Denboraldi bikaina osatu arren, Zumaiak ez du jokatuko Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa. 2016. urtean Telmo Deun-a goi mailatik jaitsi zenetik ez du igotzeko kanporaketa jokatu. Eta aurten, horretarako aukera ematen duen bigarren postua lortuta ere, ezingo du parte hartu, klubeko zuzendaritzak ez baitzuen trainerua inskribatu denboraldi hasieran. Hutsegite larri horrek kalte egin dienetako bi dira Iñaki Aristi arraunlaria (Zumaia, Gipuzkoa, 1994), eta Unai Etxeberria entrenatzailea (Orio, Gipuzkoa, 1988). Ezaugarri komun bat dute: lanak ongi egin izanaren eta fruiturik ez jasotzearen frustrazioa.
KAE ligak sare sozialetan egin zuen publikazio batekin jakin zuten arraunlariek beren trainerua ez zegoela igotzeko kanporaketetan parte hartu dezaketen ontzien artean. Aristi ongi gogoratzen da momentu hartaz, eta hasieran ez zuen sinetsi. «Maiatz bukaera aldean izan zen. Taldekide batek ikusi zuen, eta arraunlariek dugun Whatsapp taldera bidali zuen. Normalean beti inskribatzen gara, eta oso arraroa egin zitzaigun. Gainera, neguko estropadetan nahiko ondo aritu ginen, eta pentsatu genuen akats bat izan behar zuela. Entrenatzaileak entrenamenduan bertan esan zigun zuzendaritzak ez zuela kanporaketetarako izena eman». Izan ere, Etxeberriak ere ezustean jaso zuen berria. Bera ere ez zegoen jakinaren gainean: «Haiek bezala enteratu nintzen, Instagrameko publikazio horrekin».
«Zuzendaritza honek jarraitzen badu, ez dakit hurrengo urtean gizonezkoen lehen trainerua egongo den, jende asko ez baitago prest zuzendaritza honekin jarraitzeko»
IÑAKI ARISTIZumaiako arraunlaria
Etxeberriarentzat, normalena, erabakiaren arrazoiak emateko bilera bat egitea litzateke, baina zuzendaritzak ez zuen horrelakorik egin. «Publikazio horrekin jabetu behar izatea ez geundela kanporaketak joka ditzaketen ontzien artean harrigarria izan zen, eta sutan jarri ginen». Aristik, bere taldekideek bezala, egundoko kolpea jaso zuen. «Finean, daukagun onena emateko entrenatzen gara, eta uste genuen klubak ere gure helburu berak zituela. Ematen duenez, gure anbizioa ez dator bat haienarekin».
Egoera hari aurre egiteko, arraunlariek bilera batera deitu zituzten zuzendaritzako kideak, Aristiren esanetan, «jaso ez zituzten azalpen horien berri izateko, eta erabakiaren arrazoiak jakiteko». «Ez genekien atzetik arrazoi ekonomikoak zeuden, ala kirol alderdikoak, baina jakin nahi genuen. Bilera horretara Joseba Esnal presidentea besterik ez zen agertu, berak bakarrik eman zuen aurpegia, eta gainerakoek aitzakiak jarri zituzten. Berak argi utzi zigun ez zela arrazoi ekonomikoen kontua, baina ez zuen jakin esaten zergatik ez zuten taldearen izena eman. Harrituta geratu ginen».
Ondoren etorri diren azalpenek ere ez die balio izan Telmo Deun-eko arraunlariei. «Ez dakigu zer den egia eta zer den gezurra. Kanpotik gauzak iritsi zaizkigu, adibidez, dirurik ez zegoela. Hala ere, 600 euroko kontua besterik ez da izena ematea, arraunlariok ordaindu genezakeen hori. Arrazoia jakin nahi genuen. Baina gutxienekoa aurpegia ematea zen, eta barkamena eskatzea. Uste dut horrekin bakarrik gizatasun handiagoa erakuts zezaketela», adierazi du Aristik.
Horren harira, Etxeberriaren haserrea areagotu egin zuen beste gertaera batek. Esnalek adierazpen batzuk egin zituen abuztuan, «beste komunikabide batean», eta, presidentearen hitzetan, Etxeberriarekin izandako elkarrizketa batean oinarritzen zuen hartutako erabakia, «ez baitzuten taldea gai ikusten goiko postuetan aritzeko». Etxeberriak, ordea, ez zituen adierazpen horiek onartu. «Elkarrizketa hori irakurri eta berari deitu nion, komunikabide hartara deitzeko esanez, eta berak esandako hitzak zuzentzeko. Hurrengo egunean publikatu zen paragrafo txiki batean zuzenketa, eta kanporaketetan izena ez ematearen ardura bakarrik zuzendaritzarena zela argitu zuen, nik hala eskatuta».
«Hurrengo egunean publikatu zen paragrafo txiki batean zuzenketa, eta kanporaketetan ez inskribatzearen ardura bakarrik zuzendaritzarena zela argitu zuen»
UNAI ETXEBERRIAZumaiako entrenatzailea
Bien bitartean, arraunlariek barkamenaren zain jarraitzen dute, nahiz eta denboraldia bukatu duten. Aristik ez du ulertzen nola jokatu duten haiekin. «Zuzendaritzako kideek ezer gertatu ez balitz bezala jokatu dute. Erreta egon gara denboraldi osoan, baina entrenatzaileak esan digu ahal den neurrian eusteko, eta gai hori alde batera uzteko».
Hutsegitea izugarria izan zen, eta denboraldia hasi aurretik iritsi zen. Baina liga bigarren postuan amaitzeak oraindik ere min handiagoa eragin die arraunlariei, Aristik nabarmendu bezala. «Uste nuena baino gogorragoa egin zait. Emaitzak iristen ari direla ikusten duzu, eta jokatzeko aukera ez duzula jakiteak mina egiten du. Poza ematen dizu ondo zabiltzalako, baina pena handia sentitzen da. Denboraldian zehar ematen zuen gure trainerua baztertuta zegoela, nahiz eta sailkapenean goian egon garen. Ez baikaituzte igoerarako kontuan eduki».
Etorkizuna kolokan
Trantze txar hori oraindik ez dute guztiz pasatu arraunlariek eta entrenatzaileak, eta hurrengo denboraldira begira zalantza ugari sortu dira gizonezkoen lehen traineruaren inguruan. Hain zuzen, Etxeberriak, entrenatzaile izateari utziko diola iragarri zuen joan den igandean. «Gauza askotan oinarritutako erabakia izan da. Pertsonalki, urte gogorra izan da niretzat, eta denboraldia amaitu aurretik hartu nuen erabakia. Bi ume dauzkat etxean, eta azkenean dena pilatu da. Horrelako lana eginda, nolako sakrifizioa dagoen ikusita, dena balantzan jarri behar da. Amaiera hotza izan da». Aristirentzat, ez da harritzekoa prestatzaileak hartutako erabakia, «zaila» iruditzen baitzaio klubean jarraitzea «horrelako ezegonkortasunarekin».
Liga bigarren postua bukatuta, Zumaiako taldeak ur aparretan egon beharko luke Kontxako sailkatze estropada datorrela jakinda, baina bai entrenatzaileak eta bai arraunlariak onartu dute ez dela horrela. Aristik mezu argia utzi du, Telmo Deun-aren etorkizunaren inguruan. «Gure arteko giroa ezin hobea da, baina uste dugu horrela ezin dugula jarraitu. Zuzendaritza honek jarraitzen badu, ez dakit hurrengo urtean gizonezkoen lehen trainerurik egongo den; jende asko ez baitago prest zuzendaritza honekin jarraitzeko».