Konfiantza du lagunengan

Estu eta larri dabil Alaves, baina salbatuko den uste osoa du Manu Garciak. Arabarrak ataka zailagoetatik ere atera direla oroitu du kapitain ohiak. Sevilla hartuko dute gaur (21:00, LaLiga).

Edgar Mendez Getaferi sartutako gola ospatzen. FERNANDO ALVARADO / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Tarteka, lehen pertsona darabil Manu Garciak (Gasteiz, Araba, 1986) Alavesez hitz egitean. Normala da, bederatzi denboraldi osatu, eta 308 jokatu baitzituen elastiko zuri-urdinarekin, horietako asko kapitainaren besokoa jantzita. Betidanik izan du lotura Arabako taldearekin, zale gisa, eta taldekide ohiekin duen harremanak are indartsuago egiten du atxikipena. «Lankideak baino gehiago izan dira: lagunak dira». Horregatik, egun Zipreko ligan diharduen arren, gertutik ari da jarraitzen Alavesen ibili okerra. Jardunaldi asko daramate putzuan sartuta, baina adiskideek egoerari buelta emango dioten esperantza dauka kapitain ohiak.

Sinesten jarraitzen du, talde barrutik fedea igortzen baitiote. «Sufritzen ari dira, baina itxaropentsu daude. Nik beti bezala ikusten ditut: sintonia onean eta borrokarako gogoz. Erabateko konpromisoa dute, beti bezala. Batasun handia dago talde barruan eta klubaren inguruan, eta horrek beti ahalbidetu du salbazioa lortzea». Egutegiak ere bide eman diezaioke taldearen susperraldiari. «Nahiko samurra da bukaeran, eta Alavesek behin eta berriz erakutsi du oso ondo moldatzen dela amaiera estuetan. Bizirik iritsi behar du azken txanpara, kosta ahala kosta».

Alavesek 21 puntu eskas batu ditu orain arte. Lehen Mailara itzuli zenetik, inoiz ez du horren uzta makala lortu lehen 26 partidetan. Bere txarrean, lau puntura dauzka salbazioa lortzeko postuak. Ez da Arabako taldeak azken urteetan izan duen egoerarik kritikoena. «Orain dela bi denboraldi, oso larri iritsi ginen bukaerara: azken lau partidetatik bi irabazi behar genituen. Aurkariak Real Madril, Getafe, Betis eta Bartzelona ziren, eta bi aste eskasean jokatu behar genuen haien kontra. Bestelakoa da oraingo egoera, oraindik jardunaldi dezente gelditzen delako. Garaiz daude bide onera itzultzeko».

Sasoiari okerreko hankarekin ekin zioten, eta mentalki «zama handia» pilatu dutela iruditzen zaio erdilari gasteiztarrari. «Sasoi hasieran, kosta egin zitzaien oztopoak gainditzea. Gero, bolada bikaina izan zuten. Talde sendoa ikusi genuen orduan. Gero zalantzak itzuli ziren, eta inertzia horretatik atera nahian dabiltza». Javier Callejaren agindupean hasi zuten sasoia, baina teknikari espainiarra kargugabetua izan zen 18. jardunaldiaren ostean. Erabaki zuzena izan al zen? «Beti bezala, emaitzek baldintzatu zuten proiektu hori. Ez zen egonkortasunik lortu. Erabakiak beti hobe beharrez hartzen dira, eta lehen eskuko informazioarekin. Entrenatzaile aldaketak futbolaren parte dira, eta guri baliagarriak izan zaizkigu».

Orain, Jose Luis Mendilibarren esku dago taldearen lema. Hark gorenean duen eskarmentua goratu du Manu Garciak. «Lehen Mailan partida gehien zuzendu duen entrenatzaileetako bat da, eta Euskal Herriko futbolaren barrunbeak inor gutxik bezala ezagutzen ditu. Nahikoa eta sobera gaitasun du Alaves dagoen egoeratik ateratzeko». Callejaren bestelako jokamoldea ezarri nahian dabil teknikari zaldibartarra. Estiloz brastakoan aldatzea ez al da kaltegarria jokalarientzat? «Callejak berak haustura ekarri zuen iaz, jabetzari garrantzi handiagoa ematen baitzion. Eta salbatu egin ginen. Estiloak baino gehiago, oreka aurkitzeak inporta du gehien. Sendoa izan behar duzu, baina erasoan ezin zaitezke besoak gurutzatuta gelditu. Alavesek garaipenak behar ditu, eta, horretarako, golak sartu behar dira, ez dago beste modurik».

Dagoen egoeran egonik, taldeari primeran etorriko litzaioke Manu Garcia bezalako lider bat edukitzea. Haatik, gasteiztarrak ez du uste alde horretatik hutsunerik dagoenik. «Besokoa esku onetan utzi nuen: Laguardiak eta Pachecok sobera dakite nolakoa den kluba, eta zein den xedeak lortzeko formula. Beste jokalari batzuek ere urte dezente daramate taldean, eta denek lan kultura eta etika oso ona dute. Konfiantza itsua dut talde horretan». Garbi dauka zer den taldekide ohiek gehien behar dutena. «Erregulartasuna da gakoa: hots, emaitza onak lotuz seguruago sentitzea eta aritzea. Orain, hortzak estutzeko garaia da. Putzuan zaudenean, denak oso zaila dirudi, baina gauzak oso bestela ikusten dira emaitza onak lortu ahala».

Distantzia hartzeko beharra

Sasoi honetan, Zipreko Aris Limassolen dihardu Manu Garciak. Ongi etorri omen zaio Gasteiztik urruntzea. «Azken bi denboraldiak gogorrak izan ziren. Asko sufritu genuen. Nik jarraitzeko intentzioa nuen, baina klubak kontrako erabakia hartu zuen. Hori horrela, eskertu egin dut distantzia apur bat hartzea». Halere, Alavesen partida guztiak ikusten ahalegintzen da. «Nire neurketekin kointziditu izan dutenak galdu ditut bakarrik».

Gustura bizi da Zipren. «Kulturalki oso ezberdina da, baina egokitu gara jada. Jendea adeitsua da, toki ederrak daude, eta klima atsegina da». Kirol arloan ere, gozatzen ari da. Liga irabazteko kanporaketetan sartu da Aris Limassol. Gutxienez, Europarako sailkatu nahiko luke gasteiztarrak. «Inoiz ez dut Europa mailako txapelketarik jokatu, eta ederra litzateke aukera edukitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.