Konfiantza itsua dauka

Kerejetak jakinarazi du Ivanovicek beste bi urtez jarraituko duela, eta salatu egin ditu gaiaren inguruan egon diren zurrumurruakAzken hiru urteetan taldeak Superkopa, Kopa eta Liga irabazi dituela argudiatu du

Josean Kerejeta Caja Laboral Baskoniako presidentea, atzo, taldeak egindako sasoia baloratzeko emandako prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ezagututakoa hobe ezagutu gabekoa baino pentsa zitekeen Josean Kerejeta Baskoniako ugazabak Dusko Ivanovic Baskoniako entrenatzaile karguan mantentzea erabaki duela entzun ostean. Taldeak bukatu berri den sasoian egindako lan eskasak Ivanovic Gasteizen betetzen ari zen bigarren zikloa bukatzear zegoela adierazten zuen, baina entrenatzaile aldaketa hizpide izan duten informazio oro arbuiatu zuen Kerejetak atzo, eta Ivanovici aginte makila kentzea eztabaida orotik kanpo egon dela adierazi tinkotasunez.

«Faltsuak eta intentzio txarrarekin egindakoak izan dira Ivanovic taldetik kanpo zegoela esan duten informazioak. Beste batzuekin elkarrizketak egin ditugula esaten zutenak bezala. Dena gezurra. Inoiz ez dugu zalantzarik eduki Ivanovic izango zela taldeko entrenatzailea». Hizketan hasi, eta Ivanovicek karguan jarraitzeko merezimendu nahiko egin duela iritzi zion Lazkaoko agintariak: «Azken hiru sasoitean hiru titulu eman dizkio taldeari: Superkopa bat, Kopa bat eta liga bat. Nahiko lorpen badela uste dugu».

Arrasto gehiago ere eman zituen Kerejetak: «Ivanovicen kirol ibilbidea ona izan da Gasteizen. Ona izan zen lehen zikloan, 2000. eta 2005. urteen artean, eta orain ere ona izan da. Tinkoa, emankorra. Taldea ezagutzen du, gure filosofia ere bai, zertarako aldatu?». Hitzarmen berria osotasunean betetzen badu, Ivanovicek bost urteko bigarren zikloa beteko du. Lehen zikloa ere urte kopuru berekoa izan zen, eta, gauzak ondo bidean, hamar urte egin ditzake denera Gasteizen. Tarte horretan, Montenegron jaiotako entrenatzaileak sei titulu eman dizkio denera Baskoniari .

Kerejetak bere azalpen sorta eman zuen, baina Ivanovicen jarraipena auzitan egon dela ukatu izana asko ukatzea da. Hain ziur egon izan balira, Bartzelonak Baskonia kanporatu eta berehala jakinaraziko zuten berria, baina hamar egun luze pasatu dira erabakia hartu dutenerako. Bolo-bolo ibili da Baskoniak Sienako Montepaschiko Stefano Pianegini entrenatzailea fitxatu nahi zuela, baina italiarrak 2013a bitarteko kontratua dauka Sienako taldearekin, eta Baskoniak ez dauka sosik etete klausulak negoziatzen hasi eta taldearen osaketa atzeratzeko.

Esaera zahar bat erabiliz, litekeena da Kerejetak pentsatu izana bat eskuan izatea hobea dela, bi haizean edukitzea baino. Alegia, errentagarriagoa izan litekeela Ivanovicekin jarraitzea, entrenatzaile ezezagun bat ekartzea baino. Hori guztia Ivanovicek azken sasoian bildutako uzta eskasa izan arren. Ivanovicek berak ez du adierazpenik egin Bartzelonak Gasteizen hirugarren partida irabazi ostean. Orduan esan zuen bere etorkizuna azkar argituko zela, baina etorkizun hori Gasteizen izango zen edo ez zehaztu gabe: «Entrenatzaile izango naiz, hemen edo beste hiriren batean». Hamar egun atzera, Gasteiztik urrun samar sumatzen zen Ivanovicen geroa.

Buesa Arenara bertaratzen diren zaleen artean zatiketa handia dago. Ivanovicen zale sutsuenek dagoeneko oso ezaguna egin den «Dusko, Dusko» oihuekin agurtu zuten entrenatzailea, baina haren jardunarekin konforme ez direnak ere ez dira gutxi. Baskoniak denboraldi bat tituluren bat lortu gabe bukatzea onartu litekeela diote, baina trukean, titulu bakar bat lortzeko jokoan ez egotea, onartezina, eta Baskoniak ez du finalik jokatu denboraldi honetan.

Teletovic, Huertas eta Heurtel

Kerejetak gutxitan ematen du bere hitzak entzuteko aukera, eta kazetariek taldeko hainbat jokalariren inguruko galderak egin zizkioten presidenteari. Ikur diren Mirza Teletovic kapitaina eta Marcelinho Huertasen inguruan, batez ere. Buesa Arenako taldeak altxortegia nahiko hustua duela diote mingain gaiztoek, eta talde aberats batzuk altxortegi hori betetzeko asmoa dutela bi jokalari horiek salduta. Altxortegiak hustu samar jarraituko du, Kerejetak esandakoaren arabera, ez baitu ez bata ez bestea saltzeko batere asmorik.

«Teletovic gure kapitaina da, eta berak ere esan zuen gurekin geratuko zela zuzendaritzako kideok kontrakoa esaten ez genuen bitartean, eta ez dugu esango». Huertasen inguruan, oraindik beste bi urteko kontratua duela esan zuen, eta hura bereganatu nahi dutenen asmoak uxatzeko, beste hiru urterako kontratua eskaini diotela jakinarazi zuen. «Onartzen badu, 2015. urtera arte egongo da gurekin». Thomas Heurteli buruz, berriz, esan zuen gauzak ondo bidean frantziarrak Gasteizen jokatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.