Arrauna. Jose Luis Korta. Kaikuko entrenatzailea

«Kontxa aurretik egin beharko litzateke igoerako kanporaketa»

Kaikuren denboraldiari «ginga» jarri nahi dio Kortak, Eusko Label ligarako igoera lortuz. Kanporaketa horri begira, aurkariekiko erreferentziak eguneratzeko erabiliko du Kontxako sailkatze estropada.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Iaz galdutakoa berreskuratzea du helburu Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzaileak (Orio, Gipuzkoa, 1949); hau da, Bizkaitarra datorren denboraldian Eusko Label ligan aritzea. Ligako azken estropadan hiru aste barru jokatuko den igoerako kanporaketarako sailkatu eta gero, mailaz igotzea «zaila» baina «erronka polita» izango dela uste du taldeko prestatzaileak: «Tiran da faboritoa. Haren atzetik Getaria eta gu gaudela uste dut». Aurrez, Kontxako sailkatze estropadan parte hartuko dute, gaur zortzi.

Ligako azken estropadan lortu zenuten kanporaketarako sailkatzea, Pedreña gainditu eta bandera irabazita. Lehendabiziko helburua bete duzue?

Aste polita izan da. Castroko lehen estropadan kale egin eta gero, zaila geneukan, baina sailkapena iraultzea lortu dugu azkenerako. Lehenengo helburua, sailkatzea, bete dugu, eta, orain, ea kanporaketan zer gertatzen den.

Liga Getariaren atzetik amaitu arren, azken hiru banderak irabazi dituzue. Oso ondo amaitu duzue liga.

Bai, azken zazpi estropadetatik bost irabazi ditugu. Banderak irabazteak morala ematen du, eta mutilak jabetu dira ez direla besteak baino gutxiago. Horrez gain, egin ditugun aldaketekin ere asmatu dugu. Getaria izan da erregularrena; hasieran eta amaieran ondo moldatu da, eta ez da erraza izango haiek menderatzea: erregularrak dira, ondo egiten dute arraunean eta talde ona dute, etxekoa. Ahaleginduko gara, baina TKE ligakoek ere maila handia dute. Urtero talde batek galtzen du, gutxienez; maila galtzea Zarautzi tokatu zaio, baina esango nuke, egun, Enbata gure aurretik legokeela. Tiran da faborito, eta haren atzetik Getaria eta gu gaude bigarren postuaren borrokarako. Meira eta Bueu gure atzetik daudela iruditzen zait.

Dena den, kanporaketaren aurretik, Kontxako sailkapen estropada duzue. Entrenamendu gisa baliatuko duzue ala sailkatzeko aukerekin ikusten duzu taldea?

Iruditzen zait aukera gutxi dugula sailkatzeko, eta, beraz, entrenamendu gisa erabiliko dugu. Ahaleginduko gara ahalik eta estropada onena egiten, eta, bide batez, ikusiko dugu Tiranekin eta galiziarrekin alderatuta non gauden. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko daukagu.

Meira eta Bueu galiziarrak ikusteko aukera ona izango da. Jada ikuskatzaile lanak egin dituzu bi ontzi hauekin?

Ez, nire lanean buru-belarri jarrita nagoelako. Gure onena ematen badugu, gertu ibiliko gara. Datorren osteguneko estropadak balioko digu tarteak txikiak edo handiak diren jakiteko, eta noren aurretik edo noren atzetik gauden ikusteko. Ligako azken estropadan, Bilbon, denbora ona egin genuen, eta iruditzen zait TKEko traineru batzuek ere lanak izango lituzketela denbora hori hobetzeko.

Iaz, maila zuzenean galdu zuen Kaikuk. Klubaren tokia Eusko Label ligan dago?

Bai, iruditzen zait Kaikuk hor egon behar duela. Ez da erraza. Pentsa KAE 1 ligan zenbat talde dauden gorengo mailan aritutakoak: Kaiku, San Juan, San Pedro, Zumaia, kantabriarrak... TKEko mailak gora egin du, baina azpiko mailetakoak ere bai. Iritsi garen tokira iritsita, helburua maila nagusira itzultzea da. Klubaren asmo nagusia ere hori da.

Denboraldiaren bigarren erdian ikusi da Kaikurik onena. Zergatik?

Maila galdu eta gero, jende berri asko ekarri zen. Ez da erraza puska horiekin guztiekin talde bat osatzea. Onenak ekarrita ere ez da erraza maila galdu eta berehala igoera lortzea. Zuzendaritza eta entrenatzailea ziur saiatu zirela, zituzten aukeren barruan, ahalik eta talde indartsuena osatzen. Hasieran kosta egin zen, baina orain, kanporaketarako sailkatuta, lehen pausoa eman dugu, eta igoerarekin ea ginga jartzen diogun denboraldiari. Ez da erraza izango.

Hilabete atzera sartu zinen Ruiz Camus entrenatzailearen talde teknikoan, eta egun gutxiren buruan entrenatzaile nagusi izendatu zintuen zuzendaritzak. Nola baloratzen duzu aste hauetako zure lana?

Banderak irabazita eta lehen helburua lortu dugula jakinda, gustura nago orain arte egindakoarekin. Baina arraunlariek egiten dute arraunean; gu, kanpotik, saiatzen gara gauzak mantentzen edo aldaketak egiten, traineruak ondo funtzionatzen jarrai dezan.

Zertan aldatu da Kaiku zu entrenatzaile gisa hasi zarenetik?

Etorri eta berehala, artean Ruiz Camus entrenatzaile zela, Pedreñako bandera irabazi genuen. Horren ostean izendatu ninduten lehen entrenatzaile, eta hasieran denbora gutxi izan genuen aldaketak egiteko. Nire arraunkera hartzeko, gauza batzuk aldatu nituen: postu aldaketa batzuk egin eta pisuaren banaketa ere egokitu nuen, besteak beste. Orain esan dezakegu hobera egin dugula, eta nire lana hori da. Traineru zaharrarekin lan egingo dugu asteon, eta igandetik aurrera jarriko gara Kontxa prestatzen, sailkatzeko estropadan ariko diren mutilekin. Atseden apur bat hartzeko ere baliatuko dugu, karga gutxitzeko, azken estropadetan aldaketa gutxi egin ditugulako.

Nola amaitu duzuen ikusita, kalte egiten dizue kanporaketa hiru aste barru jokatzeak? Kontxa aurretik jokatzea logikoagoa litzateke?

Arraun munduan ez dugu aurrera egiten, atzera baizik. Ni hasi nintzenetik ez dugu hobera egin. Gainera, erabakiak ez dituzte arraunaz dakitenek hartzen, dirua dutenek baizik. Nire ustez, Kontxa aurretik jokatu beharko litzateke kanporaketa. Gauza asko daude gustatzen ez zaizkidanak, baina, zerbait esaten badut... Nire zain daude. Halere, ez dut uste eten honek kalte egingo digunik.

Bermeon eta Portugaleten, eta erlojuaren aurka lehiatuko zarete maila nagusian aritzeko eskubidea ematen duten bi postuengatik. Baldintza eta eremu aproposak dira Kaikurentzat?

Aukeratu beharko banu, nahiago nuke itsasotik kanpo izatea bi estropadak. Behintzat, erlojuaren aurka izanda, kaleen artean ez da diferentziarik izango, eta ondoen egiten duten bi ontziak igoko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.