Osasuna auzian argituko dira gauzak epaitegian argitu behar direnean, eta atzo beste urrats bat egin zuen epaileak bide horretan. Sumarioaren atal bat argitara atera zuen, eta auzian sartuta dauden alde guztien esku utzi zuen. Hamar eguneko epea dute orain aldeek helegiteak jartzeko. Oraindik azaltzeko dituzte hainbat kontu ilun, baina zenbait gauza argitzen hasita daude.
Otsailean hasitako diligentzien zati handi batean ikertzen ari da ea zertara bideratu zituen klubak aurreko denboraldian 900.000 euro, eta, epaileak dioenez, partidak erosteko erabili izanaren zantzuak daude. Hain zuzen, etaeman zituen zehaztasunetan, honela banatzen du diru kopuru hori: Espanyoli 250.000 euro eman zitzaizkion bien arteko partida berdintzeko, eta Betisi 650.000 euro, honela banatuta: 400.000 euro Valladolidi irabazteagatik, eta azken partidan Iruñean galtzeagatik 250.000 euro. Beste partida batzuk ere ikertzen ari da epailea, Osasunaren aldeko emaitzak izan zituztenak, jakiteko ea diru gehiago bideratu zen horiek erostera.
Eta 900.000 euroren bueltan, argigarria da epaileak dioena. Bi ordezkari higiezini eman zitzaiela azaldu zen, esaterako, ikerketa abiarazi zuenean —Cristina Valencia eta Alberto Nolla—, baina sumarioan dio gezurra dela hori, eta faltsua dela azaldu den ordainagiria.
Beste diru kopuru handi bat Portugalgo Flefield higiezin enpresarentzat joan zela zabaldu zen diligentziak hasi orduko. 1.440.000 euro aipatzen ziren, baina epaileak orain dio gezurra dela diru hori enpresa horrentzat izan zenik. Atera, bai, dirua atera zela klubetik, baina ez enpresa horretara joan. Epailea zain dago Portugaldik informazio zehatza jasotzeko, baina zantzuak dauzka kontratu hori ere gezurrezkoa dela, eta klubetik beste zerbaiterako atera zen dirua justifikatzeko kontratu faltsua dela.
21 pertsona daude inputatua auzian; bestetak beste, Patxi Izko eta Miguel Artxanko presidente ohiak, Angel Bizkai kudeatzaile ohia, eta Patxi Puñal eta Damia jokalari ohiak. Zati nagusian argitara eman ez duen atalik ere bada, «aldeek erabil ez dezaten epaibidearen noranzko zuzena trabatzeko».
Inputatu guztiei eta beste hainbat pertsonari deklarazioa hartuz joan ahala, epaileak zati nagusianbeste hiru atal ireki zituen ikertzeko, eta horietako batean ez du delitu zantzurik antzeman. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko teknikariek edo politikariek delituren bat egin zuten jakin nahi zuen Osasunaren zerga ordainketaren inguruan, baita Izko eta Bizkai kudeatzaileak ere, baina ez du zantzurik antzeman atal horretan;beraz, artxibatu egin du.
Izko eta 3 milioi euro
Ordea, ez du artxibatu B atala, eta hor dio Izkoren agintaldian esku dirutan atera zirela hiru milioi euro. Hain justu, 2003 eta 2007 artean atera zen dirutza hori. Epaileak dio ezin duela argitu zertara eta norentzat bideratu zen diru hori. «Ez dut esan nahi garai horretako agintariek eta kudeatzaileek deliturik egin zutenik», dio epaileak sumarioan, baina ustezko delitu horiek ez preskribatzeko ikerketa hasi du. Geroago zehazten ditu zein diren bere susmoak: «Baliteke diru kopuru horren zati bat legez kanpoko jardueretan erabili izana. Partidak erosteko ez zen izan, garai hartan ez zegoelako Kode Penalean sartuta delitu gisa. Osasunaren ondarea desleialki erabili izanaren zantzuak daude; besteak beste: diruaz jabetzea, zuritzea eta Ogasunaren aurkako delituak». Atal honetan sartu du epaileak Osasunak berriki Izkoren kontra jarritako salaketa, dirua ateratzeko klubeko txartela bidegabeki erabiltzeagatik. Bidaietan, bitxi dendatan eta jatetxeetan dirutza gastatu zuela salatu dute klubeko arduradunek.
C atalean, Artxanko presidente ohia dago. Bere ondarearen zati bat emazteari eta semeari emateagatik «Osasunako presidente izateari utzi eta aste gutxira, kaudimengabea zela azaltzeko». Epaileak dio delitu zantzuak daudela ondareak likidatzean eta bere senideei ematean.
Kontu ilunak, agerian
Epaileak auziko sumarioan dioenez, osasunak hiru partida erosi izanaren zantzuak daude.Patxi Izko eta Miguel Artxankoren jarduna ere ikertzen hasia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu