Kontaketan aurrera

Hamalau jardunaldi zeramatzan Antoine Griezmannek golik sartu ezinik, eta denbora bera Imanol Agirretxek etxetik urrun hasieratik jokatu gabe. Zaragozako neurketaren bultzada baliatu nahiko dute gutxienez aurreko denboraldian lortutako kopuruak berdintzeko.

Donostia
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Desorekak sortzea da garrantzitsuena, futbol jokalarien gaitasuna neurtzeko tresnarik fidagarriena. Badira erabakigarriak izan behar dutenak beti; horregatik jokatzen dute jokatzen duten tokian, eta, horietako baten balioarekin bakarrik, Lehen Mailako talde gehienetako multzoen kontuei aurre egingo liekete agintariek. Badira erabakigarriak izan daitezkeen jokalariak ere.

Realarentzat ezinbestekoa izan zen Antoine Griezmann (Macon, Frantzia, 1989) eta Imanol Agirretxeren (Usurbil, Gipuzkoa, 1987) ekarpena joan den igandean Zaragozaren zelaian irabazteko. Bi jokalariok etxetik kanpo elkarrekin hasieratik jokatu zuten azken partida Valladoliden izan zen. Bederatzigarren jardunaldia zen —bina amaitu zen partida—. Hiru hilabete luze zeramatzan aurrelariak hasierako hamaikakoan tokia egin ezinik Anoetatik kanpo, eta tarte bera hegalekoak baloi bakarra sarera bidali gabe. Romaredan denborarenak eginda, oraindik garaiz daude aurreko sasoiko kopuruetara iristeko.

Antoine Griezmann

Hasierako taupaden bila

Griezmannek berak aste honetan onartu duenez, «konfiantza berreskuratzeko» balioko dio Zaragozan sartutako golak. Bere buruan fede handirik izan gabe ari zen azken boladan, nahastuta, erabaki oker asko hartuz erasoko jokaldiak antolatzeko orduan. Gozatzeko beharra sentitzen zuen. Lehenbailehen sasoiko egotekoa berriz ere. Zailena egin nahi izateak, ordea, itsatsia du bere horretan akatsa, eta lasaitasunera iristeko bidezidorrak sasiak izan ohi ditu.

Inoizko gorputzaldirik indartsuenean jaso zituen aspaldiko belarrondokorik mingarrienak Griezmannek. Berak ere bazekien hori. Lehenik, zuntz haustura izan zuen Valladoliden, bi gol sartu eta gero. Talde barruan sekulako garrantzia zeukan unean. Handik gutxira, kargu hartu zion Frantziako Futbol Federazioak, 21 urtez azpiko Frantziako selekzioaren egonaldi batean zegoela baimenik gabe lau selekziokiderekin gauez Parisera joateagatik. Zorabiatuta geratu zen gertakari horren ondorioz.

Hala ere, Philippe Montanierrek ez zuen beste norabait begiratu. Hemezortzi neurketa jokatu ditu frantziar gazteak hasieratik, eta lau gol sartu ditu. Guztira, 1.600 minutu baino gehiago jokatu du. Alberto de la Bella, Asier Illarramendi, Mikel Gonzalez, Xabi Prieto, Iñigo Martinez eta Carlos Vela baino ez dauzka aurretik arlo horretan, eta, oker handirik ezean, aurreko bi sasoietako zenbakietara gerturatuko da. Montanierren lehen denboraldian zazpi gol sartu zituen, eta ligako 35 partidatan hartu zuen parte. Horietatik 28 alditan hasieratik jokatu zuen. Martin Lasarteren aroan bereganatutako garrantziaren jarraipena baino ez zen izan. Uruguaitarraren aginduetara partida bakarra galdu zuen 2010-2011ko denboraldian, eta hirugarren jokalaririk erabiliena izan zen, Claudio Bravo eta Xabi Prietoren atzetik. Sasoi hartan ere zazpi gol sartu zituen.

Gol kopuru horretara zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta nota hobearekin gaindituko du sasoi honetako azterketa Griezmannek. Eta horrek, era berean, eragin zuzena izango du Realaren ibilian. Griezmannik gabe ezin baita ulertu azken lau urteetan talde txuri-urdinak izandako gorakada.

Imanol Agirretxe

Goleatzaile sena

Agirretxeren lanaren emaitzek ez dute gezurrik esaten. Golak sartzen ditu, eta aurrelari baliotsua da Realarentzat. Nola azal litezke bestela usurbildarraren estatistika onak? Zaragozari sartutako golarekin bost daramatza denboraldi honetan, eta aurreko sasoiko batez bestekoaren gainetik dago. 175 minutuz behin zulatzen du aurkariaren atea. Joan den sasoian hamar gol sartu zituen, eta argi erakutsi zuen harrobitik ere irten daitezkeela bederatzi zenbakia soinean eramatearen zama jasan dezaketenik. 213 minutu behar izan zituen golak ospatzeko. Orduan hasi zen sustraiak botatzen Lehen Mailan. Egonkortu egin zen.

Inork ezer esateko beharrik gabe Agirretxek berak ondotxo daki onenen artean irautea zein zaila den. Aurreko denboraldian, 35 partida jokatu zituen; 2.000 minutu pasatxo egon zen zelaian. Sasoi honetan jokatutako hemeretzi partidetan, ia 900 minutu pilatu ditu, Gonzalo Castro Chory eta Diego Ifranen antzera. Hain zuzen ere, horregatik jokatu du gutxiago. Castrok aurreko sasoian Mallorcan jokatzen zuen, eta Ifranek, berriz, bestelako lehia batzuetan zeukan gogoa. Hirurek tokia egin nahi dute hasierako hamaikakoan, baina erasoko lerroan mugitzen direnen artetik ziurtasunez hori esan dezaketenak Prieto, Vela eta Griezmann baino ez dira. Edonola ere, neurketarik gehienetan hartu dute parte, eta bigarren itzuliaren hasiera honetan Agirretxeren eta Castroren jarduna aipatzeko modukoa da. Celtaren aurkakoan ezik, beste guztietan jarri daitekeelako euren lorratza. Usurbildarrari dagokionez, hirugarren gola sartu zion Bartzelonari. Joan den astean Zaragozari bigarrena. Bi golak hiru puntuak batzeko ezinbestekoak izan ziren.Mallorcaren aurkakoan berdegunean egon zen minutu apurretan goleko pase ederra eman zion Ifrani, eta aukera bat huts egin zuen. Bistan da Agirretxek ez daukala isilik geratzeko asmorik liga amaitu arte. Baliagarria baino zerbait gehiago baita. Estatistikak dira horren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.