Hilabete baino gutxiago falta da Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala jokatzeko Sevillan, eta pixkanaka ari dira argitzen horri begirako xehetasunak. Hala, Realak gaur aurkeztu du egun horretan eramango duen elastikoa. Sare sozialetan aurkeztu du, eta Asier Illarramendi, Mikel Oiartzabal, Mikel Merino eta Alexander Isak arduratu dira horretaz. Kamiseta berezia da, eta finalera iristeko aurreko sasoian Realak egindako bideari egiten dio erreferentzia. Zure bidea, gure bidea leloarekin egin du aurkezpena.
Kamisetak urre koloreko detaileak ditu, eta, zuriarekin tartekatuta, lau marra zuri urdin ditu aurrean, eta hiru atzean. Hain zuzen ere, Realak finalean egoteko jokatu behar izan zituen partidak izan ziren: Becerril, Ceuta, Espanyol, Osasuna, Real Madril eta Mirandesen aurkakoak. Azken aurkari horren kontra joan-itzulikoa izan zen kanporaketa. "Zazpi marra, zazpi oroitzapen", dio Realak aurkezpen oharrean. Ikurrina du elastikoak lepoan eta mahuketan.
Aurkezpen bideoan, gogora ekarri dituzte Mirandesen aurkako itzulerako partidaren ondoren Imanol Alguacilek taldeari eskainitako animo oihuak. Elastiko kopuru murritz bat atera dute, eta jada lehen egunean dozenaka zale joan dira Realaren dendetara erostera.