«Konfiantza handia dugu»

Bera Berak gaur jokatuko du ligako finaleko joaneko partida, Gaskan, Elxen aurka. Emma Boada jokalaria baikor da. Liga irabaziz gero, denboraldiko hirugarren titulua litzateke Donostiako taldearentzat, Iberiar Superkopa eta Kopa irabaziak baititu.

(ID_17169083243865) Emma Boada
Emma Boada Bera Berako jokalaria partida batean. OSCAR ARAUJO
ainara arratibel gascon
Donostia
2024ko maiatzaren 29a
05:05
Entzun

Berezia izango da gaur Bera Berak Elxen aurka Gaska kiroldegian jokatuko duen partida (19:30, TDP). Arrazoi asko daude horretarako. Batetik, Donostiako taldeak liga irabazteko lehen urratsa egin dezake, finaleko joaneko partida baita. Bestetik, zazpi jokalarik agur esango diote taldeari denboraldi amaieran, eta haien azken neurketa izango da etxean. Ez da ohikoa hori Bera Beran. Baina hurrengo denboraldia aldaketen sasoia izango da Imanol Alvarezen taldearentzat. Joango diren jokalarien artean dago Emma Boada (Bartzelona, 1994), eta hunkituta mintzo da, taldearentzat denboraldiko hirugarren titulua irabaztea zer den galdetutakoan. «Oilo-ipurdia jartzen zait. Urte asko daramatzagu elkarrekin, familia bat gara, eta aro hau amaitzeko modurik ederrena litzateke. Uste dut merezi dugula».

Taldea «oso ondo» ikusten du. «Bai fisikoki, bai mentalki, iaz baino askoz hobeto iritsi gara azken txanpa honetara, eta batez ere esango nuke mentalki. Konfiantza handia dugu. Horrek lagundu egin digu partida parekatuetan aurrera egiten eta indarrak ateratzen. Horri esker iritsi gara hona». Beste gakoetako bat «urratsez urrats» joatea izan dela nabarmendu du. «Garai zailak izan ditugu. Urtarrila, adibidez, oso gorabeheratsua izan zen. Orduan gutxik pentsatuko zuten Kopa irabaziko genuenik eta ligako finalean egongo ginenik. Baina partidaz partida joan gara, familia bat izanda, eta arreta gugan jarriz. Horri guztiari esker iritsi gara hona, eta ilusio handia dugu denboraldiko hirugarren titulua irabazteko; izan ere, Iberiar Superkopa ere irabazi genuen».

Elx ere sasoi betean dago. Liga erregularra lehen postuan amaitu zuen, eta iragan ostiralean EHF Kopa irabazi zuen. «Argi dago horrek indarra emango diela mentalki. Baina, aldi berean, nekea antzeman dezakete. Ea hala den, eta baliatu dezakegun». Boadak argi du gaurko partida irabaztea izango dela «gakoa». «Formatu honetan, lehen partida irabazteak bermatu egiten dizu itzulikoan luzapena jokatzea, eta horrek ezinbestean irabazi beharraren presioa eragiten dio aurkariari. Gainera, etxean jokatzen dugu, gure zaleen babesekin. Aurten inoiz baino gehiago antzeman dugu haien laguntza, eta, horrekin eta gure indarrarekin, irabazi behar dugu». 

Partida «zaila, gogorra eta parekatua» espero du. Haren ustez, gailentzeko ezinbestekoa izango da defentsan «oso sendo» egotea». Danila So Delgado ezker albokoa eta Celia Guilabert ezker hegalekoa «oso gertutik» zaindu beharko dituztela. «Danila defendatzea oso zaila da, ezustean harrapatzen zaituen jokalari horietakoa baita. Baina uste dut arlo horretan ondo ari garela». Lesioak behartuta, Imanol Alvarez teknikaria bi piboteekin jokatzen hasi da defentsan, eta asmatu egin du. «Alba [Menendez] eta Carmen [Arroyo] batera lesionatu ziren, eta orduan probatu zuen eredu hori. Ondo funtzionatu du, bai Shula [Gavilan] eta bai Carmen horma baten parekoak direlako. Gainera, kontraerasoan ere aukera dugu biekin jokatzeko, eta horrek bestelako alternatiba batzuk ematen dizkigu. Osatu ostean, gainera, Alba ikusgarri ari da». 

«Elxek presio handia egiten du defentsan. Hori jakinik, erasoan jokatzen ari garena baino are pazientzia handiagoz aritu behar dugu». EMMA BOADA Super Amara Bera Berako jokalaria

Erasoan, berriz, gauzak argi dituztela nabarmendu du. «Taktikoki argi izaten ari gara aurkariaren defentsari nola eraso egin, eta horri eutsi egin behar diogu. Haiek presio handia egiten dute defentsan, eta horrek presaka aritzera eramaten zaitu. Beraz, jokatzen ari garena baino are pazientzia handiagoz jokatu behar dugu, eta partidako azken minutuak ondo kudeatzen asmatu behar dugu».

Hunkitzeko egunak

Emozioak «pil-pilean» dituztela onartu du Boadak. «Aro bat amaituko da. Aipatu dudan bezala, ederra izan da, eta ez da erraza horrek guztiak eragiten dizkizun emozioak kudeatzea. Ni, adibidez, negar asko egiten duen horietakoa naiz, baita Mariane ere [Fernandez]. Baina disfrutatzean dugu arreta jarrita. Uste dut horrek mesede egin digula. Bai, behintzat, niri. Izan ere, gozatzen dudanean ematen dut nire onena. Iritsiko dira malkoak gero, baina orain gozatzeko garaia da. Multzoan dugun giro onak eta umoreak ere laguntzen du. Jokalari askok dugu txarretik umorea egiteko gaitasuna».  Gainera, argi du galdu edo irabazi, larunbata —orduan jokatuko dute itzuliko partida Elxen aurka—ospatzeko eguna izango dela. «Ea tituluarekin den, ospatzen are iaioak baikara. Baina, bestela ere, uste dut denboraldia bikaina dela».

Onartu du entrenamendu batzuetan negar egin duela. «Gaur [herenegun] bertan Marianek gogorarazi dit azken entrenamendua genuela Gaskan, eta gogorra egiten da. Izugarri kostatzen da hau uztea. Urtarrilean, halako erabakia hartzean, kirol ikuspegitik ez nintzen gozatzen ari. Ez dakit zergatik, baina hala zen. Pentsatu nuen kirol aldetik aldaketa bat behar nuela. Orain, bestela dira gauzak. Pertsonalki, berriz, sekula ez nuke hau utziko. Nire bizitzako esperientziarik ederrena izan da, bai kirol ikuspegitik, bai pertsonalki».

«Izugarri kostatzen zait hau uztea. Nire bizitzako esperientziarik onena izan da hau, bai kirolari eta bai pertsona moduan».

EMMA BOADA Super Amara Bera Berako jokalaria

Gogoan zer izango duen galdetuta, berehala erantzun du. «Hemengo jendea. Harreman handia egin dut, eta etxetik urrun egonda, beti egon dira nire ondoan. Pertsona horiek beti izango dira nire bizitzaren parte». Bost urte egin ditu Donostian. «Asko arriskatu nuen hona etortzen, lehia eta exijentzia handiak baitziren. Baina bidea ederra izan da. Jokalari hobea naiz orain, eta halaxe noa; asko ikasi dut nire taldekideengandik eta Imanolengandik. Eskubaloia hobeto ulertzen lagundu dit. Pertsona hobea ere banaiz orain, inguruan izan ditudanak hala izan direlako». Orain, esperientzia berrien bila arituko da atzerrian. «Selekzio arteko txapelketa handi bat jokatzetik harago; hori falta izan zait. Orain arte ez naiz ausartu, izan ditudan lesioengatik. Baina urratsa egiteko ordua da, adinean aurrera ere banoalako. Eta horretaz ere gozatu nahi dut». Baina bihotzaren zati bat Donostian utziko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.