Seigarren postuaren lehian murgilduta dago Hibaika. Lehengo denboraldian ez bezala, postu hori lortzeak modua emango du Euskotren ligan eusteko, eta horixe nahi du Errenteriako taldeak. June Mikeo arraunlariak (Errenteria, Gipuzkoa, 2001) argi dauka helburua hori dutela. Ez daukate urrun.
Zer moduz ikusten duzu taldea?
Seigarren postuan eusten diogu, eta, azkenean, hori da helburua, kanporaketarik ez jokatzeko. Gutxika, emaitzak lortzen ari gara, eta astetik astera hobetzen. Lau arraunlari etorri dira Alacantetik, eta oinarrira egokitu behar izan dute. Baina nahiko azkar aurreratzen ari gara, eta huts guztietatik ikasten. Baikor gaude, helburua lortzeko bidean baikaude.
Alacanteko fitxaketak aipatu dituzu. Iaztik aldaketa ugari izan dira taldean, eta egokitu egin behar izan duzue. Horrek zalantzak piztu zituen taldean?
Neguan batez ere. Jende askok utzi zuen taldea, eta ez genekien nola egongo ginen udarako. Baina, denboraldiaurrea pasatu ahala, konturatu ginen ongi ari ginela lanean, eta horrek animatu egin gintuen. Orain liga iritsi da, eta, egindako lan guztiari esker, kanporaketa saihestu dugu oraingoz. Konfiantza falta zitzaigun, baina, orain, beste talde bat gara.
Hala ere, gai izan zarete aurreko urteko mailari eusteko, ezta?
Ligako maila igo egin da orokorrean, eta gu ezin ginen atzean geratu. Iaztik hona gora egin dugu zertxobait, baina gainontzeko taldeek ere gora egin dute nabarmen. Hondarribia, adibidez, oso aurretik aritu da orain arte, nahiz eta gure txandan dabilen. Gure lehia atzekoei begiratzea da, baina, aurrekoek hanka sartzen badute, hor egongo gara gu.
Aurreko asteburuan Galizian aritu zineten. Sendoago zaudete horren ondoren?
Baietz esango nuke. Larunbateko estropadan Cabo sartu zitzaigun aurretik, azkenean konfiantza pixka bat falta baitzaigu itsasoan. Igandean haize zakarra zebilen arren, estropada ona egin genuen; oso pozik gaude egindako lanarekin.
«Ligako maila igo egin da orokorrean, eta gu ezin ginen atzean geratu»
Hain zuzen, Caboren etxean lortu zenuten hari bi punturen aldea ateratzea, eta, gaur-gaurkoz, hiru punturen tartea duzue. Horrek lasaitasuna ematen dizue?
Ikusita bi traineruen artean lehia estua dugula, zaila da hiru punturen aldea berreskuratzea. Horrek ez digu lasaitzeko motiborik ematen. Argi dago hutsegiteak ordaindu egiten direla, eta ez gaude oparirik egiteko moduan.
Denboraldi hasieran espero zenuen Galiziako ontziekin horrelako lehia izatea?
Arraun munduan dena jakin ohi da, eta, galiziarrekin hitz eginda, bagenekien Cabok estutu egingo gintuela. Oraintxe bertan jende asko daukate klubean, eta Galiziako ligan beste traineru bat dute. Neguan bi ontzi aritu dira prestatzen, eta horrek lehiakortasuna handitzen du. Espero genuen ondo arituko zirela, eta nabaritzen da koska bat gora egin dutela. Agian, Hondarribiarena izan da gutxien espero genuena. Arraunlari dezentek utzi zuten taldea, eta uste genuen haien pare aritu gintezkeela. Hala ere, argi utzi dute lan handia egin dutela, eta orain emaitzak lortzen ari dira.
Tiranek ere aurrerapausoa eman du. Lehen txanda gogortu egin da?
Hori espero genuen. Lehia handitu egin da goitik, baina baita behetik ere. Tiranek, adibidez, eskifaia guztiari eutsi dio, eta bagenekien hobetu egingo zuela. Alde horretatik ere pozten gara, lehiakortasun handiagoa baitago ligan.
Zuentzat amesgaiztoa izan zen aurreko denboraldian seigarren postuan geratu, eta, hala ere, kanporaketa jokatu behar izatea. Aurten, gutxienez badakizue daukazuen postuak balio dizuela halakorik ez egin behar izateko.
Oso desberdina da. Gainera, erabakia kanporaketen astean atera zen, eta azken ordura arte ez genekien jokatu beharko genituen edo ez. Ziurgabetasun eta antsietate puntu bat sortu zitzaigun horrekin. Aurten, lasaitasun handia ematen digu jakiteak seigarren postua lortuta Euskotren ligako ontzietako bat izango garela datorren denboraldian.
Trantze txar hori pasatzeak ere grina emango zizuen aurten kanporaketen postuak saihesteko.
Ez genuen egoera horretan egon nahi berriro, eta horrek indarra eman digu gure helburua argi izateko. Baina, gehienbat, lasaitasuna eman digu.
Asteburuan itsasoko bi estropada izango dituzue. Itsasoan konfiantza pixka bat falta zaizuela aipatu duzu, baina hori ere konpontzen ari zaretela. Nola ikusten dituzu Getxoko eta Lekeitioko estropadak?
Itsasoko estropadak pixka bat gehiago kostatu izan zaizkigu, baina hobetzen ari gara. Gogotsu gaude aste honetan zertan hobetu dugun erakusteko, eta beste traineruekin alderatuz nola gabiltzan jakiteko. Getxo eta Lekeitioko eremuak oso desberdinak dira: haizea nondik datorren, korronteak, olatua nola datorren... Eremu desberdinak dira, eta ea nola moldatzen garen haietako bakoitzean.