Zortea alde izan dute Euskal Herriko futbol taldeek Espainiako Kopako bigarren bigarren kanporaketako zozketan. Lehen mailako euskal taldeak Bigarren Federazio Mailako taldeen aurka ariko dira. Kategoria horretako bi euskal taldeek, berriz, Espainiako Lehen Mailako taldeak hartuko dituzte. Partida bakarra jokatuko dute, eta abenduaren 5a eta 7a bitarte jokatuko dira partida guztiak, maila apaleneko taldearen zelaian. Hauek dira euskal talde guztiei egokitutako partidak: Terrassa-Alaves, Andratx-Reala, Cayon-Athletic, Melilla-Eibar, Levante-Amorebieta, Tudelano-Las Palmas eta Eguesibar-Mallorca.
Espainiako Lehen Mailako taldeak pozik egoteko moduan dira. Maila apaleneko taldeak hartuko dituzte hiru taldeek –Osasuna hurrengo kanporaketan ariko da lehen aldiz–. Realak izango du bidaiarik luzeena. Lehenengo kanporaketan Buñoli 0-1 irabazi ostean, Balear Uharteetan ariko da Imanol Alguacilen taldea, Andratxen aurka. Alavesek eta Athleticek bidaia errazagoak egingo dituzte. Arabarrak Katalunian ariko dira; Terrassaren aurka jokatuko dute, Deportivo Murtzia 0-10 menderatu ondoren. Zuri-gorriak, bestalde, etxetik oso gertu ariko dira, Kantabrian. Santa Maria de Cayonera egingo dute bidaia, Cayonen aurka jokatzeko. Ernesto Valverderenek 1-2 irabazi zuten lehenengo kanporaketan, Rubiren aurka.
Bigarren Federazio Mailako bi euskal taldeek Espainiako Lehenengo Mailako aurkariak hartuko dituzte. Tudelanok Las Palmas hartuko du, lehen kanporaketan Recreativo kaleratu ostean. Eguesibarri, berriz, Mallorca egokitu zaio, Javier Aguirre Osasunako prestatzaile ohiaren taldea. Bigarren kanporaketara igarotzeko, Teruel garaitu zuen talde nafarrak: 1-0. Lehen Federazio Mailako talde bakarra zegoen zozketan, Sestao River, eta hark ere Espainiako Lehenengo Mailako talde bat hartuko du: Celta.
Espainiako Bigarren Mailako taldeak, aldiz, ez dute zortea alde izan. Bakoitzak bere arrazoiak ditu horretarako. Eibarrek oso bidaia luzea egin beharko du. Melillaraino joan beharko du, Lehen Federazio Mailan aritzen den talde baten aurka jokatzera, Melillaren aurka. Amorebietak ez du hainbeste kilometroko bidaiarik egin beharko, baina Espainiako Bigarren Mailako talde handi bati egingo dio bisita. Ciutat de Valencian ariko dira zornotzarrak, Levanteren aurka.
Final-laurdenak jokoan
Emakumezkoen txapelketako zozketa ere egin da. Final-zortzirenetako zozketa zen. Horregatik, aurkari gogorrak egokitu zaizkie hiru euskal ordezkariei. Alaves izan da kaltetuena. Gasteizko taldeak etxean jokatuko du final-zortzirenetako partida, baina goi-mailako aurkaria egokitu zaio: Atletico Madril. Madrildarrak ez daude une onenean, baina iazko txapeldunak dira. Athletic ere etxean ariko da, eta Espainiako hiriburuko beste talde bat jasoko du: Madril CFF. Oso talde sendoa da madrildarra, eta sailkapeneko hirugarren postuan daude. Realak izan de zorte gehien. Txuri urdinak etxetik kanpora arituko diren arren, Huelvan (Andaluzia) jokatuko dute, ligako azken sailkatuaren aurka: Sporting. Gaur arte puntu bakarra eskuratu dute . Kanporaketak partida bakarrekoak izango dira, eta urtarrilaren 13an eta 14an jokatuko dira partida guztiak.