Koskaz koska igo da

Iragan asteaz geroztik, Osasunak entrenatzaile berria du: Petar Vasiljevic. Serbiarrak urratsez urrats egin du gora, aulkiaren jabe izateraino. Azken urteetan, kirol zuzendaritzaz arduratu da, eta argi-ilunez beteriko ibilbidea izan du.

enaut agirrebengoa
Iruñea
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Hamaikagarren lurrikara izan zen iragan astean Osasunan: Joaquin Caparros kargutik kendu, eta haren lekuan Petar Vasiljevic (Belgrad, 1970) jarri zuen Luis Sabalza buru duen zuzendaritzak. Erabakiak zur eta lur utzi zituen zale gorritxoak, orain arte kirol zuzendari izandakoak ez baitu sekula talde profesionalik zuzendu. Hori bai, serbiarrari ezin zaio ukatu kluba inor gutxik bezala ezagutzen duela. Ibilbide luze eta askotarikoa baitauka taldean: jokalari aritu zen lehenik, harrobiko entrenatzaile eta kirol zuzendari ondoren, eta aulkiaren jabe egin da orain.

Pausoz pauso, koskaz koska igo da, Osasunako erreferentzietako bat bihurtu arte. Alta, haren ibilbidea ez da orbangabea: inputatuta dago partida batzuk ustez adosteagatik; fitxaketen arloan erabaki okerrak hartu ditu usu; eta harreman susmagarria dauka Fran Canalekin, klubeko zuzendari nagusiarekin. Horregatik guztiagatik, ez dira gutxi serbiarraren dimisioa eskatu izan duten zaleak. Ezinikusi horiek apaltzeko aukera dauka orain, aulkitik taldea onbidera eramanez.

LEHEN PAUSOA, ZELAIAN



1994an gurutzatu ziren lehenengoz Vasiljevic eta Osasunaren bideak. Orduan jokalari etorri zen, Javier Garro presidentearen bidez. 23 urte zituen, eta erdiko atzelari aritzen zen. Belgradeko Partizanetik iritsi zen, han loria dastatuta —bi aldiz irabazi zuen Serbiako Liga—. 57 partida jokatu zituen Osasunarekin, Bigarren Mailan, eta, ondoren, 1995-1996ko sasoian, Albacetera joan zen, taldea Lehen Mailan zegoela.

Dena den, Iruñetik urrun ez zuen denbora askorik eman, 1999-2000ko denboraldian itzuli baitzen. Sasoi hartan ere Bigarren Mailan aritu zen, eta denera hamahiru partida jokatu zituen. Sasoi amaieran Osasuna utzi, eta 2004an amaiera eman zion bere jokalari ibilbideari.

ZELAITIK BULEGORA



Futbolari gisa egin beharrekoak eginda, bulegoetara egin zuen jauzi Vasiljevicek. Hala, 2008an Osasunara itzuli zen, garai hartako kirol zuzendari Martin Gonzalezen laguntzaile gisa. Horrekin batera, bigarren entrenatzaile lanetan hasi zen Osasunako gazteen taldean —Iñaki Pacheco zen entrenatzailea—. Bi denboraldiz aritu zen zeregin horretan.

2013an,Martin Gonzalez kargugabetzea deliberatu zuen garai hartako Osasunako presidenteMiguel Artxankok. Hala, Vasiljevic bihurtu zen klubaren kirol arloko arduradun nagusia. Zeregin horretan aritu zen joan zen astera arte; zuzendaritzak entrenatzaile izendatu zuen arte, alegia. Kalapita eragin, eta zale askoren haserrea piztu dute kirol zuzendari gisa harturiko hainbat erabakik. Askok egotzi diote, besteak beste, harrobia bazter utzi eta maila apaleko jokalariak ekarri izana.

Egoera horretan, serbiarraren dimisioa eskatzen duten ahotsak areagotu egin dira sasoi honetan. Udako merkatuan 11 jokalari ekarri zituen —horietako asko, hala ere, orduko teknikari Enrique Martin Monrealen oniritziarekin—, eta gehienek ekarpen oso urria egin diote taldeari. Horretaz landa, berak proposatu zion zuzendaritzari Martin kargutik kentzea. Horiek horrela, serbiarrarekiko ezinikusia areagotu egin da zaleen artean.

'OSASUNA AUZIA'-N NAHASIA



Osasuna auzia-ren barruan, makina bat pertsona daude inputatuta. Horien artean dago Vasiljevic. Osasunako kudeatzaile ohi Angel Bizkaik Espainiako Futbol Liga Profesionalari aitortu zionez, serbiarrak eta Martin Gonzalezek dirua eman omen zioten Valladolidi 2012-2013ko denboraldian, Deportivori 1-0 irabazi ondotik. Hala, epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten kirol zuzendaritzako arduradunek.

Auzia, gaur egun, 2013-2014ko sasoi amaieran ustez adostutako partidetan dago zentraturik; beraz, ez dirudi prestatzaile gorritxoak errudunen aulkian eseri beharko duenik. Hori bai, oraindik ikerketapean dago. «Oso gaizki pasatu dut. Epaitegira joan behar izatea oso gogorra izan zen», adierazi zuen iragan astean, gaiaz itaundu zutenean.

HARREMAN SUSMAGARRIA FRAN CANALEKIN



Duela bi urte iritsi zen Fran Canal abokatua Osasunara, ustez kanpoko aholkulari gisa lan egitera. Zale eta bazkideengan mesfidantza eragin du Canalek, ez baitago batere garbi zergatik etorri zen, eta, batik bat, zertan aritu den orain arte. Jakina dena da Vasiljevic eta biak enpresa berean egon zirela. Canal ez zen bazkidea, ahalduna baizik, baina, edonola ere, harreman horrek kolokan jartzen du abokatuak izan behar zuen ustezko independentzia eta inpartzialtasuna —agintariek nabarmendu zuten Canalek ez zuela inolako harremanik Osasunarekin—. Azken hilabeteetan, gora egin dute biek ala biek klubeko antolaketan: Vasiljevic teknikari izendatu dute, eta Canal, berriz, zuzendari nagusi.

AUSART JOKATU DU



Taldea amildegiaren ertzean dela onartu du teknikari postua serbiarrak. Erronka zaila du esku artean: ia ziurra dirudien jaitsiera saihestea. Eskarmentu falta dauka kontra, baina taldearen ezagutza alde, bera arduratu baitzen taldea taxutzeaz, Martinekin batera.

Oraingoz, taldea berriz pizten asmatu du, eta ez da gutxi. Ligan sei porrot zeramatzan segidan Osasunak, eta bolada hori eten du serbiarrak. Astelehenean, hiruna berdindu zuten gorritxoek Valentziaren aurka, Sadarren, erasoan joko bizi eta sakona erakutsita, eta, herenegun, berriro berdindu zuten, Espainiako Kopan, Eibarren kontra (0-0), Ipuruan. Orain, susperraldiari segida ematea da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.