Emakumezko arraunlarien beharra zutela-eta bertaratu zen Hibaika Arraun Elkartera, tostartean jesartzea zer zer imajinatu ere egin gabe. Bada, hamasei urte eman ditu arraunean kateatuta: hamahiru bere betiko taldean, eta azken hirurak Donostia Arraun Lagunak-en. Kontxako Bandera bigarrenez irabazita esan dio agur arraunari, orain ere isilik. Euria goi eta behe ari dela ireki du Koldo Mitxelena ikastetxeko ate nagusia Eli Pescadorrek (Errenteria, Gipuzkoa, 1982). Tostan ez, ikasle baten aulkian eserita erantzun die galderei.
Ametsetik esnatu zara?
Aste honetan hasi naiz pixka bat lurreratzen. Atzo [aurreko asteazkenean], adibidez, taldekide izan garenok klubean elkartu ginen, trainerua eta materiala mugitzeko. Barealdia datorren honetan, pena sumatzen hasi naiz. Orduan konturatzen zara hau guztia bukatu egin dela.
2019an arrauna utzi zenuen, eta 2021ean itzuli zinen. Betiko utziko duzu?
Bai. Aurtengo denboraldia oso gogorra izan da. Gorputzak esan dit nahikoa dela. Ezin nuen erritmo horretan jarraitu. Asko gaixotu naiz, kasik hilabetero. Udan ere berdintsu ibili naiz, ezer larririk izan ez dudan arren. Baina urtea oso gogorra egin zait; gripea ez zenean, gastroenteritisa nuen. Ezin nuen burua altxatu, eta, orduan, kito. Atsedena behar dut.
Egun batean hartutako erabakia izan da?
Pixkanaka hartutakoa izan da, pentsamenduari ez bainion leku gehiegirik eman nahi. Geratzen zitzaidanaz gozatu nahi nuen.
Nolakoak ziren zeure buruarekin izandako solasaldiak?
Askotan, pentsatzen nuen hau guztia utzi egin behar nuela. Neguko lanean, hamar egunez entrenatu gabe egon nintzen martxoan. Geldirik egoteak bere ondorioak izango zituen denboraldi amaierarako, baina konpromisoa hartuta zegoen. Momentu horietan presioa jartzen nion neure buruari, iritsi ahal izateko.
Egoera horretan, ingurukoen babesa izan zenuen?
Taldekideak eta talde teknikoko kideak ondoan izan ditut beti, animatzen eta babesten. Asko lagundu didate, eta eskertzen diet.
Nolako urtea izan da?
Ikasteko urtea izan da. Orain arte bizi ez ditudan une batzuk izan ditut, eta horrek, noski, beste egoera batean jartzen zaitu. Gogorra, baina, era berean, ikasteko balio izan dit: gauzak pazientziaz hartu behar dira, eta erlatibizatzen jakin behar da, arrauna ez baita gauzarik garrantzitsuena.
Nori esan zenion arrauna uztera zindoazela?
Pare bat laguni esan nien, baina, egia esan, nik gorde dudan zerbait izan da. Kontxako Banderako bigarren estropada amaitu ondoren esan nien taldekideei. Isilean eraman dut, inoiz ez baitzait gustatu denboraldi erdian arraunlari batek esatea bere azken sasoia izango duela. Iruditzen zait indarra galtzeko eta pentsamenduak nahasteko aitzakia bat izan daitekeela. Beraz, nik nahiago nuen taldea zentratua egotea.
Nola hartu zuten albistea?
Urte guztian txantxetan aritu dira, esanez bala gutxi geratzen zitzaizkidala. Hain justu, Kontxako bigarren estropadako azken txanpan, patroia [Andrea Astudillo] arraunlariak banan-banan animatzen hasi zen, eta niri: «Eli, azken bala!». Estropada bukatutakoan, uretan ginela, arraunlarion artean komentatu genuen Andreak esandakoa. Azkeneko estropada zela esan nien. Nahiko harrituta geratu ziren, eta baten bat negarrez hasi zen.
Taldekideak alboan izateak zenbat balio du?
Asko. Harreman oso polita sortu dugu, eta alde horretatik ematen dit penarik handiena taldearekin ez jarraitzeak. Halere, nire asmoa da haiekin entrenatzen jarraitzea, uzten didaten bitartean. Beste erritmo eta modu batera izango da. Ikusiko dut zer egiten dudan, baina arraunlariekin harremana izan nahi dut aurrerantzean ere.
Azken etapa honetan, bi Kontxako Bandera eta bi Euskotren liga irabazi dituzu. Lasai zoaz?
Oso lasai noa. Azken hiru urteetan bizitakoa oparia izan da, nik ez bainuen uste hau guztia etorriko zitzaidanik, ezta horrelako garaipenak lortuko nituenik ere. Bada, etorri dira. Atzera begiratuta, pandemiak eragindako egoeragatik ezin nuen planik egin, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Arraunera itzuli nintzen.
Arraunlari askok Kontxa irabazi gabe hartzen dute erretiroa. Alde horretatik, pribilegiatua sentitzen zara?
Arrauna uzteko modu hoberik ez dago. Halere, Kontxa irabazita, jarraitzeko gogo hori etor daiteke. Momentu oso hunkigarriak bizi izan nituen azken estropadan.Une asko gogoratzen ditut.
Adibidez?
Azken bi minutuetan, argi neukan Kontxako Bandera gurea izango zela. Lehen kaletik gindoazen, eta inoiz ez nuen entzun hainbesteko oihurik. Ontzi barruan gozatzen ari nintzen.
Arraunlaria irabaztera kondenatuta dago?
Ematen du arraun ibilbidean irabazi egin behar dela. Bada, benetan oso zaila da irabaztea. Talde kirol bat denean, zorte handia behar duzu, zein taldetan zauden eta aurkariak ere nola dauden. Irabazten ez denean, ziurtzat jotzen da gauzak gaizki egin direla. Inondik inora ez da horrela. Arraunlari asko daude ez dutenak bandera bakar bat ere irabazi, baina haien kalitatea izan daiteke irabazi duen batenaren parekoa edo hobea.
Arraunak zer kendu dizu?
Familiarekin edota lagunekin egoteko denbora kendu dit, baita oporretara joatekoa ere. Kendu didana berreskuratzen saiatuko naiz. Nahiko lan izango dut denbora hori guztia betetzeko, ordu asko baitira. Ikusiko dugu.
Nolakoa izan da Hibaikatik Arraun Lagunak-era eman duzun jauzia?
Ez zen erraza izan. Hibaikan lehenengo trainerua uretaratu zenean, han nengoen, eta 2019an utzi nuenean, hasierako bi arraunlari bakarrik geunden. Hasieran, bertigoa ematen zidan Arraun Lagunak-era joateak. Oso ondo hartu ninduten, eta une horretan jabetu nintzen bizitzan zehar momentu jakin batzuk daudela. Neure buruari beste aukera bat eman nion.
Zeure buruari presio handiagoa jarri diozu Donostiako taldean egin dituzun hiru urteetan?
Nik beti jarri diot presioa neure buruari. Leku berri batera zoazenean, guztia berria izaten da, eta urduritasuna beti dago: «Behar bezain ondo arituko al naiz? Balio al dut?». Aldaketek beldurra ematen dute, eta exijentea naiz.
Aurreko sasoian, Ane ahizparekin tostartean aritu zinen, urte askoan aurkariak izan ondoren. 2022an ez zenuten Kontxa irabazi. Horren pena baduzu?
Polita izango zen biok elkarrekin irabaztea, baina aurreko sasoia hala moduzkoa izan zen. Halere, lehenengo aldia izan zen elkarrekin arraun egin genuela, eta gauza asko partekatu genituen. Beste gertutasun batetik hitz egiteko aukera izan genuen, aurrez ez baikenion elkarri nahi genuen daturik ematen.
Hibaika elkartean sartu zinen lehen aldia oroitzen duzu?
Kirola egitea gustatzen zitzaidan, eta, duela hamasei urte, kuadrillako batek esan zidan klubean jendea behar zutela, eta han agertu nintzen, gehiegi pentsatu gabe. Erabat kateatu nintzen.
2012an atera zenuten lehendabizikoz Hibaikaren trainerua. Zer izan zen hura?
Klubean genituen baliabide gutxiekin uretaratu genuen trainerua; hau da, traineru bakarra zegoen gizonentzat eta emakumeontzat. Biok erabiltzen genuen.
Ordutik, zertan aldatu da Eli Pescador?
Lehen, presio handiegiarekin egiten nien aurre estropadei, irabazi beharragatik. Gerora ikasi dut gozatzen, urduritasunak gogo eta nahi bihurtuz.
Eta nolako bilakaera izan du emakumezkoen arraunak?
Hasieran, ezjakintasun handia zegoen, ez bakarrik entrenamenduetan, baita egituran ere; adibidez, ez genekien ligak nolakoak izango ziren, zenbat estropadatan lehiatuko ginen... Orain, egituratuago dago, gauza asko hobetzeko dauden arren. Emakumeok oraindik ezin ditugu erabakiak hartu lehiaketaren inguruan.
Zortzi talde aritu zarete aurrenekoz Euskotren ligan. Barrutik nola bizi duzu?
Barrutik zirraragarria izan da zortzi traineru gorengo mailan lehiatzea. Exijentzia handitu egin da, eta aurrerapauso bat izan da. Egokitzat jo dugu, baina oraindik gauza asko hobetu daitezke.
Gero eta gazte gutxiago daude traineruetan. Zergatik?
Gero eta gazte gehiagori kostatzen zaiolako seniorretara heltzea. Arrauna kirol oso sakrifikatua da. Asko bete behar zaitu, gauza asko uzten baitituzu alde batera. Gazte askok erreta bukatzen dute. Gizartean errotuta dagoen arazo bat da hori; kirolari geroz eta konpromiso txikiagoa ematen zaio.
Harrobiarekin lan egiten ez duten taldeek trainerua zintzilikatzeko arriskua dute?
Izan dezakete, eta, beraz, oso garrantzitsua da klubetan harrobiko lana egitea, traineruak uretan egon daitezen. Halere, atzetik belaunaldi berriak ez badatoz, kezkatzekoa da. Gero eta arraunlari gehiagok goiko taldeetan egon nahi dute. Gauzak patxadaz hartu behar dira. Beheko lan hori egin behar da, eta horretaz gozatzen jakin behar da.
Arrauna. Eli Pescador. Arraunlari ohia
«Kontxa irabaztea baino modu hoberik ez dago arrauna uzteko»
Zaratarik atera gabe joan da arraunetik Eli Pescador, Hibaikan hamahiru urte eta Arraun Lagunak-en hiru urte egin ondoren. «Gorputzak esan dit nahikoa dela». Penatuta dago, baina Donostiako taldean egindako bidea «oparia» izan dela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu