Kopa daukate zain

Ingalaterrak eta Hegoafrikak Munduko Errugbi Kopako finala jokatuko dute gaur, Japonian. Iñaki Laskurain Euskadiko Federazioko presidenteak ingelesak jo ditu faboritotzat.

Pieter-Steph du Toit hegoafrikarra, Galesko jokalari bati izkin egiten. MARK R. CRISTINO / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Atzean geratu da ia hilabete eta erdiko lehia gogorra. Gaur goizean jakingo da zein den errugbiko nagusia. Ingalaterrak eta Hegoafrikak Munduko Kopako finala jokatuko dute Japonian, Yokohaman, 10:00etan (Vamos eta TF1). Zer gerta ere, aldaketa izango da, azken txapeldunaren arrastorik ez baitago finalean. Zeelanda Berriak irabazi zuen Munduko Kopa 2015ean, Londresen, finalean Australia mendean hartuta. Baina hirugarren izatearekin konformatu behar izan du oraingoan. Hain zuzen ere, 40-17 irabazi zion atzo Galesi hirugarren eta laugarren posturako partidan.

Ingalaterrak kanporatu zituen All Blacks finalerdietan: 19-7. Hegoafrikak, berriz, 19-16 hartu zuen mendean Gales. Beraz, ipar eta hego hemisferioko selekzioen arteko lehia izango da berriz ere. Ingelesek laugarrenez jokatuko dute finala, eta hegoafrikarrek hirugarrenez. Bitan izan dira txapeldun hegoafrikarrak, eta behin europarrak. Hain zuzen, bi selekzio horiek duela hamabi urte izan ziren azkenekoz finalean, eta Hegoafrika gailendu zen. 15-6 irabazi zuen Parisen.

Faboritorik ez dago gaur. Hala uste du ere Iñaki Laskurain (Eibar, Gipuzkoa, 1968) Euskadiko Errugbi Federazioko lehendakariak. «Oso ondo ari dira biak, eta ez da ikusten alderik. Parekotasuna da nagusi». Hala ere, apustua egiteko eskatuta, Ingalaterraren alde egin du. «Irudipen hori dut. Lehiaketa hasi bezperan esan nuen, eta ordukoari eusten diot».

Laskurainek bi selekzioen indarguneak azpimarratu ditu: «Ingalaterra bikain ari da defentsan, eta Hegoafrika erasoan». Estatistikek ere hori diote: ingelesei egin diete puntu gutxien, 36 besterik ez, sei partidako. Hegoafrikarrek, berriz, puntu gehien lortu dute: 230 puntu, 38 neurketako. Bi alor horietan espezialistak dituzte bi taldeek. Hala, Handre Pollard hegoafrikarra eta Owen Farrell ingelesa bigarren eta hirugarren dira puntu gehien lortu dutenen artean, 47 eta 46rekin, hurrenez hurren. Ostikatzaileak dira biak,sailkapenean aurretik duten jokalaria bezala, Yu Tamura japoniarra: 51 puntu lortu ditu. Ezusterik ezean, biek gaindituko dute.

Baina dena ez da hagen artean baloia ostikoz pasatzea, eta hor badago aldea: Hegoafrikak 31 entsegu lortu ditu, eta Ingalaterrak 22. Makazole Mapimpi hegoafrikarra nabarmendu da, bost entsegu lortuta. Aldiz, defentsan, aurkariek aurrera egitea eragozten bi ingeles ageri dira onenen artean: Sam Underhill eta Maro Itoje. Bien artean 137 aldiz geldiarazi dute kontrario baten ahalegina.

Laskurainen ustez, «bi estiloren arteko lehia» izango da finala. «Hegoafrikak betiko jokamoldeari eusten dio: ostikoa aurrera eta presioa egin, indartsu, aurkaria kikiltzeko asmoz. Horrela aritzeko jokalari aproposak ditu, gainera, oso indartsuak. Ingalaterra, berriz, aberatsagoa da baliabidez, ez du jokamolde zehatzik, eta gai da bizpahiru eratara aritzeko».

«Ostikoekin asmatzea, akatsik ez egitea eta final baten inguruan egon ohi den presioa eta emozioak ondo kudeatzea» jo ditu gakotzat. Eta horretan ere Ingalaterraren alde egin du. «Burua hotz izan ohi dute. Hegoafrikarrek, ordea, bihotzarekin jokatzen dute, onerako zein txarrerako». Gauza bakarra eskatu dio finalari: «Ikusgarria izatea. Erasoko jokoa, joko zuzena eta jokaldiak izan ditzala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.