TXIRRINDULARITZA

Kosta egin zaio, baina Philipsenek hartu du abiadura

Tour honetako hirugarren garaipena lortu du Jasper Philipsenek Nimesen. Taldekideek lan bikaina egin diote, eta erraz gainditu ditu gainerako esprinterrak. Biniam Girmay erori egin da helmugarako kilometro eta erdi falta zenean.

Philipsenek aurtengo Tourrean hirugarrenez altxatu ditu besoak gaur, Nimesen. GUILLAUME HORCAJUELO/EFE
Philipsenek aurtengo Tourrean hirugarrenez altxatu ditu besoak gaur, Nimesen. GUILLAUME HORCAJUELO/EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 16a
18:27
Entzun

Aurtengo Tourrean kosta egin zaio lehena irabaztea. Aurreneko astean bitan sailkatu zen bigarren postuan; eta, azkenean, hamargarren etapan lortu zuen eskuak altxatzea. Ordutik, baina, Jasper Philipsen (Alpecin) izan da esprinterrik onena —hamahirugarren etapa ere irabazi zuen—. Gaur, ez du aurkaririk izan. Philipsenekin batera Tour honetan ziklistarik azkarrena izan da Biniam Girmay (Intermarche), eta erori egin da helmugarako kilometro eta erdi falta zenean. Alpecinekoek modu paregabean bideratu dute esprinta; Mathieu van der Poelek buru-buruan utzi du Philipsen. Eta, behin esprinta abiatuta, inor ez zaio iritsi parera. Phil Bauhaus (Baharain) iritsi da bigarren postuan, eta Alexander Kristoff (UnoX) hirugarrenean.

Gaurkoarekin, aldi honetako hirugarren etapa garaipena lortu du Alpecinekoak. Horrela, berdindu egin ditu Girmay eta Tadej Pogacar (UAE). Hirurek hirutan altxatu dituzte besoak 2024ko Tourrean. Gainera, maillot berdearen lehia ere estutu egin da. Girmay da lider sailkapen horretan, baina asko gerturatu zaio Philipsen. Bien artean 32 punturen aldea dago, eta datozen etapetako tarteko helmugetan erabakiko da nor nagusituko den. Nagusian, bestalde, ez da aldaketarik egon.

Ziklistak Okzitaniako errepide lauetan barrena ibili dira gaur. Gruissan eta Nimes artean, 188 kilometro osatu behar izan dituzte. Ibilbideak bezalaxe, txirrindularien jardunak ere ez du gorabehera handirik izan. Aurten behin baino gehiagotan gertatu den moduan, ez da ihesaldirik egon etaparen lehen zatian. Behin tarteko helmuga igarota, Thomas Gachignardek (Total) egin du alde, eta lasterketa buruan bakarrik ibili da helmugarako 25 kilometro falta ziren arte. Hortik aurrera, talde nagusiak erritmoa bizitu du, eta gizonik azkarrenak lehiatu dira hamaseigarren etapan.

Horrekin amaitu dira aurtengo Tourreko esprintak. Bihartik aurrera ziklistak gora eta behera ibiliko dira Okzitania eta Frantzia ekialdeko errepideetan. Lehenik, bihar, hirugarren mailako Superdevoluy mendatean amaituko da etapa. Osatu beharko dituzten 178 kilometroetan, pixkanaka gorantz egingo dute txirrindulariek. Eta, behin azken 30 kilometroetan sartuta, eguneko hiru mendate puntuagarriak kateatuko dituzte: Bayard, Noyer —lehen mailakoa— eta Superdevoluy.

Nagusikoek baimena ematen badiete, etapa ehiztarientzako etapa aproposa da biharkoa. Baita etzikoa ere. Ostiraleko eta larunbateko etapak, ordea, bestelakoak izango dira. Mendate luzeak igaro beharko dituzte, eta biak amaituko dira lehen mailako mendateetan. Sailkapen nagusiko hautagaiak eta igotzaile petoak nabarmenduko dira horietan. Eta, azkenik, erlojupekoa izango dute igandean; 33 kilometro Monako eta Niza artean.

Tourra, 17. etapa

Lazkano, Ayusoren ordez

Lehen aldia izango da Tourra Parisera helduko ez dena. Izan ere, Frantziako hiriburuan Olinpiar Jokoak hastear dira. Eta, jokoen artean, txirrindularitza probak ere egongo dira. Horietan parte hartuko dute Tourrean dabiltzan bi euskal herritarrek: Movistarreko Alex Aranburuk eta Oier Lazkanok. 

Biak arituko dira errepideko proban, abuztuaren 3an. Eta Espainiako Txirrindularitza Federazioak iragarri berri duenez, Lazkanok uztailaren 27an jokatuko den erlojupeko proba ere egingo du. 32,4 kilometro izango ditu, eta ibilbidea ia guztiz laua da. Juan Ayuso (UAE) zen bertan parte hartzekoa, baina koronabirusagatik utzi du Tourra, eta ez da prest egongo uztailaren 27rako.

SAILKAPENAK

HAMASEIGARREN ETAPA

1. Jasper Philipsen (Alpecin) 4.11.27

2. Phil Bauhaus (Bahrain) d.b.

3. Alexander Kristoff (UnoX) d.b.

4. Sam Bennett (Decathlon) d.b.

5. Wout van Aert (Visma) d.b.

6. Pascal Ackermann (Israel) d.b.

7. Bryan Coquard (Cofidis) d.b.

8. Soren Waerenskjold (UnoX) d.b.

9. Ryan Gibbons (Lidl) d.b.

10. Danny van Poppel (Bora) d.b.

73. Alex Aranburu (Movistar) d.b.

NAGUSIA

1. Tadej Pogacar (UAE) 66.07.51

2. Jonas Vingegaard (Visma) 3.09ra

3. Remco Evenepoel (Soudal) 5.19ra

4. Joao Almeida (UAE) 10.54ra

5. Mikel Landa (Soudal) 11.21ra

6. Carlos Rodriguez (Ineos) 11.27ra

7. Adam Yates (UAE) 13.38ra

8. Giulio Ciccone (Lidl) 15.48ra

9. Derek Gee (Israel) 16.12ra

10. Santiago Buitrago (Bahrain) 16.32ra

11. Felix Gall (Decathlon) 17.01ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.