Lucas Fernandez. Lointek Gernikako entrenatzailea

«Konpromisoa ez dago soilik emaitzekin loturik»

Lehia handia izango du, baina ligan jokatutako lehen bi partidak irabazi egin ditu Lointek Gernikak. Lucas Fernandez entrenatzaile berria oso pozik dago taldearekin.

LOINTEK GERNIKA FLICKR.
pettan uralde
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Urrutitik dator, baina ez da kanpotarra. Izan ere, Lucas Fernandez (Calzada de Calatrava, Espainia, 1978) ezaguna da Gernika-Lumon (Bizkaia). Lau urtez izan zen bertako bizilagun, Mario Lopezen laguntzaile izan zenean Lointek Gernikan. Orain, Lopezen erreleboa hartzera etorri da, laguntzaile izan zen garaiko ilusio berarekin.

Lehiaketako hirugarren astean sartuta, zer moduz zaude?

Ni oso pozik nago, ilusio handiz. Ezagutzen dudan ingurunea da, eta Lointek Gernikan egiten dugun lana oso lan korala da. Mario kirol zuzendariarekin hasita, Gaizka eta Julen laguntzaileak, Javi prestatzaile fisikoa... oso lan kolektiboa da, nire aurreko etapan izan zen modu berean. Taldearekin aurrera goaz, gauza batzuk hobetuz, hutsegite nabarmenak saihestuz eta, aldi berean, jokalari guztiek lehiaketan denbora jokatuz.

Lau urtez aritu zinen laguntzaile moduan Gernikan. Erabaki erraza izan da lehen entrenatzaile kargua onartzea?

Gernikara etortzeko aukera banuen, ez nuen zalantzarik. Kluba ezagutzen dut, lau urte eman ditut hemen, semea hemen jaio zen eta ikastolara joan zen... Kasu honetan familia ezin izan da etorri, baina leku hau desberdina da, eta oso gogoko dut. Mariok proiektuarekin bat egitea proposatu zidan, hasieran laguntzaile, eta, gero, lehen entrenatzaile gisa; beraz, ez nuen zalantzarik. Familiarekin hitz egin nuen, banekielako haiek ezin izango zirela etorri, baina haiek ere ulertu behar zuten leku batean zoriontsu izatekotan Gernikan izango nintzela.

Zertan aldatu zara Gernikan egin zenuen lehen etapatik?

Ibilbidearen erdian, Endesa Ligarako igoera bat dago Murtziako Jairis taldearekin. Hori izan zen Gernikatik alde egiteko arrazoia, lehen entrenatzaile izatea eskaini baitzidaten. Han nire bigarren denboraldia hasi nuen Endesa Ligan. Baina nire kontratua etetea erabaki zuten hiru garaipen eta lau porrotekin. Prozesu horretan, Gernikatik irten nintzenetik itzuli arte, esperientzia hartu dut, noski, eta egoera desberdinak bizi izan ditut. Gainera, entrenatu gabe egon nintzen denbora aprobetxatu egin nuen beste entrenatzaile batzuk lanean ikusteko eta teknikak eguneratzeko.

Gernika lan ona egiten ari da urte askotan zehar. Denboraldi honetako taldea gustuko duzu?

Nire balorazioa oso positiboa da. Gernikan dugun konpromisoaren, kalitatearen eta eguneroko lanaren kulturaren barruan erantzun dezaketen jokalarien profila aurkitzea da kontua. Mariok lan bikaina egin du; orain jokalariak nola egokitzen diren ikusi behar da. Baina egunerokoan duten guztia ematen saiatzen ari dira, eta taldearekin konpromiso oso handia izaten dute. Printzipioz, ez dugu inolako mugimendurik aurreikusten. Egia da Crystal Bradford aldi baterako kontratuarekin daukagula, Maya Dodson lesionatu egin zelako. Klubeko medikuak Mayarekin harremanetan daude nola doan ikusteko, eta bitartean Crystal daukagu. Hari buruz hitz onak baino ez ditugu, profesionaltasun maila oso handia duen jokalaria baita, eta orain taldeari laguntzen oso inplikatuta baitago.

Zu ilusioz zaude, eta taldea?

Taldea osatzen denean, klubarentzat oso garrantzitsua da jokalarien izaera ezagutzea, eta batez ere lanarekiko duten konpromisoa ezagutzea. Dagoeneko zortzi aste dira lanean, eta taldea gai da une gogorrei aurre egiteko. Horretan garrantzitsuak dira Marta Alberdi, Itziar Ariztimuño, Roso Buch, Sofia Da Silva eta halako jokalariak. Aspalditik daude hemen, eta gai dira jokalari berriei helarazteko Lointek Gernikaren parte izateak zer eskatzen duen.

Ligako lehen bi partidetan bi garaipen lortzeak ere laguntzen du taldea finkatzen, ezta?

Argi dago edozein garaipen lortzeak zoriontasuna ematen dizula, aste barruan egindako lana saritzen duelako. Uste dut entrenatzaileek beti nahiago dugula garaipenetatik abiatuta hazi eta hobetu porrotetatik baino. Baina, nolabait, aurretik bide luzea dagoela sentiarazten digu, eta gure itxaropenek ez dutela hainbeste egon behar emaitzen menpe. Arreta egunerokoan jarri behar dugu. Taldeak egiten du, eta, horrekin batera, izaera bat du, eta denok ari gara lanean horretarako. Horregatik, azken partidan, momentu txarrari buelta eman, eta garaipen baliotsua atera ahal izan genuen. Oso pozik nago hasiera honekin.

Bihar Israelen egon behar zenuten Eurokopako lehen partida jokatzeko, baina bertan behera geratu da, gerra dela eta. Halere, nola ikusten duzu Europako erronka?

Horrelako txapelketa bat urtero jokatzea gauza handia da klubarentzat, eta ilusio handia egiten digu. Oso multzo exijentea tokatu zaigu, baina lan polita egin nahi dugu, eta ongi etorriko zaigu Europako esperientzia ligara eramateko.

Zer gertatu behar da denboraldi amaieran esateko Gernikak denboraldi ona egin duela?

Ahalik eta gehien emateko gai den taldea izan behar dugu. Konpromisoa ez dago soilik emaitzekin loturik, eta gai izan behar dugu exijentzia handiari eusteko, nahiz eta emaitzekin batera ez etorri. Ziur gaude gure esku dagoen guztia eginez gero talde lehiakorra izango garela, eta aurkari bakar bat ere ez duela Gernikaren kontra partida errazik jokatuko, ez Malosten, ezta kanpoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.