Denboraldia modu ezin hobean hasi bazuen ere, beharraren beharrez iritsiko da Alaves Espainiako Ligako hamabigarren jardunaldira. Izan ere, ligako azken bost neurketak galdu ditu. Espainiako Kopan irabaztea lortu du aste honetan, eta garaipen horrek ematen duen hauspoa baliatu nahi dute arabarrek. Mallorca hartuko dute gaur Mendizorrotzan (21:00, Movistar La Liga), eta zaleen beroa ezinbestekoa izango dute bolada txarra eteteko.
Joera txarra hautsi ezinda dabil Alaves azken hilabetean. Irailaren 20an lortu zuten gasteiztarrek azken garaipena ligan, duela hilabete baino gehiago. Geroztik, selekzioen geldialdia tartean, ligan jokatu dituzten bost partidak galdu dituzte. Gainera, horietako hiru aurkari zuzenen aurka izan dira: Getafe, Valladolid eta Rayo Vallecanoren kontra. Iragan asteartean, ordea, irabazi egin zuten Luis Garcia Plazarenek. Kopako lehen kanporaketan izan zen, Espainiako Federazioaren Bigarren Mailan lehiatzen den Compostelaren aurka: 0-1. Baina aurkari apalagoa izan arren, mugarri izan daiteke.
Entrenatzailearen etorkizuna ere kolokan egon daiteke. Azken bi urteetan lortutakoarekin klubaren historiara pasatuko da Garcia Plaza, baina goi mailako kirolak askotan erakutsi du ez daukala memoriarik. Horren inguruan mintzatu zen atzo prentsaurrekoan: «Bi denboraldi baino gehiago daramatzat hemen, eta badakit noizbait joan egin beharko dudala. Pentsa, agian Mallorcaren aurka galduz gero gerta daiteke hori. Nork daki. Hau futbola da, eta iraganak ez du balio. Baina jokalariei esan diet: nire lanak ez du huts egingo. Hau nire taldea da, eta bi urterako sinatu nuen kontratua betetzeko asmoa daukat. Ez nago urduri, eta Mendizorrotzaz gozatzen jarraitu nahi dut».
«Hau futbola da, eta iraganak ez du balio. Bi urterako sinatu nuen kontratua betetzeko asmoa daukat. Ez nago urduri, eta Mendizorrotzaz gozatzen jarraitu nahi dut»
LUIS GARCIA PLAZAAlaveseko entrenatzailea
Rayoren aurka galdutakoan, bere gain jarri zuen erantzukizuna Garcia Plazak: «Ni naiz egoera honen erantzule nagusia. Orain da benetan elkartzeko unea, familiek egiten duten eran». Atzoko prentsaurrekoan, aldiz, beste jarrera batekin agertu zen. «Iaz aurten baino okerrago geunden, baina oso elkartuta geunden, eta helburua lortuko genuela sinetsita. Aurten ere helburua lortuko dugula sinetsita gaude».
Deialdiari dagokionez, Huvo Novoa hegalekoak min hartuta jarraitzen du, eta harmailetatik ikusi beharko du partida. Aurreko partidarekin alderatuta, ordea, bi jokalari garrantzitsu berreskuratuko ditu Garcia Plazak. Aleksandar Sedlar osatu egin da, baina oraindik ez dago denbora asko jokatzeko moduan. Abdel Abqarrek, berriz, zigorra bete zuen Rayoren aurka, eta berriro arituko da. Hortaz, erdiko bi atzelariak laguntzeko prest izango ditu teknikariak.
Kluba egoera txarraren jakitun da, eta berebiziko garrantzia eman dio neurketari. Horregatik, giroa sortzeko asmoz, klubak bandera txuri-urdin bana banatuko dizkio Mendizorrotzara joango den zale bakoitzari. «Zaleak ezinbestekoak dira taldearen neurketetan, eta partida garrantzitsu honetan taldea bultzatuko duen giro bikaina lortu nahi dugu», adierazi du klubak.