Bera Berak irailean hasi zuen denboraldia. Hilabeteetako lanaren ostean, iritsi da denboraldiko garai erabakigarria, datozen hiru asteetan liga eta Espainiako Kopa izango baititu jokoan. Irabazi edo galdu. Datorren ostiraletik igandera kopako azken fasea jokatu du. Donostian izango da, eta Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldea txapelketaren egungo txapelduna da. Gainera, duela bi urteko arantza kendu nahiko du. Izan ere, orduan ere azken fasea Gipuzkoako hiriburuan jokatu zen, eta Bera Berak finalerdietan esan zion agur txapelketari. Baina hori datorren asteburuko kontua izango da. Aurretik, ligako finalerdietako lehen partida izango dute jokoan, gaur, 19:00etan, Gaska kiroldegian. Aurrean egungo liga txapelduna izango dute: Malaga.
Partida garrantzitsua da gaurkoa. Izan ere, irabaziz gero, bigarren partidan—Malagan jokatuko dute maiatzaren 19an—nahikoa izango dute berdinketa bat finalerako sailkatzeko. Aurreko denboraldian Bera Bera ezin izan zen finalera iritsi, Elxek kanporatu baitzuen finalerdietan. Oraingo honetan, berriro ere titulurako kanporaketa erabakigarrian egon nahi dute.
Denboraldi honetan hiru aldiz jokatuko dute elkarren kontra. Lehena, Espainiako Superkopan izan zen. Orduan 28na berdindu zuten, eta penaltietan Bera Bera nagusitu zen. Ligan, berriz, Malaga etxean jokatu zuen partidan gailendu zen (26-21), eta Gaskan Bera Berak irabazi zuen (25-21). Bi taldeek puntu berdinekin amaitu zuten liga erregularra. Baina golen aldeagatik Malagak bigarren amaitu zuen sailkapenean, eta Bera Berak, hirugarren.
Bi taldeek oso ondo ezagutzen duten elkar, azken urteetan titulu nagusiak lortzeko borroka betean aritu baitira. Talde osoa dauka Malagak: Merche Castellanos, Silvia Arderius eta Eli Cesario Bera Berako jokalari ohiek osatzen dute, besteak beste, taldearen bizkarrezurra. Horrekin batera, Sole eta Espe Lopez, Estela Doiro eta Patricia Lima jokalariak ditu. Bertan jokatzen du ere Estitxu Berasategi usurbildarrak.
Bera Berarentzat funtsezkoa izango da defentsan sendo egotea. Horixe izan zen gakoetako bat ligan garaipena lortzeko, eta bide horretatik jarraitu behar du. Horrek kontraerasoan min egiteko modua eman diezaieke. Bestalde, urrutiko jaurtiketetan erabakigarria izango da ere Elke Karsten, Mariane Fernandes eta halako jokalarien ekarpena.
Partidaren atarian hitz egin zuen Laura Hernandez Bera Berako jokalariak. «Aula Valladoliden aurkako kanporaketan itxura ona emanda egin genuen aurrera, eta erronka horri segida ematea da. Etxean jokatuta, guretzat funtsezkoa da irabaztea. Horretan ahaleginduko gara, eta, gero, Malagan lana biribiltzen. Larunbatean [gaur] irabaztea ere bultzada handia izango litzateke, datorren astean jokatuko dugun kopako azken faseari begira». Taldea «ondo eta gogotsu» ikusten du. «Iritsi da denboraldiaren garai erabakigarria. Intentsitate handiko hilabetea dugu aurretik, partida gogorrekin. Baina halako neurketak jokatzea gustatzen zaigu guri. Taldea indartsu dago, eta bere onena emateko prest. Zaleen bultzada ere funtsezkoa izango da».
Gaurko neurketa honela aztertu zuen. «Bi taldeok ondo ezagutzen dugu elkar. Guk bizi jokatzen ahalegindu behar dugu, eta kontraerasoan min egin. Hala jokatzen dugunean egoten gara erosoen. Horretarako, baina, defentsan oldarkor aritu behar dugu, haiek baloiak gal ditzaten».