Koteto Ezkurra

Korapiloa askatu zaio

28 urteko ibilbide profesionalaren ondoren, askorentzat inoizko erremontistarik onena izan denak irailaren 29an hartuko du erretiroa. Aurretik azken udararekin gozatu nahi du, «azken kartutxoa errez».

Koteto Ezkurra Galarretako kantxan,atzo, bere agurraren berri ematekoantolaturiko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Hernani</i>
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Zaila da erretiroa zergatik hartzen den Koteto Ezkurrak baino modu grafikoagoan azaltzea. «Lehen, erretiroaren ideia burutik pasatzen zitzaidanean, korapilo bat egiten zitzaidan urdailean. Urteekin, baina, korapilo hori lasaituz joan da, eta, orain, askatu egin da. Apaizek ustez jasotzen duten dei horietako bat bezalakoa izan da. Garbi ikusi nuen unea hau zela. Emaztearekin hitz egin, eta berak esan zidan hori sentitzen banuen uzteko garaia zela». Eta hori egingo du, hain zuzen, irailaren 29an, Galarretan, baina aurretik Doneztebeko jenioak azken uda bat eman nahi dio bere buruari, «giroarekin gozatzeko».

Koteto Ezkurrak atzo eman zuen bere erretiroaren berri. Kazetari ugari bildu ziren Galarretan, eta bere ibilbidean garrantzitsu izandako hainbat pilotari izan zituen alboan. Hunkituta mintzatu zen, batzuetan zotinka, eta bereziki ederra izan zen Patxi Zeberio «lagunari» emaniko besarkada. Ezkurrak 28 urte luzeko ibilbide arrakastatsuari amaiera jartzea erabaki du. Jose Mari Barrenetxea Oriamendiko buruak deskribatu zuenez, «handienetan handiena izan da, eta beti izango ditu irekiak Galarretako ateak, teknikari moduan-edo etorri nahi badu». Ez da gutxiagorako, askorentzat inoizko erremontistarik onena izan baita Jose Maria Abrego Arronizko magoa-rekin batera.

Ezkurra, egun, enpresako bigarren aurrelaria da, eta, ondo dagoenean, abantailak eman beharra dauzka partidak orekatzeko. Azken bi urteetan, baina, hanketako giharretako lesioek asko mugatu dute haren jarduna, eta uko egin zien txapelketei. Ezkurra, baina, animalia lehiakorra da, etxeko armairuan buruz buruko 11 txapela eta binakako bost ditu, jokaturiko hogeita lau finaletan. Eskuan erremontea lotu duen inor ez zaio ere gerturatzen. Meritu handiagoa du, halere, 28 urte horietatik ia guztiak estelarrak jokatzen egin dituela, asko astean lau jaialdi jokatzen ziren garaietan. Eta hori 16 urterekin profesionaletan debuta egin ondoren. Gaur egun, 16 urterekin lan egiteko gurasoen baimen berezi bat behar da. «Ohiturak asko aldatu dira urte hauetan, eta erremontea zulo batean dago. Denok egin behar dugu lan zulo horretatik irten dadin. Bitartean etxeko lanak ondo egin izanaren sentimenduarekin eskegiko dut gerrikoa».

Ezkurrarentzat «erraza» izan da erabakia hartzea; iaz lesioekin izaniko bi bolada txarrek zer pentsatua eman zioten. Erremonteak dena eman dio, eta oraindik onenean dagoela utzi nahi du: «Ate handitik joango naizela iruditzen zait, arrastaka ibili gabe». Hori bai, ez zuen egun batetik besterako agur bat nahi. Galarretako udak maite ditu, eta, buruz buruko txapelketarekin bat eginez, dozena bat partida jokatu nahi ditu, jaialdiko hirugarrenak. «Azken kartutxoa errez gozatu nahi dut».

Udako plangintza egiten ari da, baina sanferminetan ez du jokatuko Euskal Jain, ez torneoan ezta jaialdiko beste partidetan ere. Torneoan sartuz gero bere onena emango luke, eta horrek eragina izan dezake bere egoera fisikoan. Uztail-abuztuetan, astero partida bakarra jokatzea da asmoa, eta agurraren aurretik atseden hartzea. «Bestela, berriz ere hartuko dut min», bota zuen umoreko Ezkurrak. Egun horretan Galarretan jai handia antolatuko dute, eta Ezkurrak ibilbidean esanguratsu izan diren pilotariak nahi ditu alboan. «Garai on eta txarrak izan ditut, baina inoiz ez nuen pentsatuko nire ibilbidea hain polita izango zenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.