Ipuruako aldagela ez dago Txema Añibarrok (Zeberio, Bizkaia, 1979) duela zazpi denboraldi ezagutu zuen bezala. Orduan ez zeukan jokalari bakoitzak bere argazkiarekin apaindua armairutxoa; orain bai. «Lehen Mailan aritzearen kontuak dira», esan du Eibarreko kapitainak.
Lehen Mailan debuta egin duzunean sentitu zara Lehen Mailako jokalaria?
Jokatu egin behar dela uste dut hori sentitzeko. Lehen Mailako taldean nago, baina jokatu gabe ez da gauza bera. Orain ikusten dut Lehen Mailakoa naizela.
Ez zinen ondo pasatzen ariko jokatu gabe egonda, ezta?
Ez da atsegina, ez. Gogorra ez dela esango banizu, neure buruari gezurretan ariko nintzaioke. Burumakur egon naiz, eta lagunen animoekin eta gogorra naizelako psikologikoki, aurrera egin dut, eta, azkenean, lortu dut helburua.
Jendeak ikusten ez duen sufrimendua pairatzen ibili zara orain arte.
Jendeak esaten zidan ez nengoela kexatzeko, Lehen Mailako talde batean nagoelako, baina ez nator bat horrekin. Ez nago konforme nire egoerarekin, eta ezin naiz konforme egon neure buruarekin. Denok nahi dugu jokatu, eta hala behar du.
Talde batean ezinbestekoa da hala izatea, bestela entrenamenduen mailak ere behera egingo lukeelako, ezta?
Garbi dago ona dela taldearentzat. Eguneroko lan onak aberastu egiten du taldea, eta maila igoarazi.
Lehen Mailan jokatzea zertan egin zaizu ezberdin?
Lehen Mailan indartsuak eta azkarrak dira jokalariak, eta hobeak ere bai. Munduko jokalari onenen aurka ari gara jokatzen, eta horri antzematen dio gu bezalako talde apal batek.
Erosoago non aritu zinen, Kordoban ala Anoetan?
Kordoban jokatzera bigarren zatian atera nintzen, eta ez nuen espero. Anoetan jokatuko nuela astearen erdian jakin nuen, eta beste presio batekin aritu nintzen entrenatzen.
Jokalari guztiek duzue zuen zeregina taldean, asko zein gutxi jokatu. Zure lana da aldagelako gidaritzaren ardura?
Beteranoena naiz; zazpigarren denboraldia dut Eibarren, eta aldagela hau ezberdina da besteen aldean. Denok gara gertukoak; oso harreman ona daukagu. Ipuruan bazkaltzen dugu sarri elkarrekin, afaldu ere bai batzuetan; zerbait hartzera ere ia denok joaten gara... Kanpotik datorrenari erraztasunak eta laguntza eman behar zaizkio. Lan horiek egiteko ere banago ni. Azkenean, ni joango banintz jokatzera beste herrialde batera, nahiko nuke horrelako babesa eta laguntza izatea.
Bi partida jokatu eta gero, jarraitu behar duzu hamaikakoan?
Gaizkari [Gaizka Garitano] galdetu beharko diozu [barrezka]. Berdin jarraituko dut lanean, jokatu edo ez jokatu. Bihar jokalari hobea izan nahi dut, eta hobetzea da nire asmoa. Horretarako, egunero egin behar ditut entrenamendu onak, eta, jakina, Gaizkari erakusten segitu behar diot hemen naukala jokatzeko prest.
Raul Albentosa joan zen, eta ez da inor etorri haren ordez oraingoz. Hori zure mesederako izanik, nahiago inor ez etortzea?
Badakigu bat joan zela beste liga batera, eta leku bat dago orain libre. Albentosa hemen egon balitz, nik ez nuen izango jokatzeko aukerarik. Ordezkoa etorriko den edo ez, Gaizkaren erabakia da, eta klubarena. Etortzen bada, berdin segituko dut lanean.
Taldeak behera egin du azkeneko bi partidetan?
Emaitzei begiratzen die jendeak, eta bi partidetan puntu bakarra atera dugunez... Hala ere, Anoetan ez genuen galtzea merezi.
Aurkari zitala duzue etzi: Atletico Madril.
Azkeneko txapelduna da, oso talde ona. Baina guk partidaz partida joan behar dugu, eta hauxe dator orain.
Unai Emeryk esan zuen zuek zaretela Atletico Madril txikia.
Bati baino gehiagori entzun diot hori. Ez da alderaketa txarra, eta espero dut gu hobeak izatea etzi.
Lehen Mailaren inguruko handikeriak harritu egin zaitu?
Parafernalia dezente dago, hau azkenean negozioa delako. Interes handiak daude bueltaka.
Burutik pasatu ere ez zitzaizun egingo hau dena biziko zuenik duela zazpi denboraldi etorri zinenean.
Ez, ez. Txikitan ametsetan egiten nuen, baina nire egoera berezia izan da, maila guztietan aritu naizelako. Heldu naiz gora, lan asko eginda, eta pozik nago.
Noiz hasi zinen futbolari egun osoa ematen, zure lanbidea utzita?
Orain dela zazpi denboraldi, Eibarrera etortzean. Ordura arte, lan egiten nuen eta arratsaldean entrenatu.
Lanpostua oraindik ere gordetzen dizu enpresak?
Bai. Kooperatiba batean nago, eta eskerrak eman behar dizkiet lekua gordeta dudalako.
Epe laburrean, lantegian ala futbolean ikusten duzu zeure burua?
Ez dakit, baina gustatuko litzaidake futbolean jarraitzea. Entrenatzaile titulua ateratzen nabil, eta batek jakin.
Txema Añibarro. Eibarreko jokalaria
«Kooperatiba batean daukat lanpostua gordeta oraindik»
Taldeko kapitaina da, eta duela bi aste jokatu zuen aurreneko aldiz Lehen Mailan. Zazpigarren denboraldia du Eibarren, eta orduantxe hartu zuen eszedentzia lanean. Pausoz pauso heldu da elitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu