Sei hilabetean goitik behera aldatu zaio bizitza Beñat Pradosi (Iruñea, 2001). Taldean ia tokirik ez baitzuen hasieran, eta ezinbesteko jokalari bihurtu baita azkenean Athleticen. Zelaian irabazi du Ernesto Valverde entrenatzailearen konfiantza; baloia jokatzen ez ezik, defentsako lanean ere eraginkortasuna azaldu baitu. Merezita luzatu diote kontratua uda honetan 2031ra arte. Ilusioz gainezka da sasoiari begira, baina oinak lurrean mantentzeko eskatu du.
San Mamesen Getaferen aurka bana berdinduta ekin diozue denboraldiari. Aho zapore gazi-gozoa duzue, ezta?
Aurkaria edozein dela ere, etxean jokatzen ditugun partida guztiak irabaztea da helburua, eta ez ginen konforme geratu berdinketarekin. Azken urteei begiratuta, Getafe gaizki doakigun aurkari bat da, eta lehengoan ere gaizki jokatu genuen: ez atzera ez aurrera aritu ginen. Hamar egun luze egin zaizkigu, baina atsedena baliatu dugu hobeto entrenatzeko eta min hartuta zegoen jendea suspertzeko. Jada Bartzelona besterik ez dugu buruan.
Lehen jardunaldian berdinketa asko egon ziren, eta ikusi zen zaila dela liga honetan irabaztea.
Bai, akaso deigarriena izan zen Realak galdu egin zuela etxean Rayo Vallecanoren aurka. Horrek erakusten du lehiakortasun izugarria dagoela ligan, talde guztiak direla onak, eta zaila izango dela edozein partida irabaztea. Baina ezin dugu geure burua engainatu, galdu izanaren sentsazioarekin geratu ginen, eta irabazi beharreko partida berdindu egin genuen azkenean.
Athletic hobe bat ikusiko al dugu Bartzelonaren aurka?
Hala espero dugu. Partida zaila izango da, baloirik gabe denbora asko egin beharko dugu, baina gure baliabideak baliatzea izango da gakoa. Espazio libreak aurkitu, eta abiadura baliatu beharko dugu. Gu geu izan behar dugu. Badakigu talde ona garela, inori ez daukagu ezer erakutsi beharrik, eta aurpegia emango dugu. Irabaztera aterako gara zelaira.
Uda mugitua joan da Bartzelona inguruan, Nico Williamsen afera dela eta. Gogo handiagoarekin egingo al diozue aurre Kataluniako taldeari?
Beste edozein partida bezala hartuko dugu. Bai guk, baita Nicok ere. Oso lasai ikusi dut bera, badakigu egon nahi duen tokian dagoela, eta ziur daukan onena emango duela. Oso jokalari garrantzitsua da guretzat. Lehengoan soilik minutu batzuk jokatu ahal izan zituen, baina jada 90 minutu jokatzeko prest dago, eta ea sorpresaren bat ematen diogun Bartzelonari.
Bete-betean al dago Athletic? Edo oraindik asko falta zaio horretarako?
Zaila izan da denboraldiaurrea. Eurokopan egondako jokalariak falta izan zaizkigu, lesioak ere ugaritu egin dira azkenean… Atezainekin gertatu dena ikusi besterik ez dago. Baina ez dago aitzakiarik: talde denek dituzte zailtasunak, eta hirunaka batzen hasi behar dugu hasieratik. Malda gogorra daukagu abuztuan, eta ezin gara atzera geratu. Orain lortutako puntuek berdin balioko dute liga amaieran, eta badakigu Europan lehiatzen hasten garenean partida asko pilatuko direla. Horregatik, indartsu hasi behar dugu sasoia.
Europa aipatu duzu. Ilusio handia nabari da kaleetan; zuek ere arnasten al duzue ilusio hori?
Jakina, eta jarraitzaileek adina ilusio dugu guk Europan barrena bidaiatzeko. Denboraldi historiko batetik gatoz, eskatu ere iaz baino askoz gehiago eskatuko zaigu, baina prest gaude. Badakigu Europa Ligako finala San Mamesen dela, baina ez diogu horri begiratzen. Oso urrun ikusten dugu hori, eta gure esku dagoena da lana egitea. Denboraldi gogorra izango da, atseden hartzen eta asko zaintzen saiatuko gara ahalik eta urrutien iristeko lehiaketa guztietan.
Askok diote aspaldiko urteetako talderik onena osatu duela Athleticek. Ados al zaude?
Lehen ere jokalari eta izen handiak egon dira Athleticen, eta ez dakit hainbesterako izango den. Baina egia da oso belaunaldi polita elkartu garela. Beteranoek euren lana egiten dute, gazteok ere ilusioz eta gosez gatoz azpitik, eta elkarrekin bide eder bat osatu nahi dugu. Denentzako aukerak izango dira denboraldian zehar, eta prest egon behar dugu. Giro ezin hobea daukagu taldean, hori islatu egiten da zelaian, eta beste titulu bat irabazteko aukera hori badaukagu buruan. Espero dezagun beste berrogei urte ez itxaron behar izatea.
Espainiako Kopa irabazi zenuten, baina atsedenaldian aldagelan utzi zintuen Valverdek, Vesgaren ordez, eta taldeak hobera egin zuen. Arantza txikiren bat geratu al zitzaizun final hartan?
Inondik ere ez. Sei hilabete lehenago esan balidate hasieratik jokatuko nuela final batean, ez nukeen sinetsi ere egingo. Vesgarekin asko hobetu zuen taldeak, eta horregatik diot prest egon behar dugula beti guztiok. Ospakizunetan ez nintzen oroitu ere egin bigarren zatian aulkian nengoela. Betirako oroimenerako irudiak geratu zitzaizkigun orduan, eta ea errepikatzeko gai garen. Pausoz pauso joango gara.
Sasoi aurrea zaila izan du Athleticek, baina zuk inoizko lasaiena, ezta?
Bai, eta eskertu dut. Orain arte, denboraldia hasi aurretik ez nekien non geratuko nintzen: edo bigarren taldean, edo beste talderen batean utzita… Telefonoa alboan izaten nuen beti. Alde horretatik, oso lasai igaro dut aurtengo uda, eta kontratua ere berritu dut. Athletic klub berezia da horretarako ere. Etxeko jendearen alde egin behar du apustu, Lezama du bere harribitxia, eta belaunaldi polita elkartzen ari gara. Egon nahi dudan tokian nago, Athleticekoa naiz txikitatik, eta hauxe nahi nuen.
Zuri ez ezik, jokalari gazte dezenteri ere luzatu diete kontratua. Kirol proiektu ona daukazue, ezta?
Hori gertatzen da. Elkar kutsatzen ari gara; ikusten dugu beste jokalariek ere Athleticen jarraitu nahi dutela, eta horrela errazagoa da erabakiak hartzea. Oihan Sancetek berritu zuen lehenbizi 2032ra arte, eta handik hona Nico Williamsek eta beste hainbatek ere berritu dute kontratua. Maila horretako jokalariek Bilbon jarraitu nahi dutela ikusteak ilusioa areagotzen digu. Athleticek behar dugun dena ematen digu, zoriontsu sentiarazten gaitu, eta elkarrekin hazten jarraitzeko asmoa dugu. Urte politak datozela esango nuke.
Esaerak dio bigarren denboraldiak izan ohi direla zailenak. Zuretzat hala izango da. Zer diozu?
Nire onena ematen saiatuko naizela, beti bezala. Futbolari gisa gero eta hobea naizela uste dut. Mirandesen beste futbol bat ikasi nuen, defentsako lanean oinarritua. Zesio hura bikaina izan zen Athleticeko erdilari izateko jokoa ikasteko. Egunero lanean jarraituko dut hobetuz joateko.