TXIRRINDULARITZA

Konponbidea nahi dute

Kluben, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren eta Segurtasun Sailaren arteko tirabirek eztanda egin dute, kirol probak antolatzeko zailtasunak direla eta.

Donostiako Zumy sariko irteera, 2021ean. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI / IRUTXULOKO HITZA
Donostiako Zumy sariko irteera, 2021ean. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI / IRUTXULOKO HITZA
inaut matauko rada
2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun

Gipuzkoako txirrindularitza munduko talde eta kirolariek goia jo dute, eta igande honetan mobilizazio bat antolatuko dute herrialdean lasterketak antolatzeko dagoen zailtasuna salatzeko, baita konponbide bat eskatzeko ere. Donostian izango da manifestazioa: Antonio Elorza belodromotik irtengo dira, 11:00etan, eta Bulebarrean amaituko dute. Alor guztietako jendea deitu dute parte hartzera.

Urteak daramatzate arazoak izaten, eta uztailean planto egin zuen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren zuzendaritza taldeak, dimisioa aurkeztuta. Arritxu Iribar talde horretako kideetako bat da, eta azaldu du problema gehienen iturria Ertzaintzaren Gipuzkoako trafiko buruarekin duten harremana dela. Zaila da arazo guztiak zerrendatzea, baina emaitza hau da: arazo handiak daudela lasterketak antolatzeko.

Lehenik eta behin, egutegia antolatzeko zailtasunak nabarmendu ditu Iribarrek. Urtarril hasieran biltzen dira errepideak erabili behar dituzten kirol guztietako federazioak Ertzaintzarekin, trafiko kontuak kudeatzeko. Bizkaian eta Araban jartzen ez dituzten baldintza batzuk jarri dituzte Gipuzkoan; esaterako, aste barruan lasterketa ezingo dela lasterketa berririk egin. Gipuzkoako eta Bidasoko itzuliak, itzuli profesionalak eta historikoak diren klasikoak izan ezik, gainontzekoak ezingo dira astean zehar egin. Aretxabaletako eta Elgoibarko lasterketak dira horiek, udan astean zehar egin ohi direnak, herriko festen egunean.

2024 hasierako bilera horretan, Ertzaintzak federazioari jakinarazi zion bi lasterketa horiek baimena izango zutela, «agindu politikoz». Ezustea lasterketak gerturatzean etorri zen, baimena ukatu zietenean. Ezezko horregatik erabaki zuen zuzendaritza taldeak dimisioa aurkeztea. Aitor Aiertza zuzendaritza taldeko kidea da, eta Oriako Txirrindulari Eskolako presidentea, eta esan du Ertzaintzak trafiko arazoak aipatuz arrazoitu zuela ezezko hori, lasterketak astean zehar direlako. Azkenean baimena lortu zuten lasterketek, baina inoren sinadurarik gabe; hau da, bertan gertatzen den erantzulerik gabe: «Zerbait gertatuz gero, erantzukizuna federazioaren buruarena edo antolatzailearena da», esan du Iribarrek.

«Oso arraroa da Gipuzkoan 140 kilometrotik gorako lasterketak izatea, eta kirol mailan nabaritzen da»

ARRITXU IRIBARGipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritza taldeko kidea

Euskal Herriko Itzulia da bertako lasterketa handiena, eta Iribarrek eta Aiertzak azaldu dute Gipuzkoan ezin dela probarik egin itzuli horren aurreko eta ondorengo asteburuetan, baina bai, ordea, beste bi lurraldeetan. Ordutegiekin ere arazoak dituzte, goizenez 09:00etan hasi ahal baitira probak, eta beranduenez 18:00etan bukatu; gainera, lasterketa bat baino gehiago badago, hiru orduko tartea utzi behar da bien artean. Horrek afizionatuen lasterketak moztea ekarri duela dio Iribarrek, jakinda profesionaletara salto egiteko prestatzen ari diren txirrindulariak direla: «Oso arraroa da Gipuzkoan 140 kilometrotik gorako lasterketak izatea, eta kirol mailan nabaritzen da».

Asteazkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen federazioaren buruzagitza hartu zuela, baina Iribarrek azaldu du esku hartze hori «txirrindularitza salbatzera etorri balira bezala» saldu dutela, nahiz eta legeak agintzen diena egin duten soilik.

Irizpide zorrotzak

Iribarren esanetan, Ertzaintzak dio trafiko agenteak falta direla Gipuzkoan; hori dela eta, antolatzaileek kontratatu behar izaten dituzte moto gidariak. Horrek, beste faktore batzuekin batuta, asko garestitu du, Iribarren esanetan, proba bat antolatzea.

Lasterketa asko zirkuitu moduan egiten dira, eta orain, noranzkoa aldatzen den puntutik berriro horra iristen den arteko distantziak gutxienez hiru kilometrokoa izan behar du. Hala, hiru kilometro horietara iritsi ahal izateko ibilbideak moldatzen ibili behar izaten dute, eta askotan erremedioa sendatu beharrekoa baino arriskutsuagoa izaten da; adibidez, Aiertzak esandakoaren arabera, errepideak «zuloz beteta» dauden industrialdeetan sartzea: «Arriskutsuagoak diren noranzko aldaketak sartzen ari gara, industrialdeetan sartzen, adibidez. Haiek [Ertzaintzak] esaten dute segurtasuna ez dela negoziagarria, baina kirolarientzat arriskutsuagoak dira».

«Gertatu izan zaigu 200 txirrindularik bidegorri batetik atera behar izatea, N-1a ez zapaltzearren»

AITOR AIERTZAOriako Txirrindularitza Eskolako presidentea

Bestalde, errepide batzuk debekatu egin dituzte lasterketetarako, eta eskualde batzuetan arazoak sortzen ari dira, Tolosaldean esaterako. Aiertzak hori deitoratu du, esanaz kilometro bat baino gutxiago bada ere haiek N-1a zapaldu behar dutela: «Gertatu izan zaigu 200 txirrindularik bidegorri batetik atera behar izatea, N-1a ez zapaltzearren».

Martxa zikloturistetan ere izaten dituzte arazoak, Aiertzak aitortu duenez: bi patruila jarri dituzte aurrean eta atzean, hamabost minutura, eta hortik atzera geratzen denak dortsala kendu behar du. Milaka pertsona atera ohi dira halako probetan, maila fisiko eta adin oso ezberdinetakoak, eta irizpide horiek bete ezinezkoak dira Aiertzaren ustez, nahiz eta azkenean irizpide horiek ez zituzten onartu: «Presio horrekin ezin da lan egin».

Gipuzkoako mugak gaindituz

Herrialdearen mugak ere gainditu ditu txirrindularitzaren munduak dituen zailtasunei konponbidea bilatzeko eskakizunak. Leitzako (Nafarroa) Aurrera kirol elkartearen izenean, Eugenio Goikoetxea txirrindulari ohiak eta zuzendariak adierazi zuen bat egiten dutela igandeko mobilizazioaren deialdiarekin: «Uste dugu txirrindularitzaren egoera oso larria dela, eta denok gustuko ditugun Pello Bilbao, Ion Izagirre eta Mikel Landa bezalako txirrindulariak izateko, etorkizunean lan asko egin behar da harrobiarekin eta antolakuntzako jendearekin».

Pedro Delgado Frantziako Tourraren garaileak ere babesa eman dio mobilizazioari, baita Abraham Olano txirrindulari ohi eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko teknikariak ere. Munduko txapeldunak txirrindularitzatik kanpoko jendeari ere dei egin dio igandean Donostiara bertaratzeko, uste baitu arazoak ez diola soilik txirrindularitza lehiakorrari eragiten, baizik baita zikloturismo probei eta errepideetara buelta bat ematera ateratzen direnei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.