Kontxako haurraren helduaroa

Duela hamar urte azaldu zen aurrenekoz Xabi Prieto, Oviedon. Gaztea zelarik, heldu portatu zen. Heldua delarik, gazte izatea lortu du. Hori da bere meriturik handiena.

Xabi Prieto sasoi honetan Atletico Madrili sarturiko gola ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Lurrean jarritako bi jertse edo bi motxila nahikoak ziren atetxo bat irudikatzeko. Plastikozko baloia ateratzea baino ez zen geratzen orduan, eta zaharragoak ez etortzea tokia kentzera. Euria ari zuela eta bost axola irakaslearen geroko errietak mela-mela eginda itzultzeagatik eskolara. Bi gol sartu zenituen jolasgaraian, eta lagunek Kodro izaten utziko zizuten hurrengokoan. Hori bai pagotxa! Okerragoa izan zitekeen etxeko norbaiti kopeta belztea. Segidan baitzetorren egiazko erretolika. «Atotxara joan nahi al duzu igandean, Xabi? Bai? Orduan egon zaitez geldi behingoz». Eta Prietok ez zuen zirkinik egiten. Egun oso batez egon zitekeen estatuarena eginez behar izanez gero. «Bost urte nituela oparitu zidaten bazkide txartela, eta ez zegoen zelai zaharrera joatea baino gauza zirraragarriagorik!», gogoratu du Realeko kapitainak futbolarekin lotu zuen aurreneko korapilo askaezinaz galdetzean. «Futbolak den-dena biltzen zuen gure mundu txikian. Gozamena, lagunak, irribarrea, amorrua, poza, zaputzak…».

Jokoa jolas, funtsean. Batez ere, larunbat goizetan Kontxako hondartzan. Kautxuzko baloiaren garaiak ziren horiek. Larruarenak eta harri txintxar eta belar artifizialeko zelai handienak geroxeago iritsiko ziren: Donostiako Berio, Jasonebaso, Martutene, Herrera eta Matigoxotegiko jokalekuen eraldatzearekin. Anaia nagusiaren erreferentzia zuen Xabi Prietok, Iñakirena. Bi urte zaharragoa izanik, haren aztarnak ziren jarraitu beharrekoak, berezkotasunaren aginduz edo. Valeri Karpin, Javi De Pedro, Agustin Aranzabal, Iñigo Idiakez eta Oscar De Paula talde txuri-urdineko garai hartako izarrak baino dezentez hurbilagokoa, benetakoa. Iñaki nora, Xabi hara. Hondarribiko pasartea datorkio burura anaia gazteari. 1996ko udaberria zen. «Gipuzkoako konbinatuarekin jokatu zuen gazte mailako Lopez Ufarte torneoa Iñakik. Real Madrilen aurka jokatu zutenean, Iker Casillas izan zuten parean, eta anaiaren ondoan, zelai erdian, Xabi Alonsok jokatu zuen».Tolosarraz gain, Lehen Mailara iritsi arteko bidea egin zuten hainbat elkartu ziren egun hartan Hondartzako zelaian. Aritz Aduriz, Javier Portillo eta David Aganzo, esaterako. Ikusleen artean zegoen mutiko luzexka eta argalak ere horixe bera lortuko zuen.

Realaren deia

«'Realetik deitu dute etxera zutaz galdezka', esan zidan aitak. Ezustean harrapatu ninduen erabat. Zer esan eta zer egin ez nekiela geratu nintzen. Poz-pozik eta oso urduri», azaldu du irribarretsu. Gazte mailara pasatzea tokatzen zitzaion berez Lizeo Santo Tomaseko lagunekin, eta Mikel Etxarri zen orduko txuri-urdinen kirol arduradun nagusia. «Hernanira joan zen utzita lehenik. Iñaki Sarriegi zenak herrialdeko taldeekin lotura estua zuen, eta bion artean hartu genuen erabakia. Hernanitik jokalari gazte bat ekarri genuen Zubietara, eta konpentsatzeko-edo izan zen», adierazi du Etxarrik. Roberto Olabe gazteen entrenatzailea ez zegoen ados. 2000-2001 denboraldia izan zen Prietoren estreinakoa Zubietan, gasteiztarraren aginduetara. Olabek duela gutxi utzia zion futbolari izateari, laster hartuko zuen lehen taldeko zuzendaritza eta uste osoa azaldu zuen betidanik kapitainaren ahalmenean. «Goraino iristeko aukeraz jabetu nintzen horri eskerrak. Argi neukan futbolari izan nahi nuela».

Gorabeherak

2003ko urriaren 8an debutatu zuen talde nagusiarekin Prietok, Oviedoko Carlos Tartieren. Kopa partida huraxe baliatu zuen Raynald Denoueixek txandakatzeak egiteko, eta donostiarrak ez ezik, Iban Zubiaurrek ere gau hartan jokatu zuen aurrenekoz. Asier Riesgo atezainaren aukera ere aurki iritsiko zen. Hirurak adinkideak, bakoitzaren ibiliak argi utz dezake ez dagoela edozeinen esku goi mailan egonkortzea; testuinguruak edozeinen balioa mugatu dezake, eta kanpoko eta barneko indarrak elikatzea ezinbestekoa da. Zer esanik ez talde bateko erreferentzia bilakatzeko. Donostiarrari hasieratik eskatu zitzaion erabakigarria izateko beti. Gezurrezko oparotasunaren ondotik, kluba nora ezean zebilen, galduta. Zaleen egonezina eta zatiketa gero eta handiagoa zen. Denbora prozedurak ondorioz ez ziren errespetatzen, eta Prietok ez zuen astirik izan bere estiloa zehazteko. Jokoan eragin zuzena izan behar zuen, eta kito.

Ardura zenbat eta handiagoa izan, bere lidergoari buruzko eztabaidak orduan eta ozenagoak ziren. Mikel Labakak harreman estua izan zuen Prietorekin. «Futbolean jokatzeko trebetasun ikaragarria frogatu du betidanik. Gertutik ezagutzen ez duenak izaera hotzekoa dela esatea ulergarria gertatzen zait, baina horrek ez du zerikusirik ardurari uko egitearekin. Ez du inoiz paso egin. Bai zelaian, bai kanpoan, beti hartu ditu bere gain hartu beharreko ardurak. Eredugarria iruditzen zait, eta taldeko kapitainak izan beharreko baldintza guztiak betetzen ditu», iritzi dio azpeitiarrak.

Talde barruan betetzen duen funtzioaren araberakoa izan daiteke jokalariaren erronka nagusia. 2007an eta ondorengo bi urteetan, besteak beste Labakak berak, Mikel Aranburuk eta Prietok Realak bizirik irautea izan zuten buruan. Hori bai desafioa. Bigarren Maila, Iñaki Badiolaren agintaldi zoroa, Konkurtso Legea, erabateko ezegonkortasuna… Reala normaltasunetik urruti zegoen, arnasestuka. Bakoitzak bere onena eman zuen, eta elementu txiki bakoitzak indarrak batzeko balio izan zuen. Egungo taldeko jokalari batek modu honetara azaltzen du Prietoren eragina. «Bigarren urtez segidan mailaz igotzeko aukerarik gabe geratu ginen, eta Diaz de Zeriok eta Castillok uko egin zioten taldean jarraitzeari. Nahasmena handia zen; galdera askoko eta erantzun gutxiko garaia denontzat, eta Xabiren mailako jokalari batek, hala ere, klubean segitzeko erabakia hartzea eredugarria izan zen gazteagoentzat. Konfiantza eta segurtasuna eman zigun horrek».

Taldeko kapitainak argi dauka zer izan zen Bigarren Maila. «Pare-parean jarri gintuen taldekide guztiak, mailakatu gabe. Autobuseko bidaia luzeetan, lurrean lo egitea tokatu zitzaigun denoi, lo-zakuetan. Orduan ohartu ginen zer galdu genuen Lehen Maila atzean utzita, eta hori berreskuratzeko inoiz ez bezala egin genuen bat. Lagun talde bat bilakatu ginen».

Sustraietara buelta

Patuaren keinua-edo izan daiteke. Zubietara heldu baino lehen, erdi-erditik aritzen zen Prieto, eta jokalari modura helduarora iritsi den honetan, barrura itzuli da. Zelaian ondo pasatzea lortu du berriro, Kontxako garaiak zaharberritzea. «Iazkoa izugarria izan zen. Aurkaria baino gehiago ginela uste izan genuen, eta ezerk ez gintuela geratuko». Jokoaren sormenean parte hartuz, baloiaren zirkulazioan eragina izanik. Izkin egin, eta erdiraketak ateratzeko baino baliabide gehiago dituela erakutsi zuen. Gertukoenek bazekiten hori. Taldekideek ez ezik, entrenatzaileek ere bai. Jagoba Arrasateren aurretik, hamar izan zituen. Guztiekin jokatu zuen. Aurreko bi hamarraldietan Anoetan hasi ziren harrobiko mutiletatik 300 norgehiagoketako langa gainditu zuen bosgarren jokalaria izan zen Mikel Aranburu, Agustin Aranzabal, Aitor Lopez Rekarte eta Javi De Pedroren atzetik. Orduko estatistikek diote hamar jokalari gazteen artetik bakarrak lor dezakeela hori.

2017.urtera arteko kontratua sinatu zuen joan den denboraldian. Etxean amaitu nahi du etxean hasitakoa. «Hemendik kanpo jokatzeko aukerarik izan ote dudan? Bai, baina ez da posible, ezin liteke». Zergatik ez? «Ito egingo litzateke herrimina sentitzean». Juan Dominguez Real Unioneko jokalariarena da erantzuna, Prietoren lagun mina da. Berezko argibide sinplea. Bi jertse lurrean jartzea bezain erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.