Kontxako Bandera

Kontxako Banderaren kartela Hong Kongeko arraun modalitate batean oinarritzen da

Sare sozialetako erabiltzaileek nabarmendu dutenez, besteak beste, patroia ontziaren brankan dago, eta ez popan, traineru estropadetan egon ohi den bezala.

@Orioarraunean erabiltzaileak, Twitterrera igo duen irudia. @ORIOARRAUNEAN
jon ordonez garmendia
2022ko abuztuaren 26a
12:20
Entzun

Atzo aurkeztu zuen aurtengo Kontxako Bandera Donostia Kulturak, eta, horrekin batera, estropadaren kartela. Brenno Henrique diseinatzailak egin du eta Berriro elkarrekin du izenburu. Sare sozialetan hainbat erabiltzailek ohartarazi dutenez, baina, karteleko irudia ez da traineru estropada baten irudia. Izan ere, patroia ontziaren brankan dago, eta ez popan.

@orioarraunean txiolariak nabarmendu du akatsa: «Goitiko irudiak... milaka argazki daude non ikusten den traineruak sortzen dun ubera, irudikatzeko... bainan ez, aurtengo diseinua egin duenak, telebistatik ere ez ditu traineruak ikusi...».

Eta erabiltzaile horrek berak aurkitu du akatsaren azalpena. Hong Kongeko arraun modalitate baten irudia jarri du Twitterren, kartelaren aldamenean, eta antzekotasunak agerikoak dira. Hor ikusten da ontziaren uberaren aurrean dagoela patroia.

Irudi horretan ikusten denez, arraun motzekin aritzen dira arraunlariak Hong Kongen, eta, beste erabiltzaile batzuek nabarmendu dutenez, eskuetako bat karelaren gainetik ateratzen dute, eta patroiaren belauna arraunaren gainetik dago jarria.

Oro har, kartela izatez polita dela esan du batek baino gehiagok, baina ez dela zuzena: «Konposizioa ez da itsusia, bainan traineruaren irudikapena GAIZKI dago !!... eta 1879tik ari omen gara...», gaineratu du @Orioarraunean-ek. «Egileak traineruak ezagutu ez arren, kartela onartu duenak hainbeste jakin beharko zuen!», esan du @Vistalegrenbizi erabitzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.