Ager Solabarrieta Ondarroan (Bizkaia) jaio zen, eta, arazo genetikoen ondorioz, urteak igaro ahala ikusmena galduz joan da. Borrokalari petoa da, eta gauzen alde onari erreparatzen dio beti. Txikitatik jabetu zen bere arazoaz, baina ez zion izena jarri 27 urte izan arte. «Medikuarengana joaten hasi nintzen, eta astigmatismo arraro bat nuela esan zidaten. Okertuz joan zen. Betaurrekoak kentzeko ebakuntza egitea erabaki nuen, eta hor esan zidaten gaixotasun bat nuela: erretinosi pigmentarioa; baita distrofia makularra, kataratak eta fotofobia ere».
Urteen poderioz, ikusmena galduz joan da, baina bada galtzen ez duen zerbait: umorea. Guztiz norl hitz egiten du bere bizitzaz, eta gaur egun, tresna asko dauzka bizitza eramangarriago bat edukitzeko. «Egia esan, ia dena egin dezaket, eta ohituz joan naiz bizitza honetara. Gainera, teknologiak asko laguntzen dit».
Egun batean, ikasgelako lagun bati esker, karabina tiroa ezagutu zuen. Pentsa daiteke modalitate horretan ikusmena ezinbestekoa dela, baina Solabarrietak egiaztatu zuen ez zela hala. Karabina eta dianekin topo egin zuenetik, haren bizitza eta haren bikotekidearena ez dira berdinak izan. «Aukera izan nuen ordenagailuarekin trebatzeko eskola batzuetan parte hartzeko, eta Markinako [Bizkaia] mutil bat ezagutu nuen. Hura han geratzen zen klasearen ondoren, tiro jarduera batean, eta emaztea deitu nuen segituan: nik ere probatu nahi nuen. Orduz geroztik, ez naiz gelditu».
Hamar urtez, Bilbora joaten zen entrenatzera, baina denbora asko galtzen zuen bidaietan, eta apustua egitea erabaki zuen, emaztearekin batera. Gaur egun, lonja bat lortu dute Ondarroako portuan, eta han entrenatzen da. Inbertsio handia eskatzen du, eta ez da batere kirol merkea. Hala ere, ez da inoiz gelditu, eta ez dauka horretarako intentziorik ere. «Apuntatzeko gailuak 1.500 euro inguru balio ditu, karabina on batek 2.500, jantziak 1.500, botek 300, eskularruek 100... Hasieran, materiala garesti ateratzen da, baina, gero, urte askoan balio du». Nazioarteko lehenengo txapelketa 2015ean jokatu zuen. Gaur arte, Ondarroako Udalak diru laguntza ematen die, eta Basque Teamek eta Euskal Federazioak batzuetan hegazkineko txartela edo hotela ordaintzen diote. «Gainontzekoa emazteak eta nik jartzen dugu, gure poltsikotik, eta sakrifizio handia eskatzen digu».
Ondoan dauka beti Maite Badiola, gidaria eta emaztea. Txapelketetan laguntzaile moduan aritzen da. Hura arduratzen da ituaren aurrean jartzeaz, materialarekin laguntzen dio, puntuazioa markatzen dio —eskuineko besoa ukituta—, eta jaurtiketaren posizioa adierazten dio —bizkarra ukituz—. Pitzadurarik gabeko bikoa osatzen dute. «Asko laguntzen dit, txapelketen aurretik batez ere. Material guztia ikuskatzen du, denbora asko pasatzen dugu hotelean, eta euskarri psikologiko aparta da niretzat. Entrenamenduetan ere hark laguntzen nau, eta lortzen ditudan garaipenak ere harenak dira».
Gorabehera horiek guztiek ez dute geldiarazi, eta lan eginez eta duen talentuarekin munduko txapeldun bihurtu da. Bosgarren nazioarteko proba izan du aurten, eta orain arte, Munduko Kopan hiru zilarrezko eta aurtengo urrea irabazi ditu. Horrelako emaitzek «balio handia» dute harentzat, eta indarra ematen diote aurrera egiteko. «Ordu asko eskaintzen diogu honi, baita ilusioa ere. Irabazteak sekulako poza ematen dit, nigatik, baina baita emazteagatik ere».
Jokoak gero eta gertuago
Kirol minoritarioa dela onartu du, eta zer hobetu badela uste duen arren, pozik dago. «Lehiaketa gehiago jarriko nituzke denboraldian, finalak batez ere. Baina daukagunarekin konformatu beharko. Azkenaldian, pausoak ematen ari dira gure kirola geroz eta serioago izateko, eta pozik nago».
Ilusioz ekiten die erronka guztiei, baina onartu du Olinpiar Jokoak dituela amets. «Gure kirola ez da ofiziala izan 2017ra arte, baina handitzen ari da, eta urtarrilean bozketa egingo da. Badirudi, Los Angelesko 2028ko Jokoetarako egongo dela, eta baliteke Pariskoetan, 2024an, erakustaldi bat egitea».
Ager Solabarrieta
Konfiantza itsu-itsuan
Ager Solabarrieta itsua da, baina lan eginez, talentua baliatuz, eta Maite Badiola emaztea lagun duela, Munduko Kopan urrea lortu du karabina jaurtiketako modalitatean. Olinpiar Jokoak ditu amets.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu