Bahrain taldeko txirrindularia

Pello Bilbao: «Konfiantza daukat Tourrean iazkoen pareko emaitzak lortzeko»

Urteko proba nagusira aldarte onean iritsiko da Bilbao, Eslovenian etapa bat irabazi ostean. Asmo handiak izango ditu sailkapen nagusian, betiere oinak lurrean izanik. «Podiumean pentsatzea gehiegi da». Aurrenik, lehen asteko galbahea gainditu nahi du.

Pello Bilbao, Esloveniako Itzuliko etapa garaipena ospatzen. BETTINI PHOTO
Pello Bilbao, Esloveniako Itzuliko etapa garaipena ospatzen. BETTINI PHOTO
enaut agirrebengoa
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Konfiantza hitza behin baino gehiagotan aipatu du Pello Bilbaok (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990). Ez falta duelako, kontrakoagatik baizik: denboraldi txukuna osatu du orain arte, Esloveniako Itzulian bikain aritu da aurrez gaixo ibili arren, eta nabarmentzeko asmoz joango da Frantziako Tourrera. Lehenago, erlojupeko proba jokatuko du Espainiako Txapelketan; Tourrearen ostean, berriz, Munduko Txapelketan aritzea gustatuko litzaioke.

Bi hilabete zeneramatzan lehiatu gabe, baina bikain aritu zara Eslovenian: denboraldiko lehen garaipena lortu duzu, eta bigarren gelditu zara sailkapen nagusian.

Garaipenarekin oso pozik nago. Ginoren [Maeder] heriotzaren urteurrena zen igandean, eta garaipena eskaini nahi nion. Larunbatekoa etapa aproposa zen niretzat, eta helburua bete nuen. Horrez gain, irabazi izanak konfiantza emango dit Tourrerako. Denboraldian gutxienez garaipen bat lortzen duzunean, arindua hartzen duzu. Ikusita joan den astean gaixo ibili nintzela, aldez aurretik sinatuko nukeen etapa bat irabazi eta podiumera igotzea.

Dauphine eta Suitzako Itzulia dira Tourra prestatzeko lasterketarik ohikoenak. Zuk, ordea, Esloveniakoa hautatu duzu, gaixo ibili eta gero. Nolako lasterketa da?

Izatez, Suitzara joan nahi nuen, Ginoren heriotzaren ostean zirkulua ixteko. Gaixo ibili naizenez, ordea, gorputza ez nuen gehiegi behartu nahi, eta Esloveniako Itzulia lasterketa errazagoa da. Proba garrantzitsua da guretzat, Bahrainen esloveniar asko baitabiltza. Ez da Dauphine eta Suitzako Itzulia bezain ezaguna, baina alternatiba ona da prestaketa lasaiago bat egiteko, hainbesteko estresik gabe. Mendate luze gutxiago dago, eta erritmo aldaketa gehiago. Ondo etorri zait.

Bahrain taldea ez dabil azken urteetan bezain distiratsu, baina berriki hiru garaipen lortu dituzue jarraian. Hots, suspertuta iritsiko zarete Tourrera.

Egia da aurten ez garela hainbeste nabarmendu. Aurreko denboraldietan, irabazteko borrokan egon gara klasikorik handienetan. Presentzia handiagoa izan dugu lasterketetan. Aurten, berriz, klasikoak ez zaizkigu horren ongi atera. Hori bai, Giroan lan txukuna egin dugu [nagusian bosgarren sailkatu zen Antonio Tiberi]. Tourra urteko lasterketa nagusia da, beste talde askorentzat bezala, eta denboraldi osoa konpon daiteke han.

Zu txukun aritu zara bai itzulietan eta bai klasikoetan: emaitzak onak izan dira. Eta sentipenak?

Pozik nago izan dudan maila fisikoarekin. Emaitzak are hobeak izan zitezkeen; uste dut ez dudala guztiz aprobetxatu lasterketetan izan dudan sasoia. Eslovenian bai, gai izan naiz errematatzeko, eta garaipen horri jarraipena eman nahi diot Tourrean. Iazkoaren antzeko Tourra egiten saiatuko naiz. Taldeak asko sinesten du nigan, eta erantzukizunak ez nau estutzen.

Seigarren bukatu zenuen iazko Tourra, eta etapa bat patrikaratu. Konforme zinateke berriz halako emaitzak lortuta?

Bai, noski; etapa bat irabazte hutsarekin gustura itzuliko nintzateke. Konturatzen naiz bi helburuak bateratzea oso zaila dela. Iaz posible izan zen, dena nahieran atera zitzaidalako eta baldintza guztiak bete zirelako. Hala ere, iazko mailan jarraitzen dudala ikusi dut denboraldi honetan, eta bolada oso onak eduki ditut. Hortaz, konfiantza daukat iazkoen pareko emaitzak lortzeko.  

«Beldur handiagoa diot lehen asteari hirugarrenari baino. Haziz joaten naiz itzuli handietan, eta azken astean beti ondo sumatu izan dut neure burua»

Esan duzu zaila dela aldi berean sailkapen nagusiari eta etapa garaipenei begiratzea. Bi helburuetako zeini erreparatuko diozu gehiago?

Hasieran, behinik behin, sailkapen nagusian jarriko dut arreta. Lehen astean nola nagoen ikusi, eta orduan erabakiko dut zerk merezi duen gehiago. Sailkapen nagusian ondo kokatuta banago, horri emango diot lehentasuna. Bestela, arrisku handiagoak hartuko ditut, etaparen bat irabazteko helburuarekin.

Ondorioak ateratzeko moduko hasiera izango du Tourrak: etapa menditsu batekin hasiko da, Florentzian, eta Alpeetan ariko zarete laugarren etapan. Hala moduz iristen denak ordaindu egingo du.

Hala da: behartuta gaude Tourrera indar betean iristera. Ez da aukerarik egongo erritmoa hartuz joateko. Lehen astean, mendiko etapez gain, erlojupeko bat eta sterrato-en etapa izango dugu. Hori ikuskatu dugu jada; lasterketako egunik garrantzitsuenetako bat izan daiteke. Faborito batzuek sailkapenean dituzten aukera guztiak gal ditzakete, eta denok ibiliko gara urduri.

Mendi aldetik, hirugarren astea izango da gogorrena, eta, berezitasun gisa, erlojupeko gogor batekin bukatuko da. Bukaera zenbat eta zailagoa izan, orduan eta hobe zuretzat, ezta?

Beldur handiagoa diot lehen asteari hirugarrenari baino. Haziz joaten naiz itzuli handietan, eta azken astean beti ondo sumatu izan dut neure burua. Prestaketan izandako arazoen ostean, lehen etapetan denborarik ez galtzea da aurreneko helburua. Hori libratu ezkero, konfiantza handia daukat erlojupekoetan lan ona egiteko, eta ez dut uste hirugarren astea gogorra izateak kalte egingo didanik.

Irabazteko hautagaiei dagokienez, ematen du Tadej Pogacar beste guztien gainetik dagoela. Zuk zer deritzozu?

Bai, uste dut Tadejek inoiz ez bezalako aukera daukala maillot horia irabazteko. Azken urteetan, Vingegaard ezin izan du menderatu, urte osoan ziklista osoagoa izan arren. Tourra hobe egokitzen da Vingegaarden ezaugarrietara. Baina aurten, ziurrenik, ez da sasoi betean iritsiko. Hala ere, hura da Pogacarri aurre egin diezaiokeen bakarra. Bai Roglic eta bai Evenepoel bigarren mailan ikusten ditut, dezenteko distantziara, gainera.

«Vingegaard da Pogacarri aurre egin diezaiokeen bakarra. Bai Roglic eta bai Evenepoel bigarren mailan ikusten ditut, dezenteko distantziara, gainera»

Bigarren mailan zeundeke zu ere, edo beherago?

Bigarren koska horretan, podiumerako aukera sendoak dituztenak sartuko nituzke. Bai Roglic, bai Evenepoel, baita Adam Yates ere. Gainontzeko guztiak hirugarren mailan egongo ginateke. Baina beti izaten da aukera hurrengo koskara salto egiteko. Faborito asko egoteak kontrolik eza dakar, eta urrutitik mugi zaitezke. Niri modu horretan lehiatzea gustatzen zait: ea ezustekoren bat emateko gai naizen. Hala ere, podiumean pentsatzea gehiegi da. Halakorik gertatuko balitz, jokaldi bereziren bat eginda gertatuko litzateke.

Euskal herritarren artean, beteranoek jarraitzen duzue aurrean tiraka. Errelebo falta nabaritzen duzu?

Gure belaunaldiak urteak daramatza euskal ziklismoari presentzia ematen, baina atzetik hutsune bat dagoela nabaritzen dut. Hala ere, gazte batzuk oso ondo dabiltza: adibidez, Oier Lazkano. Beste batzuk agian oraindik ez ditugu ikusten World Tourrean garaipenen lehian, baina ziurrenik inork ez zuen espero gu horren urrun iristea. Denbora eman behar zaie gazteei. Pazientzia izan behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.