Kontatzekorik apenas dagoenean

Ruizek ongi baliatu ditu Ongaik emandako erraztasunak, bere jokoa inposatu eta partida aise irabazteko

enekoitz telleria sarriegi
Tolosa
2009ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Izaten dira horrelako partidak. Eta horrelakoetan ez da garbi jakiten meritua irabazleari eman behar zaion, edo galtzaileak egin duen irabazlea irabazle. Kronika egiteko apuntatu beharreko guztiak orrialde eskasean aise sartzen dira horrelakoetan. Ez da seinale ona izaten. Esan eta idatzi beharrekoan azkar eta argi esan daitezkela, horixe izaten da abantaila. Atzo Beotibarren gertatu zena azkar eta argi azaltzeko zera: Ongaik ez zuela bererik eman, nahastu egin zela, Ruizek haren aldean beste abiadura bat eman ziola pilotari, ongi egin zuela bere lana eta ederki baliatu zuela kontrarioaren lan kaskarra. Retegi Biren kontra ariko da hurrena.

Zalantzak uxatzeko partida ere bazen atzokoa. Ruizen sasoiari eta jarrerari buruzkoak guztiz utxatzerik ez zen izan. Egia da pilotan ongi aritu zela. Kolpez fresko eta sakean bortitz. Baina estu hartuta sekula aritu ez zenez... Ongairen jauziari eta mailari buruzkoak guztiz ez bada ere nabarmen uxatzeko balio izan zuen: ez zen txapelketa nagusiko pilotari baten mailan aritu.

Indarrez bai eta indarka ere bai. Horrela aritu ziren bi pilotariak atzo askotan. Partidan sartu eta gauzak ongi egin nahiaren nahiaz partidatik kanpora eta kantxan gaizki jarrita aritu zen Ongai. Gaizki hasi arren, 5-5 jartzeko gai izan zenez, bazirudien partidak beste itxura bat hartuko zuela, baina ez zen horrela izan. Ruizek berean jarraitu zuen eta Ongai ere bai, baina beheraka.

Abiaduran egon zen alderik handiena. Ruizek asko sakatu zuen eta asko jo. Eskuinez asko eta ezkerrez gehiago. Jakin zuen pilota ongi mugitzen eta lau t'erdiko arrastoari neurria ongi hartzen. Frontisetik urruti eta defentsa lanean izan zuen uneoro Ongai. Salduta askotan eta iritsi ezinda bestetan. Izan ziren Lizarrakoak ongi bukatutako tanto pare bat, beste gehienak Ongaik galdutakoak izan ziren.

Ongai nahastuta

Kantxan ezin kabituta aritu zen atzo Satrustegiko aurrelaria. Eta ez zuen partidaren irakurketa egokirik egin. Ruizen pare jokatzen saiatu zen, luze eta indarrez jokatzen saiatu. Aurrelaria ez zen sekula atzelaria aurrean nahastera joan -egia da aukerarik ere ez zuela asko izan-, eta lau t'erdiko arrastoaren bila aritu zen etenik gabe. Arrastoaren alde txarra topatu zuen, ordea, askotan. Hiru aldiz gainditu zuen marra jokoan eta bi bider ere bai sake batean. Ruiz dominatuta izan zuen apurretan ez zuen tantorik amaitzen asmatu, eta erabat nahastuta amaitu zuen norgehiagoka sakeak airez errestatuz eta piloten bila itsu-itsuan joanez. Baditu dohainak atzo jokatu zuena baino gehiago jokatzeko, baina dohainek ere behar izaten dute nork agintzeko eta nork zentzu apur bat emateko beharra.

Txapelketako bigarren jardunaldia amaitu da, eta hirugarrenerako egunak eta frontoiak jarrita daude. Ez da bigarren jardunaldia batere ikusgarria izan.



Patxi Ruiz 22

Ongai 7

Iraupena. Partidarena: 41 minutu. Jokoarena: 10:45.

Pilotakadak. 199.

Saketik. Patxi Ruizek lau tanto.Alberto Ongaik bi tanto eta falta bat (bi aldiz egin zuen pasa).

Markagailua. 4-0, 4-3, 5-3, 5-4, 5-5, 16-5, 16-6, 17-6, 17-7 eta 22-7.

Bestelakoak. Sarrera eskas samarra Tolosako Beotibarren. Dirua Ruizen alde irten zen. Lehenengo partidan, Imanol Agirre aritu zen ongi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.