Kontu txiki handiak

San Juanek irabazi du Gipuzkoako ligako estropada bere herrian. Hibaika izan da lehena, baina hamar segundoko zigorra izan du irteeran

Hibaikako aurrekalaria arraun txikia hartuta, ziaboga bat emateko, atzoko estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gauzak estu daudenean, edozein huskeriak sekulako garrantzia hartzen du, eta horrek erabaki zuen atzo Gipuzkoako ligako estropadako emaitza, Pasaian. Denbora onena Hibaikak egin zuen, San Juanen eta Orioren aurretik, baina, irteera okerra egin zuenez, hamar segundoko zigorra jarri zioten epaileek. Azkenean, hirugarren izan zen atzoko traineru azkarrena.

Berdintasun handiarekin dabiltza azkenaldian San Juan eta Hibaika. Atzokoa ere bide horretatik joan zen, baita modu berean amaitu ere. Binaka aritu ziren erlojupekoan, eta hiru luze egin, eta bi ziaboga eman behar izan zituzten. Lehen luzea eta azkena oso motzak ziren. Ligako lehen bi sailkatuak elkarrekin atera ziren, azkeneko txandan, eta lehen maniobran, bi segundo bizkorrago ibili zen San Juan. Beraien aurreko txandan, Oriok egin zuen denbora berdindu zuten etxekoek, eta bi gainetik zen Hibaika.

Bigarren luzeak behar zuen izan erabakigarria, eta zigorragatik izan ez balitz, Hibaikak utziko zituen gauzak erdi erabakita bandera eramateko. Izan ere, San Juanek baino bi segundo bizkorrago eman zuen buelta bigarren erreferentzia zehatz horretan. Orio zazpira utzia zeukan une horretako talde azkarrenak aurreko txandako emaitzei begira, eta San Juan zen bigarren sailkatua; bost segundotan hobetzen ari zenoriotarrek egindako denbora.

Azkeneko luze motzean, gauzak ez ziren aldatu bi faboritoen artean, eta Hibaikak atzea erakutsi zion San Juani. Segundoa eta 78 ehunen lehenago sartu zen Errenteriako taldea, bigarren kaletik. Udako eta lehiaketa ofizialetako hirugarren garaipena behar zuen izan Hibaikarentzat, baina hamar segunduko zigorra zama gaindiezina izan zen. Ez zaie kontsolagarri izango, baina,behintzat, San Juan ahaltsuari irabazteko gai izan ziren.

Pasaitarrentzat, berriz, poza, etxean irabazita irabazi gabeko estropada. Balio handikoa beste honengatik ere: liga honetan estropada guztiak dituzte irabaziak, eta beste bi puntu zabaldu diote tartea Hibaikari; hamarrekoa da orain. Izan ere, Orio izan zen bigarren, eta talde horrentzat ere pauso ona da atzoko emaitza, azkenaldiko goranzko bidea indartzea baita. Arraun Lagunak izan zen laugarren, eta ez zituen urruti izan aurrekoak. San Juanek hamahiru segundo eta erdi atera zizkion.

Hurrena, datorren astean

Gipuzkoako ligari hiru estropada puntuagarri geratzen zaizkio aurtengoa amaitzeko. Hutsa falta zaie arraunlariek lanak burutzeko, eta hurrengo jardunaldia Ondarroan izango dute, datorren larunbatean. Beste aukera bat izango dute itsasoan arraun egiteko, horrenbestez; oso gutxi eman zaizkie arraunlariei aurten, eta irrikaz izango dira larunbatean lehiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.