Korrikalari bat hil da Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdian

Hondarribiko helmuga gurutzatu ostean ziplo erori da 31 urteko kirolaria.

donibane
Donibane-Lohizune-Hondarribia maratoi erdiko larrialdi zerbitzuetako kideak, artxiboko irudi batean.
Edu Lartzanguren.
2024ko urriaren 27a
18:17
Entzun 00:00:0000:00:00

31 urteko korrikalari bat hil da gaur Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdian, helmugara heldu bezain laster.

Hondarribiko Arma plazan gertatu da ezbeharra, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Helmuga gurutzatu ostean, ezinegona sentitu du korrikalariak, lurrera erori da, eta bihotz-biriketako geldialdia pairatu du. Gurutze Gorriko langileak zeuden han, baina heriotza berehalakoa izan da, eta ezin izan dute suspertu.

Hildakoak Frantziako pasaportea zuela zabaldu du jaurlaritzak.

1998. urtean sortu zuten Donibane lasterketa, eta 21,1 kilometrokoa zen gaurko ibilbidea. Hondarribia kirol taldeak eta Ur Jokok antolatzen dute.

3.000 pertsona inguruk hartu dute parte gaurkoan. Proban parte hartu ahal izateko, federatuta egoteko edo kirola egiteko osasun ziurtagiri bat aurkezteko eskatzen diete antolatzaileek kirolariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.