«Konfiantza dugu Ivanovicengan»

Kerejetaren iritziz, «entrenatzaileak asmatu egiten du batzuetan, eta besteetan ez, baina proiektuarekin identifikatuta dago erabat»Presidenteak azaldu du Splitterren ordezkariak esan ziola ez zuela etorri nahi

Josean Kerejeta Caja Laboral Baskoniako presidentea, artxiboko argazki batean. Sasoi hasierako balorazioa egin zuen atzo Kerejetak. RAUL BOGAJO / ARP.
Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaiaren aurka hartutako kolpearen ondoren, Caja Laboraleko arduradunen erreakzioa zein izango zen jakitea falta zen, eta Josean Kerejeta presidenteak hartu du hitza hainbat gai ahotan hartu, eta azalpen mamitsu eta argigarriak emateko. Gasteiz Irratiko bozgorailua erabili zuen horretarako. Baskoniaren denboraldi hasiera ez da on-ona izan, eta Dusko Ivanovicen ingurukoa izan zen lehen adierazpena: «Konfiantza osoa dugu Ivanovicengan. Batzuetan asmatu egiten du, beste batzuetan ez, baina denok bezala. Dusko proiektuarekin identifikatuta dago erabat, eta horrek balio handia du guretzat».

Hainbat jokalariren errendimenduarekin kritiko direla esan zuen Kerejetak, baina, jakina, ez zuen izenik eman nahi izan. Reggie Williamsen lesioa hiruzpalau asterako izan daitekeela jakinarazi zuen presidenteak, eta horrek kolokan jar dezake estatubatuarraren jarraipena Gasteizen. Kerejetak ez zuen hitzik esan horren inguruan, baina Williams da espero zen maila eman ez duen jokalarietako bat. Ordezko jokalariren baten bila ari direla baieztatu zuen Kerejetak, baina ez, ordea, hegalekoak Gasteizen jokatzen jarraituko duen edo ez.

Tiago Splitterrek Valentziarekin fitxatzeko hartutako erabakiak ere Kerejetaren hausnarketa eragin zuen, eta bere iritzia aho bizarrik gabe bota zuen: «Egin beharrekoa egin genuen. Jokalariaren asmoa zein zen jakin. Bere ordezkariarekin hitz egin genuen, eta argi eta garbi esan zigun Tiagok ez zuela Baskoniara etorri nahi. Jokalari batek horrelakoak esaten dituenean, egoera onartu beste erremediorik ez dauka taldeak. Gainera, guk ez dugu nahi taldean egon nahi ez duen jokalaririk».

Kerejetaren hitzetatik ondorio garbia atera daiteke: Splitterrek ez zuela berriro Ivanovicen agintepean jardun nahi. Sos kontuak bigarren mailakoak direlako arlo horretan bizitza konponduta daukan izar batentzat, eta Gasteizera sos kontuengatik ez bueltatzeak Baskoniako zaleek inoiz ahaztuko ez luketen erabakia litzatekeelako. Izan ere, Splitterrek hamar urte egin zituen Arabako hiriburuan. Gazte-gazte etorri zen, eta pertsona egin da, eta estimu handia du jendearengan. Oztopoa sosak baino Ivanovic izatea hobeto ulertuko da.

Baskonian jokatu duten beste jokalari batzuek antzeko jarrera erakutsiko balute tristetu eginen litzatekeela esan zuen Kerejetak, baina ez duela halakorik gertatzea espero: «Scolak, Nocionik eta Bennettek gurera etorri nahi ez dutela esatea gogorra litzateke, baina hala gertatu litekeenik burutik pasatu ere ez zait egiten».

'Lock-out'-a eta etorkizuna

NBAko lock-out-ak luze jotzen badu ere, zer gerta daitekeen hitz egin zuen Kerejetak, eta jokalari bat edo beste etor daitekeela baztertu zuen guztiz: «Milioi euro askoko kontratuak dituzten jokalariak dira denak, baita gurera etor litezkeenak, eta taldeak ez dauka haien soldata ordaintzeko modurik. NBAko greba zertan bukatzen den ikusi arte ez dugu ezer egingo». Egoera horren harira, Luis Scolak argi esan du ez dela Europara etorriko hilabete bat edo bi jokatzera eta ondoren NBAra bueltatu. Kasu horretan, nahiago duela bere aberrian —Argentinan— prestatzen jarraitu eta hango talderen batekin noizean behin jokatu. Beste kontu bat da zer gerta litekeen grebak denboraldi osoa bertan behera uzten badu. Mugimendu festa hasiko litzateke orduan, eta Baskonia iraganean noizbait taldean jokatu duten jokalariak fitxatzen saiatuko litzateke.

Maciej Lamperen ingurukoak ere izan zituen ahotan Baskoniako ugazabak. Gauzak ondo, urtarrila erdialderako jokatzeko moduan egon litekeela esan omen diote taldeko medikuek. Epe hori jakinda, pozik mintzatu zen Kerejeta, hasiera batean poloniarraren aldakako lesioak askoz larriagoa zirudielako eta adituek egindako lehen iragarpenek osatze epea zortzi hilabetekoa izan zitekeela esan zutelako. Lamperen itzulerak soberakinak eragingo lituzke saskipean, baina Top16a hasten den une berean bueltatuko litzateke kantxara, eta, gaur-gaurkoz taldeak alor horretan duen zuloa ikusita, lehenbailehen jokatzen hastea onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.