Realean tokirik gabe gelditu zen Jon Guridi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1995). Lehen Mailako 25 partida jokatu zituen txuri-urdinez aritu zen azken bi denboraldietan. Alavesen neurketa kopuru berbera jokatu du maila nagusian, baina bi desberdintasun handi daude: sasoi honetako lehen 26 jardunaldietan iritsi da kopuru horretara, eta, behin izan ezik, beti aritu da titular moduan. «Partidak jokatu ahala, esperientzia hartzen duzu, eta gehiago sinisten duzu zugan».
Aste osoa izan duzue Osasunaren aurkako derbia prestatzeko. Zer moduz iritsiko zarete?
Halakoetan astea luze egiten da, baina denbora gehiago duzu partida prestatzeko eta atseden hartzeko. Alde horretatik, indartsu eta gogotsu iritsiko gara. Niri ez zait gustatzen astelehenetan jokatzea. Tira, uste dut ez zaiola inori gustatzen. Baina jartzen dituzten ordutegietara moldatu behar dugu. Zaleentzat ere ordu txarra da. Estadioa bete egingo da, baina lan egiten dutenek presaka ibili beharko dute.
Lehen itzulian 0-2 galdu zenuten Osasunaren aurka. Joko aldetik ondo zenbiltzaten garai hartan, baina emaitzak ez ziren horren onak. Talde lehiakorragoa zarete orain?
Bai. Gogoan dut lehen itzuliko partida: ez genuen emaitza hori merezi izan. Aukera dezente izan genuen markagailua hutsean zela, eta Antoniok [Blanco] txartel gorria ikusi zuen Ianis [Hagi] gola sartzeko zorian egon ondoren. Sasoi hasieran, jokoz ondo ginen, baina emaitzak ez ziren iristen. Urtea hasi zenetik, ordea, beste martxa bat hartu dugu.
Neurketen bukaera partean gol dezente sartu dizkizuete. Mallorcaren aurka, adibidez, 88. minutuan sartu zizueten banako gola. Zer analisi egin duzue talde barruan?
Mallorcaren aurka, ez genuen irabazterik merezi izan. Haiek aukera onak izan zituzten lehen zatian, eta guri kosta egin zitzaigun arriskua sortzea. Berdinketa bidezkoa izan zen. Hala ere, min dezente ematen du azken momentuan puntuak galtzeak. Aurretik egonik, taldeak inkontzienteki atzera egiten du, eta aurkariak gola sartzeko aukera gehiago sortzen ditu.
Jaitsiera postuak aparte dituzue, orain arte 29 puntu bilduta. Espero zenuten horren eroso egotea denboraldiaren fase honetan?
Nik konfiantza handia dut talde honengan, eta hasieratik ikusi dut ongi. Gainera, azpian daudenek tantaka lortu dituzte puntuak. Alde polita lortu dugu, egia esan. Talde gaztea dugu, eta beste batzuek baino esperientzia gutxiago daukagu agian. Baina, gazteak izanik, uste dut nabari zaigula energia eta gose hori. Ondo egokitu gara Lehen Mailara.
Bigarren Mailan baino joko hobea ari zarete egiten aurten?
Agian bai. Lehen Mailan toki gehiago dago zelaian. Egia da aurkariak ere hobeak direla baloiarekin, baina gehiago uzten dizute jokatzen. Alde horretatik, batzuoi hobeto datorkigu Lehen Mailan jokatzea.
Zu funtsezkoa izan zara iaz Gasteizera iritsi zinenetik. Toki aproposa aurkitu duzu futbolari gisa garatzeko.
Minutu asko ari naiz jokatzen bi denboraldi hauetan. Horren bila irten nintzen Realetik. Alavesek hasieratik erakutsi zuen niganako interesa, eta Bigarren Mailan aritzeak zalantza txikiren bat sortu arren, oso aukera egokia iruditu zitzaidan. Euskal talde bat, etxetik gertu, igotzeko hautagaia zena… Erabat asmatu nuen erabakiarekin. Konfiantza handia ari zait erakusten entrenatzailea, eta oso ondo sentitzen naiz, bai fisikoki, bai mentalki, eta baita joko aldetik ere.
«Realaren harrobiko taldea ematen du Alavesek. Gustura gaude: urte askoan aritu gara elkarrekin, eta hori nabaritu egiten da zelaian»
Realarekin gutxi jokatu ostean, aurten ari zara ikusten eta sentitzen benetan Lehen Mailako jokalaria zarela?
Oso zaila da Lehen Mailan egonkortzea, eta, zorionez, aurten asko ari naiz jokatzen Alavesen. Konfiantza hartu dut, eta gai naizela sentitzen dut orain. Partidak jokatu ahala, esperientzia hartzen duzu, eta gehiago sinisten duzu zugan.
Aurrelariaren atzetik ari zara jokatzen. Argitasuna eta bizitasuna ematen dizkiozu jokoari. Zure ezaugarriak erakusteko posturik egokiena da?
Punta-erdi gisa eroso sentitu naiz beti, eta aurten askatasuna ari naiz izaten zelai-erdira jaisteko nahiz gora iristeko. Golak sartzea falta zait bakarrik, eta hori konpondu nahian nabil. Badakit errematea badakit ez dela nire indarguneetako bat. Atzerago jokatzera nago ohituta, eta batzuetan kosta egiten zait baloia jaurtitzea. Hala ere, zorte txarra ari naiz izaten: erremate onak egin ditut, baina zutoinera joan zait bat baino gehiago.
Ingurura begiratu, eta hor dituzu Ander Gebara, Alex Sola eta Andoni Gorosabel. Batzuetan zalantza izango duzu, ea Realean edo Alavesen jokatzen ari zaren.
Realaren harrobiko taldea ematen du, bai [barrezka]. Gustura gaude: urte askoan aritu gara elkarrekin, eta hori nabaritu egiten da zelaian. Erraz ulertzen dugu elkar. Taldeak kalitatea irabazi du haiek ekarrita. Ekarpen handia ari dira egiten.
Ikusten dituzue Realaren partidak? Eta zer hitz egin duzue asteazkenean galdutako finalerdiaren inguruan?
Ikusten ditugu, bai. Eta asteazkenean, Realak finalera igarotzea merezi izan zuen, argi eta garbi. Penaltia huts egin zuen, gero atepean baloi bat atera zion Samu Costak… Penalti jaurtiketak apur bat loteria izaten dira, eta pena izan zen. Kolpe latza hartu zuen, egia esan.
Realak oraindik helburu garrantzitsuak ditu. Eta zuek, zer helburu izango duzue gelditzen diren partidetan?
Puntuak biltzen jarraitzea eta salbazioa ahalik eta lasterrena lortzea da gure nahia. Beste hiru edo lau partida irabazita, azpikoek ez gaituzte inolaz ere harrapatuko. Lehen erronka Osasunari irabaztea da. Momentu onean daude, baina lan ona eginda gai izango gara etxera sari eder batekin itzultzeko.