Orio eta arrauna elkarri ondo lotuta daudela esateko beste katebegi bat jarri zuten atzo Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketek. Bi oriotar Kaikuren eta Orioren gidari, eta biek bandera atzo: Jose Luis Kortak Bizkaikoa, eta Jon Salsamendik Gipuzkoakoa. Maisua eta ikaslea, maisuaren ikasle zerrenda amaigabean.
Ez zen inondik ere espero Kaikuk astintzea Bizkaiko bandera. Ezustea izan zen, eta handia, gainera. Urdaibai zen faborito, eta Zierbenak ere ikusmina bereganatua zeukan, zer maila emango. Kaiku hor zegoen, isil-isilik, erdi ezkutuan, baina hori bai, Eusko Label liga honetan lan on askoak egindakoa lau jardunaldietan, eta hirugarren sailkapenean. Denboran atzerago joanda, atzoko eremu berean, Lekeition, irabazi egin zuen ekainaren 11n, prestakuntzako estropadan.
Hasi eta buka nagusitu zen Kortaren taldea, eta Urdaibairi atera zion aldea ere ezuste galanta izan zen. Hamazazpi segundo kendu zizkion, eta, batez ere, barrurako bi luzeetan heldu zion banderaren makilari. Aurreneko ziabogan, segundo bat bizkorrago zen Bizkaitarra trainerua, eta bigarrenean, hamarrera igo zuen aldea Bou Bizkaia-rekiko. Zierbena bera zeukan aurretik Bermeoko taldeak bigarren erreferentzia horretan, segundo bategatik.
Hirugarren luzean, Urdaibaik bereak eta bi jo, eta zazpi segundora jaitsi zuen estropada buruarekiko desabantaila, baina laugarrenean, berriro ere barrurantz, Kaikuk erakustaldia eman zuen lehen kaletik. Lehia atzean zetorren, bigarren lekurako, eta azkenean Urdaibai izan zen Zierbena baino bizkorragoa, 44 ehunen eskasegatik. Askoz ere alde txikiagoz eutsi zion txapelketako laugarren lekuari Ondarroak, azkeneko txanda horretako azken sailkatuak: bigarrena irabazi zuen Isuntzari zazpi ehunen baino ez zizkion atera.
Horrenbestez, Bizkaitik ondorengo lau talde hauek ariko dira Euskadiko txapelketan, Lekeition bertan, uztailaren 25ean: Kaiku, Urdaibai, Zierbena eta Ondarroa.
Gipuzkoatik beste lau aurkari hauek izango dituzte: Orio, Hondarribia, Donostiarra eta San Juan. Hurrenkera horretan sailkatu ziren Getarian jokatu zen estropadan. Orio eta Hondarribia azaltzen zien aurreikuspenetan punta-puntan, eta ondo bete zituzten aurrez uste izandako kontuak. Indartsu ekin dio sasoiari Salsamendiren taldeak, eta hura izan da bandera gehien astindu duen taldea orain arte, hiru garaipenekin. Txapelketa nahi zuen, eta hasieratik hartu zuen burua. Gainean izan zuen Hondarribia denbora guztian, aldeak igotzen joan baziren ere lanak aurrera egin ahala;baina txikiak izan ziren, eta zirraraz beteriko txapelketa jokatu zuten faboritoek. Lehen ziabogan, segundo bateko aldea zuten oriotarrek, eta bat gehiago gehitu zioten bigarren aldiz trainerua biratzerakoan. Ordurako atzean ziren hirugarren txandako beste bi taldeak: San Juan eta San Pedro.
Azkeneko bi luzeetan, handitu egin ziren aldeak, eta hirugarrenean, esaterako, Oriok bost segundo gutxiago behar izan zituen Hondarribiaren aldean. Azkeneko luzean, beste segundo bat sartu zion, bigarren luzean bezala, eta lurraldeko txapelketa bereganatu zuen.
Hirugarren sailkatua Donostiarra izan zen, bigarren txandako garailea, eta KAE 1 ligako burua. Bazen ikusmina ea non kokatzeko gai zen atzokoan, eta postuari begiratuta, lan bikaina osatu zuen. Aldeei begiratuta, batzuek txikiagoak espero zituzten lurraldeko garailearekin alderatuta. Aterako dituzte atera beharreko ondorioak taldearen baitan. Laugarren San Juanek egin zuen.
Ezusterik ez emakumeetan
Emakumezkoen bi lehiak oso ezberdinak izan ziren Gipuzkoan eta Bizkaian. San Juanek oso estu lortu zuen garaipena Getarian, eta Deustuk aise menderatu zituen bere bi aurkariak Lekeition.
Pasai Donibanekoek iaz irabazi ez zuten txapelketa berreskuratu zuten, baina lan asko eginda Hibaika menderatzeko. Bi segundo eskas baino ez ziren egon bien artean, eta aldeak berak ondo azaltzen du zein lehia estua izan zuten. Ziabogan tarte bera izan zuen alde San Juanek, eta Hibaikak ezin izan zion aurrea hartu, nahiz eta gainean ibili. Era horretara, Errenteriako taldeak ezin izan zuen errepikatu iazko garaipena.
Orio izan zen hirugarren txanda nagusian, eta baita sailkapenean ere. Baina atzean ibili zen, 22 segundo galdu baitzituen garailearekin. Lehen txandan, Hernanik irabazi zien Arraun Lagunak eta Donostiarrari, eta hurrenkera horretan geratu ziren sailkapenean ere, laugarrenetik seigarrenera.
Bizkaian, ezusteak ez zuen zirrikiturik izan, eta Deustu da herrialde horretako lehen txapelduna. Garaipen historikoa da atzokoa, beraz. Portugaletek egin zuen bigarren 30 segundora, eta Lea-Artibaik hirugarren, minutu eta 28 segundora.
Korta eta bere eskola
Kaikuk ezustea eman du gizonen Bizkaiko Txapelketan, eta Oriok aurreikuspenak bete ditu Gipuzkoakoan. Emakumeetan, Deustu eta San Juan txapeldun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu