Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz

Konfiantza giroan jositako txapela

Binakako pentatloia irabazi dute Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz herri kirolariek. Beren lehendabiziko aldian, marka ezarrita gailendu dira. Funtsezkotzat jo dute elkar lagundu izana eta giro ona eduki izana: «Berehala ulertu genuen elkar».

GOTZON ARANBURU / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Giharretako minei aho-ezpainetakoak gehitu dizkiete Nerea Arrutik (Urnieta, Gipuzkoa, 1990) eta Amalur Arbelaitzek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1980). Irribarrea ezkutatu ezinda daude larunbataz geroztik. Haiek irabazi zuten Tolosako zezen plazan jokatutako binakako pentatloia (Gipuzkoa). Ez nolanahi, gainera: pentatloian parte hartutako lehendabiziko aldian, marka ezarri zuten: 24 minutu eta segundo bat.

Hautagai sendoak mendean hartuta, lehendabiziko txapela jantzi dute Arrutik eta Arbelaitzek. Bien aldartea izan zen garaipenaren iragarle: «Elkarrekin joan ginen Tolosara, autoan, eta bidean nabarmendu genuen zer lasai geunden», azpimarratu dute biek.

Izan ere, prestakuntza fisikoari laguntasunaren abaroa gehitu zaio azken hilabeteetan, eta bien arteko harremana gako izan da helburua lortzeko. Biek nabarmendu dute «elkarren artean sortutako konfiantzazko giroa».

«Oso gustura» aritu dira , Arbelaitzek azaldu duenez: «Uste dut bikote ikaragarria egiten dugula. Nereak indar handia du, eta uste dut nik konfiantza ematen diodala. Lehendabiziko egunetik esan zidan oso gustura zegoela».

Arrutik berretsi egin du Arbelaitzek esandakoa. Urnietarrak dioenez, «gozamena» izan da, «hasiera-hasieratik». «Zure bikotekidearekin halako harreman estua izatea ederra da. Oso ondo aritu gara elkarrekin; horren ezberdinak garenez, ondo lotu gara elkarri». Gaineratu du espero baino hobeto aritu zirela finalean, eta horrek poz bikoitza eman diela.

Udazkenaz geroztik batera entrenatzen aritu dira biak, «elkar animatuz», eta horrek agudo ekarri du emaitza ona.

Arbelaitzen arabera, harri jasotzen iazko txapeldunen erritmora aritzean jabetu zen ondo aritzeko moduan zirela: «Hori bai, hustu egin behar izan genuen. Ez genuen barkatu. Korrika, agian, zertxobait gehiago egin ahalko nuen, baina askorik ere ez».

Bost minutu eta 45 segundo hobetu dute orain arteko errekorra —iaz Lucia Orbek eta Garazi Arrutik ezarritakoa—. Ezustekoa izan zen hori, Arrutik esan duenez. Hark azaldu du «harrituta» geratu zirela denbora ikusi eta gero. Antzera mintzatu da haren kidea ere: «Ez genuen halakorik espero. Entrenamendu batzuetan egin dugu txapelketako saio bera, eta sekula ez dugu denbora hori egin».Oiartzuarraren arabera, aurrera begira ere hausteko «zaila» da marka hori.

Orotara, 24 minutu eta segundo bat behar izan zituzten lanak amaitzeko. Orbe eta Arruti bigarren sailkatuek bi minutu eta 53 segundo gehiago behar izan zituzten. Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi sailkatu ziren hirugarren, hiru minutu eta 40ra.

Halako marka lortuta, egindako lanak ona behar du ezinbestean. Arrutik baieztatu du hori: «Harriarekin hasterako, ohartu ginen dena ondo zegoela. Amalurri kale eman zioten bolarekin egindako jasoaldi batean, baina berehala berrekin zion. Beste probetan zailduak gara, eta pentsatzen hasi ginen irabazi egin genezakeela. Horrek indar handiagoa eman zigun».

Kontrarioak ere , sendo

Arrutik eta Arbelaitzek alde handia lortu arren, gainontzeko bikote guztiek ere lortu zuten iazko denbora hobetzea. Horrek agerian uzten du emakumezkoen pentatloiak egin duen aurrerako urratsa.

Finaleko mailaren inguruan, Arrutik azpimarratu du «oso ondo» aritu zirela aurkariak: «Ez diet meriturik kendu nahi Gisasolari eta Ansorregiri, baina Orbe eta [Garazi] Arruti oso indartsu espero nituen. Bolarekin oso ondo aritu ziren. Banekien aizkorara haiekin ailegatuz gero gure aukera izango genuela, hura baita gure probarik onenetarikoa».

Hirugarren proban aritzen dira egurra mozten, baina, aizkorari heltzerako, abantaila mardula lortu zuten garaileek, minutu bat eta hamabost segundokoa, eta lau minututik gorako errentarekin egin zituzten aizkorako lanak. Hortik aurrera, eroso aritu ziren biak, amaierara arte.

Gisa horretako garaipen bat etorkizunerako akuilu izan daitekeen galdetuta, oiartzuarrak esan du oraindik goiz dela halako erabakiak hartzeko: «Ez naiz esatera ausartzen. Agian, besteren batean aritzeko zera hori izango dut. Orain, erakustaldiak-eta izango dira udan, eta, irail aldean atseden pixka bat hartuta, baliteke zerbait egitea datorren urterako».

Garaiz ekin beharko diete prestalan horiei. Aurtengo emaitzaren gisakoa eskuratu nahi baldin badute, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.