Kritika guztien jomugan dago

Duela ia bi urte Athleticen lehen taldearen ardura hartu zuenetik, garairik latzena ari da pasatzen Gaizka Garitano. Oraingoz, zuzendaritzak ez du kargutik kenduko. Haren lanaz iritzia eman dute taldeko entrenatzaile ohi batek, jokalari ohi batek eta jarraitzaile talde bateko ordezkari batek.

Gaizka Garitano, aginduak ematen, Athleticek San Mamesen Sevillaren aurka jokatutako norgehiagokan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Betisen kontrako partida mugarri izan daiteke Gaizka Garitanorentzat. Athleticek emaitza ona lortzen badu, teknikari bizkaitarraren egitasmoak segida izango du klub zuri-gorrian. Baina taldeak kale egiten badu, baliteke ondorioak izatea. Giroa nahasia dago Athleticen inguruan. Taldeak hasiera gorabeheratsua eman dio denboraldiari. Baina ez da aurtengo kontua. Aurreko sasoitik dago egonezina. Jarraitzaile askok ez dute gustuko taldeak egiten duen jokoa. Halaber, ez dute ulertzen ematen duen joko maila aintzat hartuta, gazteen aldeko apustu handiagoa ez egitea. Athleticen belaunaldi aldaketa zuzen eta egoki egitea ezinbestekoa da gorengo mailan lehiakortasuna mantentzeko.

Emaitzak aldekoak ez direnez, egunetik egunera gehiago dira aulkian beste ezaugarri batzuk dituen entrenatzailea eskatzen dutenak. Baina oraindik ere asko dira Garitano egiten ari den lana baloratzen dutenak. Deriokoaren (Bizkaia) alde egiten dutenek lortu dituen emaitzak nabarmentzen dituzte. Taldea zulotik ateratzeaz gain, Espainiako Kopako finalerako sailkatu du. Gainera, karguan daraman ia bi urteetan Europarako sailkatzeko borrokan egon da txapelketaren azkenera arte. Horrez gain, belaunaldi aldaketa egin ez badu, harrobian dagoenarekin ezinezkoa dela uste dutenak ere ez dira gutxi. Kontuak kontu, entrenatzailearen auzian ere erdibituta dago klub zuri-gorria.

JAVIER IRURETAAthleticeko entrenatzaile ohia
«Garitano ondo ari da lanean. Golakez sartzea da arazoa»

Entrenatzaile batek egoera zailetan izaten duen bakardadea ulertzeko, antzeko egoeraren bat bizi izan duen norbaiten sentipenak jasotzea da egokiena. Javier Iruretak ondo daki zer den harian egotea. Klub zuri-gorriaren berri ere badu. Teknikari batek lan egiteko behar duen guztia dauka Lezaman, baina, era berean, oso zaila da inguruak eskatzen diona lortzea. Iruretak argi dauka egungo Athleticen taldearen nagusia ez dela arazoa. «Ez dut uste Garitano denik erruduna. Lan ona egiten ari da». Beharra bada arrakastaren sekretua Garitanok aurrera egingo du. Langile fina dela diote ezagutzen duten guztiek. Baina gorengo mailan ez da nahikoa taldea ondo prestatzea. Baliabideak behar dira, talentua. Ildo horretan, taldeari gol sena duten futbolariak falta zaizkio. Aritz Adurizen erretiroak gabezia handia utzi du. «Athletici gola falta zaio. Taldeak egiten duen lan guztia ez da ate aurrean islatzen. Eta futbolean golik sartu gabe ezin daiteke helbururik lortu. Asko kostatzen zaie golak sartzea».

Fitxaketarik egin ezean, etxeko jokalariek ate aurrean dituzten gabeziak lantzea baino ez zaio gelditzen Athletici. Ez dauka beste irtenbiderik. Halaber, garai latzetan hausturarik ez izatearen garrantzia nabarmendu du entrenatzaile ohiak. «Lana eta batasuna dira egoerari aurre egiteko bide bakarrak». Halaber, taldeari langa jartzeko orduan «oinak lurrean» izateko eskatu du. «Athletic hamar onenen artean sailka daiteke, baina goikoen pare egotea ezin zaio eskatu. Europan sartzeko lehia eskatu dakioke, baina ez gehiago. Lehia horretan egoteko ere lan ona egin beharko du. Orain, belaunaldi aldaketa egitea egokitzen da, baina ez da erraza izango golaren arazoa konpontzea».

KOIKILI LERTXUNDI Athleticeko jokalari ohia
«Garitanok jokamoldea aldatu behar du. Ausartago izan behar du»

Koikili Lertxundi, berriz, «kezkatuta» dago taldeak izan dituen gorabeherekin. Athleticeko jokalari ohiaren ustez, harmailak hutsik daudela jokatzeak eragina izan du taldean. Jokalariak lehen egiten ez zituzten akatsak ari dira egiten. «Kontzentrazio akats larriak egiten ari dira. Nik Bigarren B mailan eta Hirugarren Mailan asko jokatu dut, eta badakit zer den zale barik jokatzea. Gaitzagoa da kontzentratzea». Defentsan egindako akatsek taldearen jarduna gutxiago baldintzatzeko jokatzeko era «moldatu behar» dela dio. «Ausardiaz» jokatzeko eskatu dio Garitanori. «Athleticek aldatu egin behar du jokatzeko era. Atzean sendoak izan eta aukera apurrak baliatzera jokatzeko apustua ez da emaitza ona ematen ari. Taldeak apur bat ausartagoa izan behar du». Horren harira, garai latzetan entrenatzaileak jokalariei igorri beharreko mezuan asmatzearen garrantzia nabarmendu du. Jokalariak direlako finean egoera irauli dezaketen bakarrak.

Bestalde, Athleticek bizi duen egoeraren zama guztia entrenatzaileari botatzea «lekuz kanpo» dagoela esan du. «Ardurak banatu» egin behar direla azpimarratu du. «Entrenatzailea jipoitua ari da izaten. Jokalariak presiopean ari dira jokatzen. Ez da ahaztea komeni eurek atera beharko dituztela babak eltzetik. Lekuz kanpoko kritikak ez dute mesederik egiten. Gainera, taldea osatzen duten jokalari eta teknikariekin konforme ez dagoenak zuzendaritzari eskatu beharko lizkioke kontuak. Agintariena da taldea osatzearen ardura».

JAVI GAMARRA Intxortako Lehoiak jarraitzailetaldeko presidentea
«Garitanok ez ditugauza berriak probatzen»

Jarraitzaileak, futbola kanpotik bizi dutenak dira gogorrenak Garitanoren lanarekin. San Mamesera joateko aukerarik izan ez arren, telebistaz ikusten ari direnak ez ditu asetzen. Athleticeko entrenatzailea «zurrunegia» dela uste du Javi Gamarra Elgetako (Gipuzkoa) Intxortako Lehoiak zale taldeko presidenteak. «Garitano ez aurrera, ez atzera ikusten dut. Ideia finkoak dituen teknikaria da. Ez ditu gauza berriak probatzen. Ez dut uste taldeak ere askoz gehiagorako emango duenik, baina nik beste entrenatzaile bat jarriko nuke». Gamarrak aintzat hartu du Garitanok Athleticen egin duena, baina, dioenez, kargua hartu zuenean zeukan egoerak ez du egungoarekin zerikusirik. «Aldaketak» eskatu ditu. «Taldearen ardura hartu zuenean balio izan zuenak, egun, ez du ematen. Zulotik atera zuen. Horrek meritu handia dauka. Baina orain beste gauza bat eskatzen diogu. Erdiko aurrelari barik jokatzea eta Muniain hegal batean zelairatzea ez dut ulertzen. Uste dut arbola mugitu behar dela».

Behin eskatzen hasita, Marcelo Bielsaren itzulerarekin egiten du amets. Jarraitzaile askori gertatzen zaio. Baina argentinarraren itzulera ezinezkoa denez, etxeko baten aldeko apustua egingo luke. «Nik Bielsa ekarriko nuke. Onena da. Arrastoa utzi zuen. Marcelino? Maila ona du, baina Athleticekin ika-mika handiak izan ditu. Nik Lezama ondo ezagutzen duen entrenatzaile bat fitxatuko nuke. Athleticeko teknikari batek ondo ezagutu behar du harrobian dagoena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.