Garaipen zerrendan «klasiko bat» falta zitzaiola-eta kexu zen Joaquim Rodriguez Purito (Katuxa) BERRIAri iragan igandeko alerako emaniko elkarrizketan, eta astebete geroago «kontrakoa esan ahal izatea» nahiko lukeela aitortu zuen. Bada jada kontrakoa esan dezake hurrengo elkarrizketan, harro asko gainera, modu ikusgarrian irabazi baitzuen atzo Fleche-Wallonne, Huy-ko horma beldurgarriko azken igoeran erakustaldia emanda.
Ardenetako bigarren klasikoa begiz joa zuela aitortu zuen igandean, haren asmoa zein zen ezkutatu gabe. «Huyko azken aldapara indarrik gastatu gabe iristea izango dut helburu», aurreratu zuen. Esan eta egin. Aurkariek, agian, ez zuten elkarrizketa irakurri, ezta behar ere, kataluniarraren jokamoldea aski ezaguna baita, eta, hala eta guztiz, azken metroetan ez zuen aurkaririk izan.
Tropela bat eginda iritsi zen Huyko hormako azken igoerara. Aldapa piko eta mitikoko —1,3 kilometro luze da, batez besteko %9,3ko pendizarekin, eta %26ko tarteak dituena— lehen metroetan zapuztu zuen azken ihesaldi saioa, Ryder Hesjedal (Garmin) eta Lars Nordhaugena (Sky), hain zuzen. Rodriguezek arantza sakon sartua zuen, azken bi urteetan bigarren izan baitzen, eta atzo hobeto neurtu zituen indarrak. Helmugarako 400 kilometro falta zirenean jo zuen erasoa. Pedalen gainean zutik eta bizikleta dantzan zuela, txori txikiak bezala egin zuen gora.
Ahaleginak leher eginda eta arnasestuka utzi zuen arren, irribarrea aurpegian zuela lasai gurutzatu zuen helmuga. Denbora bazuen, zortzi-hamar segundoren aldea baitzuen jarraitzaileekiko. Michael Albasini (Greenedge) eta Philippe Gilbert (BMC) izan zituen alboan podiumean.
Azken aldaparen aurretik, hainbat ihesaldi ahalegin egon ziren. Dirk Bellemakers (Landbouwkrediet) eta Anthony Rouxena (FDJ) izan zen luzeena, eta 119 kilometro egin zituzten bakarka Huyrako bidean, helmugatik hamabost kilometrora harrapatu zituzten arte. Andy Schleck (RadioShack) ere saiatu zen, eta azkenekoak Hesjedal eta Nordhaug izan ziren, baina Katuxak ez zuen saiorik ahalbidetu. Bukaeran Rodriguezek osatu zuen kideen lana. Lehen euskal herritarra Igor Anton (Euskaltel) izan zen, 17. Ardenetako trilogia igandean bukatuko da, Lieja-Bastogne-Liejarekin (275 km.).
«Kontrakoa» esan dezake jada
Joaquim Rodriguez izan da indartsuena Huyko horman, eta nagusitasunez irabazi du Fleche Wallonne
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu