso emaitza ona da Sevilla bezalako talde baten aurka berdintzea; bereziki, golik jaso gabe bada. Badakigu atea hutsean uzten duzunean gutxienez puntu bat bermatua duzula. Sendo aritzea izan behar da gure lana. Hala ere, Ligako talde gehienak gol asko ari dira jasotzen. Gol askoko partidak ikusi ditugu orain arte, ez dakit zergatik izango den.
Zuen kasuan, kezkagarriena zera da, gol asko erdiraketen bidez eta buruz jaso dituzuela. Zer irakurketa egiten duzue?
Alor horretan indartsuak izan gara azken urteetan, baina sasoi honetan ahulago gabiltza. Hutsen analisia egin dugu, eta lanean dihardugu. Hori bai, obsesio bat ere ezin daiteke izan, bestela jendea oso urduri jartzen delako. Baina garbi dugu kornerretan, adibidez, ezin digutela hainbeste gol sartu.
Zenbateko eragina izan dezake horretan Aridaneren irteerak?
Catena etorri da, eta Aridane bera baino garaiagoa da. Jokalari garrantzitsu bat ateratzen denean, hutsunea uzten du beti, eta Aridanek sekulako denboraldiak egin ditu Osasunan. Dena den, Catena oso erdiko atzelari ona da, eta pixkanaka egokitzen ari da.
Giro kritiko samarra dago. Zer iritzi duzu zuk?
Iaz langa oso goian jarri genuen, eta jendeak gehiago nahi du. Normala da: guk ere anbizioa dugu. Baina jakin behar dugu iaz zazpigarren postua aurrekontu xume batekin lortu genuela. Ondo badabiltza, oso zaila da Sevilla, Athletic, Celta, eta antzeko taldeen aurretik gelditzea. Egia da talde oso egina dugula. Sevillak huts egiten duenean, guk hor egon behar dugu. Baina nor garen eta helburua zein den garbi izan behar da. Eta gure helburua beste urte batez Lehen Mailan gelditzea da.
Lezio hori Levanten ikasi zenuen, ezta?
Lehen Mailan egonkortuta geunden, eta presidentea Europa aipatzen hasi zitzaigun. Bada, sasoi horretan, Bigarren Mailara jaitsi ginen, sekulako taldea genuen arren. Lehen Mailari errespetu handia izan behar zaio.
Ordezkatu ezin den jokalari bat galdu duzue: Ez Abde. Erasoko jokoa berriz planteatu behar izatea dakar horrek.
Gol asko ez zituen sartu, baina desoreka handia eragiten zuen buruz buruko egoeretan. Gainera, aurkari asko erakartzen zituen, eta, horri esker, hutsune asko sortzen ziren zelaiko beste toki batzuetan. Guri min handia egin digu Abde hemen ez egoteak. Kluba azkenera arte saiatu zen berriro Iruñera ekartzen, baina ez zen posible izan.
Fitxatu berriei ezin zaie eskatu Abderen hutsunea bete dezaten, ezta?
Bestelako jokalariak dira. Mojicak iaz ez zuen batere jokatu, eta hori nabaritu egiten da hasieran. Arnaiz aurrez ere egona da hemen, eta sekulako jaurtiketa du. Eta Raul Garcia txundigarri aritu zen iaz Bigarren Mailan. Oso gaztea da, eta Lehen Mailako abiadurara egokitzea falta zaio oraindik. Hartuko du. Entrenamenduetan, jaurtiketa guztiak atera bidaltzen ditu, eta hori oso garrantzitsua da aurrelari batentzat.
Europatik at gelditzearen kaltea atezainek nozituko duzue gehienbat, jokatzeko denboratxapelketa bakarrean banatu beharko baituzue urtarrilera arte.
Bagenekien Bartzelonaren arteko partidara arte banaketa nolakoa izango zen, baina arrastorik ere ez dugu hemendik aurrera zer gertatuko den. Azken bi partidak Sergiok [Herrera] jokatu ditu, baina badakigu Jagoba aldaketak egin zalea dela. Arazoa berak du, Sergiok eta biok natural-natural hartzen baitugu gure arteko lehia. Taldean ez dago egoismorik, eta horrek indartsuago egiten gaitu.
Zuk zeuk, garai ilunak igaro eta gero, Iruñean egonkortasuna aurkitu duzu.
Aita galdu nuen Levanten nengoela, eta ama eta lagunak oso urrun zeuden. Ez nuen ikusten, baina momentu horretan sekulako depresioa neukan. Orain ondo nago, gainditu beharrekoak gaindituta. Egia esan, emaztea eta biok oso gustura gaude Iruñean. Behar dugun guztia dugu, eta Arrasate bertan dago. Futbola uzten dudanean, agian hemen geldituko gara bizitzen.
Eta Saudi Arabiatik maleta billetez beteta etorriz gero?
Ezta pentsatu ere. Diru aldetik, nik jada egin dut egin beharrekoa. Garagardoa latan edaten dut etxean. Ez daukat biziorik. Futbola utzi aurretik, kanpora joateko aukera planteatu dut, baina beste mota bateko esperientzia baten bila. Saudi Arabiara behintzat ez, han emakumeen eskubideak zertan diren jakinda.
Aitor Fernandez. Osasunako jokalaria
«Kritikak? Nor garen eta helburua zein den garbi izan behar da»
Osasunak kolpe mingarria jaso zuen Europan, eta, Fernandezek aitortu duenez, azken partidak tentsioz jokatu dituzte. Nafarrek oraindik ez dute etxean irabazi, eta Atletico Madril hartuko dute gaur (21:30, DAZN).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu