Amaia Aldai

Konfiantzaren txapela

Bigarrenez irabazi berri du Emakume Master Cupeko lau eta erdikoa; bigarrenez jarraian. Kosta egiten zaio hori sinestea. «Iazkoaren aldean, bide gogorragoa izan dut; txapelduna nintzenez, presio handiagoa nuen. Baina ondo kudeatu dut».

RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Amaia Aldaik (Dima, Bizkaia, 2000) oso antolatua du aste barruko egunerokoa: goizean, ikasi egiten du —irakasle izateko ikasten ari da—, eta arratsaldean, entrenatu egiten da. Ez du ohitura aldatu bigarrenez jarraian Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapela irabazi ondoren. Baina ez da astelehen buruzuri bat izan. «Berezia izan da. Goizean, gelako lagunek ongietorri polita egin didate. Bueltan, berriz, elkarrizketen txanda izan da. Azkenik, entrenamendukideekin elkartu naiz. Egun polita izan da, azkeneko biak bezalakoa. Larunbatean ere ederto ospatu genuen: lehenbizi, Diman afaldu genuen; jende asko bildu ginen, eta Olatz ere etorri zen [Arrizabalaga, txapeldunordea]. Gero, kuadrillakoak Igorrera joan ginen [Bizkaia]. Igandean, berriz, lasai egon nintzen, mezuak erantzuten. Jo eta jo izan dut sakelakoa».

Lasai egon ez denez, oraindik ez du barneratu lortutakoa. «Kosta egiten zait sinestea txapela berriro irabazi dudala; iazkoaren aldean, bide gogorragoa izan dut». «Presioa» aipatu du segituan. «Txapelduna izanik, presioa nuen, eta, hasieran, sumatu egin nuen: oso urduri nengoen, eta, horren ondorioz, oso txarto ibili nintzen entrenatzen. Baina presio guztia joan zitzaidan finalerako sailkatuta. Erakutsi nuen iazkoa ez zela kasualitatea izan. Mesede handia egin zidan finalerdi ona jokatu izanak [nagusitasunez irabazi zion Miriam Arrillagari: 22-7]. Horrek lasaitasuna eman zidan».

Oraindik ez du ikusi finala. «Ez zait gustatzen nire partidak telebistan ikustea; oso urduri jartzen naiz». Baina emaitza jakinda —22-15 irabazi zuen—, badu asmoa ohitura aldatzeko. «Aurrerago ikusiko dut». Eguneko sentipenak ditu gogoan orain; «oso onak» izan ziren. «Oso gustura amaitu nuen. Ondo kudeatu nituen presioa eta urduritasuna; Olatzek baino hobeto. Oso kontzentratuta aritu nintzen denbora guztian, eta ez nion Olatzi bere jokoa egiten utzi behin ere. Hori eroan nuen etxetik pentsatuta, eta ondo atera zitzaidan. Gainera, tantoak bukatzen asmatu nuen».

«Une oro konfiantza handiz» aritu zela nabarmendu du. «Olatzena izan zen lehen tantoa, nik txapara bota bainuen pilota. Baina konfiantzaz nengoen: pilota arin ateratzen zitzaidan eskutik, eta oinak bizi neuzkan. Sei tanto egin nizkion jarraian, eta, lau eta erdian, alde handia dago aurretik edo atzetik joan. Olatzek berdindu egin zuen lehia [8-8], baina ez nintzen urduri jarri. Bi pentsamendu nituen: bata, Olatzen aurka galtzea ez zela porrota izango, sekulako pilotaria baita; eta, bestea, irabazten banion merezimendu osoz izango zela».

Psikologoaren laguntza

Kantxan izan zuen burua partida osoan, baina begi bat harmailan, aitaren bila. «Nik beste jokamolde bat nuen lehen, eta ez zen ona. Horregatik, psikologo batengana jo nuen. Hark esan zidan frontoian lasaitasuna helaraz ziezadakeen norbait bilatzeko. Aita da hori. Hari begiratzen diot, eta hark baietz esaten dit buruarekin; keinu horrek konfiantza ematen dit, eta lasaitasuna. Bolada bat daramat hori egiten, eta oso emaitza onak lortzen ari naiz».

«Asko» eskertzen du psikologoaren lana. «Badirudi jendearentzat tabua dela psikologoarengana joan dela esatea. Baina nik ez dut inolako lotsarik horretarako. Bi urte luze izan dira, eta laguntza handia behar izan dut; ez hobeto jokatzeko, pilotaz gozatzeko baizik. Ez lehen, futbolean jokatzen nuenean, ez gero, pilotan hasi nintzenean, ez nuen gozatzen; haserre joaten nintzen askotan etxera, triste. Ez nuen jarrera ona: odol berokoa naiz, eta erraz haserretzen naiz. Banekien aldatu behar nuela, eta, horregatik jo nuen psikologoarengana. Mesede handia egin dit».

Hark du txapela etxean, baina «argi» du ez dela berea bakarrik. «Lehenbizi, Olatzi eskaini nahi diot; izugarri lagundu dit kantxan eta kantxatik kanpo. Nahiz eta jakin noizbait aurkari izango ginela, elkarri animoak eman dizkiogu beti. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, entrenatzen eta jokatzen. Hasieran, ez zen erraza elkarrekin entrenatzea, baina lortu genuen: lagun minak gara, eta, frontoian, elkarren arteko lehiak hobeagoak egin gaitu biak. Ea horrela jarraitu dezakegun urte askoan. Horregatik, finala irabazi bezain laster esan nion txapelaren zati bat berea ere badela. Beste zati bat, berriz, familiarena eta lagunena da».

Lau eta erdikoa irabazita, binakakoa du hurrengo erronka nagusia. «Falta zaidan txapela da. Iaz, 22-3 galdu genuen Andrea Capellanek eta biok finalean, Olatzen eta Enara Gaminderen kontra. Arantza atera nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.