Erremontea

Konplizitatea dute tresnarik onena

Paulo eta Aitor Aiestaran anaiek elkarrekin jokatuko dute BERRIA Erremonte Txapelketa. Familia oso pilotazale baten azken bi katebegiak dira. «Gogotsu» daude.

Paulo eta Aitor Aiestaran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo eta Aitor Aiestaran, BERRIA Erremonte Txapelketaren aurkezpenean, Andoaingo Goiko plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
Hernani
2025eko otsailaren 27a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Estua eta konplizitate handikoa. Horrelakoa izan ohi da anai-arreben arteko harremana. Sarritan, ez diote elkarri hitz egin beharrik, eta nahikoa dute begirada bat elkar ulertzeko. 

Halaxe moldatzen dira egunerokoan Aitor (Hernani, Gipuzkoa, 1997) eta Paulo Aiestaran anaiak (Hernani, 2000). Baita kantxan ere. Konplizitatea dute tresnarik onena. Erremontean ari dira biak, Oriamendi enpresan. Elkarrekin jokatuko dute BERRIA Txapelketa. Larunbatean jokatuko dute lehen partida, Urtzi Gurrutxagaren eta Aritz Eskuderoren kontra, Galarretan, 16:30ean.

«Pozik» daude elkarrekin ariko direlako. Ez ditu ezustean hartu. «Nik hirugarrenez jokatuko dut txapelketa, eta anaiak duela bi hilabete egin zuen debuta. Uste genuen aukera polita litzatekeela elkarrekin aritzea. Ilusioa piztu digu», azaldu du Aitorrek. Iritzi berekoa da anaia gaztea. «Bikote ona osatzen dugu: anaia oso ondo ari da, eta ni hasiberria naiz».

«Elkarren osagarri» dira, gainera. «Ni odol berokoa naiz; anaia, berriz, lasaiagoa da. Partida bakarra jokatu dugu elkarrekin, anaiaren debutekoa, eta oso ondo aritu ginen: larunbateko bikote berari irabazi genion. Entrenatzen ondo aritu gara elkarrekin: konplizitate handia dugu», dio Aitorrek. «Nik asko eskertzen dut anaia bikotekide izatea. Beste bat balitz, agian, beldur pixka bat emango lidake zerbait esateak, hasiberria bainaiz. Baina anaiarekin badut konfiantza edozer esateko, eta hori garrantzitsua da», gehitu du Paulok. Egunerokoan bezala, anaia helduenaren rola beteko du Aitorrek kantxan. «Garai onean nago, jokoz eta sasoiz. Nire lana ondo egiten badut, anaiari aukerak politak utz diezazkioket, hark partida politak egin ditzan».

«Ni odol berokoa naiz, eta, anaia, lasaiagoa. Partida bakarra jokatu dugu elkarrekin, eta oso ondo aritu ginen»

AITOR AIESTARANOriamendiko erremontista

Paulok azpimarratu du anaiak «jauzia» egin duela orain bi urte debuta egin zuenetik. «Min handia egiten du sakez, eta ondo aritzen da errebotean eta piloteoan: erremontista osoa da». Dioenez, «lanaren poderioz» hobetu da. Aitorrek, berriz, nabarmendu du anaiak «asko» duela «berezkotik». «Beti izan da oso ona kirolean. Zesta-puntan eta esku pilotan jokatzen zuenean oso ondo aritzen zen. Dohain oso onak ditu. Horiek hobetu behar ditu, baina oso oinarri ona du».

Afizioa, aitarengandik

Familia oso pilotazale baten azken bi katebegiak dira. Aiestaran VI.a da Aitor, eta, Paulo, Aiestaran VII.a. Familiakoak dira aurreko aiestarandar guztiak. «Eskuz eta palaz aritu ziren, eta haiei aitortza egiteko hartu genituen Aiestaran VI.a eta VII.a izenak. Ilusio handia piztu zien horrek. Oso harro daude gutaz, eta, ahal dutenean, gu ikustera joaten dira Galarretara», azaldu du Aitorrek.

Erremonterako zaletasuna, ordea, aitarengandik jaso dute: Iñigo Aiestaran da haien aita, ETBko kazetaria, urte askoan erremonte partidetan esatari lanetan ibilitakoa. «Hari esker hasi ginen oso gaztetatik Galarretara joaten. Han, gainera, gure beste aitona aritzen zen askotan mediku lanetan: Pruden Trevijano. Oso garai politak bizi izan ditugu Galarretan. Adibidez, Kotetok xistera bat oparitu zigun erremontean has gintezen. Añorgako frontoian hasi ginen, bakarrik, eta, pixkanaka, grina sartu zitzaigun, eta, azkenean, Galarretan gaude», kontatu du Aitorrek.

«Asko eskertzen dut anaia bikotekide izatea. Beste bati zerbait esateak beldur pixka bat emango zidan, hasiberria bainaiz»

PAULO AIESTARANOriamendiko erremontista

Aitak berriki utzi dio erremonte partidetan esatari lanetan aritzeari. Paulok onartu duenez, aitak «lasaitua» hartu du esatari lanak utzita. «Mundu txikia da hau, eta nahiago izan du baztertzea; onena da guztiontzat. Beste kirol pila bat ditu lantzeko». «Ez du erremontea utziko, baizik eta beste era batean jarraituko du. Esango nuke lehen baino gehiago gozatuko duela», zehaztu du Aitorrek.

«Aurrerapausoak ematen dituzula ikustea». Horixe da biei erremonteaz gehien gustatzen zaiena. «Bisita gidatuetara joaten den jendeak xistera hartu, eta pilota atzeraka edo alde batera botatzen du; oso zaila da. Baina, gogor saiatzen bazara, egunero beste pauso bat ematen duzu, eta ezinezkoa zirudiena egingarri bilakatzen duzu. Horrek katigatu egiten zaitu», azaldu du Aitorrek. 

Ordu asko egin dituzte Galarretan, eta azken hogei urteetako erremontista onenak ezagutu: altunatarrak, Koteto, Zeberio, Urriza, Barrenetxea IV.a, Ansa... Aitorrek, baina, Aritz Zubiri nabarmendu du. «Eredutzat dut. Oso harreman ona dugu, eta beti dago laguntzeko eta erakusteko prest. Batzuetan, izarrei erreparatzen zaie, baina badira egunerokoan ezinbestekoak diren pilotariak. Haietako bat da Aritz».

Zubiri bera aurkari izango dute txapelketan. «Lehia gogorra» izango dela diote. «Baina txapela nahi dugu», esan du Paulok sendo. Txapela nahi du Aitorrek ere, baina baita «hobetzea, eta kantxan gozatzea eta gozaraztea» ere.

«Oso eskertuta» daude enpresak eta BERRIAk txapelketa antolatu dutelako. Paulo: «Erremonteaz hitz egin, eta izarrak aipatzen dira beti, baina denok osatzen dugu erremontea, eta denok gara garrantzitsuak, lehen eta bigarren mailakoak. Erremonteak aurrera egiteko, oinarria landu behar da, eta bigarren mailakoei aukera eman. Txapelketa hau aukera oso polita da, erakusleiho ederra». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.