Gauzak gaizki doazenean, etorkizunari begi ilun samarrez begiratzen zaio; ondo doazenean, aldiz, baikortasunez beteta eta aurrera egiteko grinaz. Azken adibide horren antzeko sentsazioak dituzte gaur egun Eibarreko jokalariek. Joseba Etxeberriaren taldeak 11 partida daramatza galdu gabe —hamar Ligan eta bat Espainiako Kopan—, eta ez dute dinamika on hori etetea nahi. Jon Bautistak (Errenteria, Gipuzkoa, 1995) argi utzi du «gogotsu» daudela datorren partidari begira: Oviedon jokatuko dute bihar (16:15).«Oso bolada onean gaude. Horrela jarraitu nahi dugu, goiko postuetan segitu ahal izateko».
Bigarren Maila tranpaz beteta dago, eta oso lehiakorra eta parekatua da: ondo baino hobeto daki hori aurrelari errenteriarrak. Irailaren 9an galdu zuten azken norgehiagoka gipuzkoarrek, 1-0, Burgosen etxean. Ordutik, zazpi neurketa irabazi dituzte, eta hiru berdindu. Ez dago talderik liga osoan eibartarrek baino partida gehiago daramatzanik galdu gabe. Horrexegatik, Bautistak garrantzi handia ematen dio taldea egiten ari denari: «Hirugarren urtea dut hau maila honetan, eta hamar neurketa galdu gabe egotea oso zaila da. Edozein taldek edozeini irabazteko aukera du».
Emaitza on horiek lortzea ez da zerutik erori den zerbaiten esker izan. Denboraldia kaskar samar hasi zuten, aurreneko lau partidetatik hiru galduta. Baina jardunaldiak aurrera egin ahala, egoerari buelta eman diote. Bautistak astero-astero Atxabalpen egindako lanaren fruitua dela nabarmendu du: «Baita geure buruarengan dugun konfiantzarena ere. Gaizki hasi ginen, baina guztiok, elkar babestuz, esfortzu handia egin dugu dinamika on honetan sartzeko».
Amorebieta, Zaragoza eta Espanyolen aurkako partidetan azken hatsean sartutako golei esker lortu dute puntuak arrantzatzea gipuzkoarrek. Aurreneko bi taldeen kontra hiru puntuak bereganatzeko balio izan zuen; katalanen kontra, berriz, puntu bat erreskatatzeko. Azkeneko minutura arte borrokatzeko «konfiantza» dutela argi dago: «Garbi dugu aurrean dugunari zail jarriko diogula guri irabaztea». Aurkariek ere Eibarri dioten «errespetua» nabaritu du zelaian aurrelariak.
Hamabost jardunaldiren ostean, laugarren postuan dira, Sporting bigarren sailkatutik puntu bakarrera. Levante zazpigarrena, berriz, hirura dute. Sailkapena hain estu egotea «ez deskuidatzeko eta bete-betean aritzeko» ondo datorkiela aitortu du Bautistak. Izan ere, denboraldi amaieran goian egotea izan behar du Eibarren helburuak: «Talde ona dugu, eta, nire ustez, igotzeko kanporaketan sartzea izan beharko luke helburuak, gutxienez. Onena aurreneko bi sailkatuetan gelditzea izango litzateke, kanporaketa jokatu beharrik gabe igotzeko».
Bost gol
Ederki ari da errenteriarra. Iragan igandean urriko Bigarren Mailako jokalaririk onenaren saria jaso zuen; ligan jokatu dituen 11 partidetan bost gol sartu ditu, eta bi asistentzia eman. Datu onak dira, kontuan hartuta aurreko sasoian sei sartu zituela denboraldi osoan. Halere, haren momentu ona golek erakusten duten baino harago doa: «Bost gol sartzea oso ondo dago, baina sentsazioak dira bereziki onak. Ondo ezagutzen dut kategoria, eta konfiantzaz beterik nago».
Eibar Bigarren Mailan gol gehien sartu duen taldea da: 27. Etxeberriarekin, oraingoz, Gaizka Garitanorekin baino gol gehiago egiten ditu Eibarrek, baina baita hartu ere. Aurrelaria izanik, aldaketa horrek mesede egin diola nabarmendu du Bautistak: «Golak egiteko eta konfiantza hartzeko aukera gehiago ditut orain».
Bi entrenatzaileak ezagutzen ditu, eta bien artean «antz handia» dagoela azaldu du. Erasora jotzeko garaian duten planteamenduan dago ezberdintasun nagusia: «Josebari asko gustatzen zaio aurrera joatea, baloia lapurtu eta min egitea. Gaizka, kasu horretan, pixka bat kontserbadoreagoa zen». Modu batera edo bestera jokatuta ere, Eibarrek goiko postuetan egoteko gai dela erakutsi du.