ACB ligak partidaz bete ditu Gabonetako oporretako egunak, eta 14. jardunaldiko ia guztiak gaur jokatuko dira. Hiru euskal taldeek oso norgehiagoka garrantzitsuak dituzte: Bilbo Basketek eta Laboral Kutxak aurre egingo diete Espainiako Koparako sailkatzeko postuetan sartzeko aurkari zuzenei; Gipuzkoa Basketek, berriz, Fuenlabradari, atzetik dituen hiru taldeetako bati.
Azken jardunaldiak erabat aldatu du Laboral Kutxaren egoera; gaur Zaragozan irabazten badu (20:30), Kopa postuetan sartuko da. Zaragoza 7. sailkatua da; Baskonia, 9.a, garaipen bat gutxiagorekin. Azken egunetan, dena den, jokalari mugimenduak albiste garrantzitsuagoak dira Gasteizen, ligako jarduna baino. Izan ere, Sasha Vujacicek eta Lamont Lamont Hamiltonek aurki utziko dute taldea: bata Turkiara doa; bestea, Errusiara. Trukean, Ben Hansbrough eskolta fitxatu dute.
Bilbo Basket egoera hobean dago —5. postuan—, eta garaipen bakarra aski du Koparako sailkatzeko. Gaur du pausoa emateko aukerarik onena, Teneriferen pistan (22:00) —10. sailkatua—. Bilbotarren hurrengo aurkariak Bartzelona, Valentzia eta Unicaja dira.
Rafa Huertas, Donostiara
Gipuzkoa Basketek ere etxetik kanpo jokatuko du, Fuenlabradan (20:45), eta irabazita bi garaipenen tartea irekiko luke jaitsiera postuekin. Lan horretarako Rafa Huertas eskolta espainiarraren laguntza izango gu, Mikel Motosen hutsunea betetzeko fitxatua. GBC Illunbeko zaleen bi kutun ohien aurka ariko da: Andy Panko eta Jimmy Baron.
Kopa eta arnasa lor ditzakete gaur euskal taldeek
Laboral Kutxa, Bilbo Basket eta GBC aurkari zuzenekin ariko dira.Hamiltonek eta Vujacicek oso zail dute Gasteizen jarraitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu